Atxikimenduak ez du derrigor erabilerarako bulkada bermatzen. Nola esplika bestela mende batez, edo hiru-lau belaunaldiz, euskararen erabileraren gainbehera, ehuneko ia ehunetik %10ez petik jaustea gaur egunerako —iparralde osoa arnasgune eremuan kokatzen omen zen duela 100 urte, hegoaldeko kostalde osoa bezala—? Gainera, ikusten dugunez, euskarari buruzko atxikimendua goratzen ari da euskararen erabilera apaltzen den denbora berean.
What the fuck?! Ez bide gara konplexu ttipia garraiatzen ari bizkar gainean!
Azken aste eskasetan, prentsa idatzian eta irratian elkarri oihartzunka ari izan diren hiruzpalau ele entzun dira. Ditugun kontradikzioen sintoma argiak dira, eta gibelka joatera bultzatzen gaituen koka-ezintasunaren seinale.
Batek jali du elkarrizketa baten karietara erranaldi hau, irratiez mintzo zela: «Frantsesari ematen zaion minutu bakoitza euskarari kentzen zaio». Logikoa da eta ulertzen da, hizkuntza ez-hegemonikoen kasuan nolaz ez!
Ateraldi horri aitzin, handik fite jali bi iruzkinek atentzioa piztu didate. Biek goraipatzen dute euskaran zentratzeaz kanpo, multikulturalismoak egiten digun ekarpen baliosa. Alegia, euskaraz kanpoko ekarpenak baditugu beharrik, hor dira beste kultura eta hizkuntz zapalduak, edo inperioak «munduko kultura» bezala deitzen dituen herri kolonizatuen mohikanotasuna ziliportatzen diguten doinu eta portaera kulturalak.
Ideia horren harira, euskaraz den minutu soberak kanpoko aberastasunaren huts egiteko arriskuan ezartzen ahal gintuzke. Ez zaigu burura jiten euskaratik har genitzakeela delako ekarpenak? Ez dugu ikusten frantsesetik zaizkigula heltzen aberastasun horiek? Bide horretarik jiteak ez dizkigu ber durduzak sortzen dirudienez... Frantsesaren aldeko politikak multikulturalismoaren aldekoak dira, bistan da, baina dena egina da frantsesaren erabilera orokorra segurtatzeko.
Beste ideia komun batek dio kontuan hartu behar direla batzuek ez dakitela euskaraz: «arrazoi desberdinengatik gainera, hizkuntza transmisioa galdu izan da»... eta hori dela medio normala da euskal kultura hizkuntz erabileratik kanpo pentsatzea.
Populazio ia oso batek 100 urtean jakitetik ez jakitera egin duen jauzia zerk eragin duen aipatu gabe egon daitekea? Ez ote da politika baten eta programazio jarraiki eta fermu baten ondorio, konstantziaz obratua bai helburuetan bai eta baliabideetan, edozein dela estatuaren politiko eta ekonomiko egoera.
Hizkuntza baten —noski euskararen— erabileraren suspertzea ere helburuetan eta baliabideetan konstante izan behar den politika baten premian da, eta politika horren funtsa erabileran finkatzen da. Erabileraren bidezko atxikimendua sortzeko.
Berriz jiteko gure eskizofreniara, arazoak ditugu onartzeko euskarak ere, frantsesak bezala, eskubide dituen bi zutabe obratzea hartze dituela: unibertsalaren parte izatea eta salbuespen linguistiko eta kulturala aplikatzea une oro eta luzaroan.
Frantziaren roman national delakoak hirugarren zutabe bat badu: misio «zibilizatzailea», kolonialismoaren aberekeriaren justifikatzeko balio duena oraino. Azken honen kontra gara biszeralki euskaltzaleok, eta nolaz ez, izpiritu irekia dugunok.
Hipotesi bat formula dezagun: mamu horrek gure alde humanoenean pizten duen kulpabilitateak ote gaitu berarekin batera lehen bi zutabeen eskubidearen aihergoan ezartzen, erabileraren unibertsalizazioa aipatzen den ia aldi oro? Norbaitek euskararen erabilerari lehentasuna ematea galdetzen duenean, gure baitako frantses txintxoa dea deseroso sentitzen?
Nola esplika bestela hainbeste atxikimenduk erabilera izorratu ahal izatea!