Musika

Ereinez elkartea sortu dute, musika eskubideen kudeaketa «eraikitzailea» sustatzeko

Urruñako Xaia ostatuan aurkeztu dute elkartea. Hainbat musikari, elkarte eta artista batu dira tokiko musikaren inguruko egile eskubideak «hobeki» identifikatzeko, ulertzeko eta baloratzeko.

Ereinez elkartearen aurkezpena, Xaia ostatuan. GUILLAUME FAUVEAU
Ereinez elkartearen aurkezpena, Xaia ostatuan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Urruña
2026ko martxoaren 31
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

1969an, Piarres Larzabalek Herria aldizkarian karrikaratu zuen Ipar Euskal Herriko antzerki egileen inguruko egile eskubideen inguruko kezka. «Droit d’auteur batasunak Matalaz antzerkiarendako 880 franko kendu zizkigun. Protesta egin nuen erranez ez zela zuzen obra egileen batasuna diru horren jabe egin zedin, obra egilea ez delarik batasun horren kide. Ihardespena ukan nuen derrigorrez pagatu behar nuela». Artikulu horren zati bat irakurriz hasi du prentsaurrekoa Pantxix Bidart musikagileak, ondoan hainbat artista eta elkartekide zituela, Xaia ostatuan.

Kontatu duenez, 1969tik musikarien eta artisten egile eskubideen egoera ez da «hainbertze» aldatu Ipar Euskal Herrian. Horren erakusle da Urruñako (Lapurdi) Xaia ostatuko jabe eta musikari Beñat Elizondok bizi izanikoa. Bidarten ondotik hartu du hitza, haserre. Erran du SACEM Frantziako Musikagileen eta Editoreen Elkargoak 9.300 euro pagatzera «kondenatu» duela, Xaia ostatuan hedatu musiken egile eskubideei dagokion zama ez pagatzeagatik. Fermuki adierazi du SACEMi ez diola dirurik eman nahi, eskubideak babesteko sistema ez delako «batere» gardena. Xaia auzitan emana izan zen, baina Frantziako Estatuaren «konplizitatearekin» kontuak «hustu» dizkiotela salatu du Elizondok. «Urtarrilaren 14an abisatu zidaten dirua hartuko zutela. Ez dute dena hartu, baina gaineratekoa hartuko dute, segur da. Horra zertan den egoera».

Musikagileak pagatzeko arazorik ez duela erantsi du. «Arazoa» da SACEMek ez duela behar bezala eta «gardenki» banatzen lortu diru «ikaragarria». «Angeluko SACEMek 11.600.000 euro lortzen ditu urtero. Galdegiten diegularik nola banatzen duten diru hori, ez dugu sekula erantzunik ukaiten. Kondenatuak gara diru zama ikaragarriak pagatzera, jakin gabe nora doan diru hori. Arazo horrek batu gaitu egun».

«Kondenatuak gara diru zama ikaragarriak pagatzera jakin gabe nora doan diru hori. Arazo horrek batu gaitu egun»

BEÑAT ELIZONDO Musikaria eta Xaia ostatuko jabea

Bidartek segurtatu du Xaiak ez ezik bertze hainbat elkartek eta artistak ere arazo bera dutela, eta horren aitzinean «kolektiboki» erantzuteko eta proposamenak eraikitzeko elkartea sortu dute. «Guri hainbat galdera sortzen zaizkigu. Nola banatzen du SACEMek biltzen duen diru guzia? Zein dira banaketaren irizpideak? Angelun biltzen diren 11.000.000 euroen artean zenbat doaz euskal musikarientzat?».

Egile eskubideen sistemaren kudeaketa «zaintzeko» eta artistak «batzeko» garaia dela aldarrikatu du. Ereinez Xaia ostatuari adierazi «elkartasunetik harat» doan kolektibo bat da haren ustez, eta sortzaileen eskubide propioen kudeaketarako «talde lana» eginen dutela zehaztu du. Lan horien artean, tokiko musika erabileraren datuak «hobeki» biltzen lagundu nahi dute, eta elkarrizketa «egonkorra» eraiki nahi dute musika sektoreko egiturekin.

Bertzalde, Bidartek argi du sortzaileen eskubideez aritzeko tenorean Euskal Herritik eraiki lanak emanen diola erantzuna arazoari. «Lan ikaragarria da, baina jadanik hasiak gara egitura batzuekin mintzatzen. Lanartea, Ekki eta Musika Bulegoa bezalakoekin harremanetan izateko asmoa dugu, ahalik eta jende gehienak lagun gaitzan egile eskubideen afera honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA