Lizeoan filosofia konprenitzen hasi nintzen, Descartesen «pentsatzen dut; beraz, banaiz» oinarria harrapatzen hasi nintzelarik. Zer diozue gehitzen bagenu «banaiz, erosten dudana»? Formulazioa pixka bat kakola da, bai, naizelako Arantxa iritzi emaile Hitza-n, baina aparentziarik ere, pentsalari fina. Uste dut gure pentsaerak eta hitzek baino gure ekintzek gaituztela definitzen. Eta hau ere ez dut nik asmatu.
Gure sakelan dugun diruarekin, ezinbestekoa pagatua dugularik, gelditzen den sosa hautatzen ahal dugu nori eman. Liburuaren adibidea hartzeko: «FNACera joan behar dut nire alabarentzat eskolako liburua erostera», zure etxe ondoko liburu dendan manatu eta erosten ahal duzularik. Eta bistan dena aipatzen ahal genuke Amazonen erostearen hautua. Errazki ahazten da zer kondizio negargarrietan ari diren bertako langileak. Zure sosa Jeff Bezos ultradirudunari eman nahi diozu? Eta berdin, Bollore taldearen pean diren liburuak saihesten ahal dira. Edo berantean baldin bazara eguberrietako oparientzat, ez erosi Smartbox kutxa praktiko hori; Pierre-Edouard Sterin eskuin muturreko miliardunaren proiektu politikoak diruztatuko dituzu... Demagun, azaroan Biarritzen Canon Françaisek antolatu nahi duen «Banquet Basque» hori, ideologia baztertzailea loratu dadin, besta giroan, goxoan. Jantziak erostean, janaria erostean, beti botere ttipi bat dugu. Palestinarrek Carrefour boikotatzea eskatzen digutelarik, zergatik segitu bertan Sodebo marka bezalako plastikozko entsaladak erosten? Ez duzu lekuko laborariari dirua ematea nahiago, auzo herriko barazkiekin kozinatzeko?
Ez, dena ezin da, baina egunerokoan bataren ala bestearen arteko hautua egiten ahal dugula iruditzen zait anitzetan. Errealitatetik gero eta deskonektatuago egoteko ohitura dugun garai hauetan, aisetasunez ere ari gara tarteka, ohiturak aldatzeko alferkeriaz. Hitzetatik ekintzetara, bainaiz, erosten dudana.