Errigora proiektua Nafarroa hegoaldean eta erdialdean kokatua da, historian linguistikoki «diskriminatua» izan den eremu batean. 2013an sortu zen iniziatiba, eta zera du helburu: auzolanaren bidez bertako produktuak Euskal Herri osoan saltzea, eta banatutakoari esker bertako euskarari eta euskalgintzari, baita lehen sektoreari ere «bultzada» bat ematea. Adriana Urmeneta Errigorako langile taldekoak azaldu du sare oso handia direla, eta haien tresna nagusia auzolana dela, haien bi helburuak lantzeko: euskara eta elikadura burujabetza. Gaur egun, bostehun bat banaketa puntu dituzte Euskal Herrian gaindi. Aurtengo udazkeneko kanpaina iragan astean aurkeztu zuten, eta ezohiko berria eman dute: Sustraitik espaziora dokumentala estreinatu dutela, Errigoraren ibilbidea erakusteko. Lehen proiekzioa Lazkaon egin dute, baina Ipar Euskal Herrian ikusgai izanen da, oraingoz finkatuak izan diren hiru lekutan: Bernat Etxepare lizeoan, bertako ikasleentzat; Donapaleun, azaroaren 5ean, Auditoriumean; eta Urruñan, Berttoli elkartean, azaroaren 6an.
Hamahiru urteko bidea du jadaneko proiektuak. Urmenetak esplikatu duenez, egitasmoa abiatu zutelarik, uste baino hobeto funtzionatu zuela ikusiz, sortzaileak serioski jarri ziren, eta profesionalizatuz joan. «Urteak joan ahala, Errigora handituz joan da: hasieran, udazkeneko kanpaina baizik ez zen, eta kutxa bakarra zen; egun bi badira, udaberriko eta udazkeneko kanpaina, eta hiru kutxa dira aukeran. Pixkanaka eskaintza handitzen hasi ginen, baita lantaldea ere. Lantaldean sartzen dira bai eguneroko langileak, bai ekoizleak». Hastapenean bizpahiru ekoizlek hartzen zuten parte, eta gaur egun 23k; hastapenean bi soldatapeko langile baziren, eta gaur egun sei bat dira. «Nahiz kopuruan eta garrantzian handitzen ari den Errigora, balioak eta erronkak lehengo berak dira, horiek ez ditugu aldatu: euskara eta euskararen ofizialtasuna, lehen sektorea, bertako ekoizle eta produktuak... Ez dugu ahaztu nondik eta zertarako ari garen».
Nafarroa hegoaldeak eta Errigora proiektuak Ipar Euskal Herriari oihartzun egin diote, bereziki bi aspektutan: euskararen egoera eta laborantzarekin baden harremana; izan ere, bi eremuek «antzeko arazoak pairatzen» dituzte, Urmenetaren hitzetan. «Ipar Euskal Herrian kontzientzia handia dago elikaduraren eta lehen sektorearen inguruan. Bestalde, lotura handia bada bertako kontsumitzaileekin». Errigora proiektu nazionala izanki, boluntario eta laguntzaile anitz heldu zaizkie Iparraldetik, eta uste du bi lurraldeetan jasaten dituzten zapalkuntzek eta trabek sinergia sortzen dutela, eta bata bestarekin osatzen direla. «Bi lurraldeek gauza batzuk komunean dituzte, eta hor nazio ikuspegia ikusten dugu, eta elkartasuna leku guztietatik helarazten dute», adierazi du Urmenetak.
Ibilbidea barnetik ikusgai
Langilearen ustez, dokumental horrek «asko lurreratzen» du proiektu nazionala, eta aukera ematen du Errigora barnetik ikusteko, eta, zehazki, udazkeneko kanpaina barnetik ezagutzeko: proiektuaren ekarpena nola bideratzen den azaltzen da, eta guztia nora doan «materializatzen» da. «Zaila da hori guztia irudikatzen, uste baitut kanpaina honetan bihotz handia badagoela, sentimendu handia, eta oso zaila da hori digitalki edo pantailan erakustea. Beraz, saiatu gara erakusten zer dagoen hor, zer energiaz osatua den Errigora, eta elkartasun horrek benetan nolako garrantzia duen». Obran hainbat ikuspuntu ageri dira: ekoizleen ikuspuntua, ikastola baten ikuspuntua, zona horretako ama baten ikuspuntua; langile edo boluntarioen ikuspuntutik josia izan da kontakizuna. «Erpin» guztietatik landua izan da, haien errealitatea «osoki ezagutarazteko».
«Nahi genuen gure dokumentala ia-ia utopikoa izatea, uste baitugu euskarak ausart behar gaituela, eta ez dela bakarrik bizirik irautea, baizik eta amestea eta euskara nahi dugun tokiraino eramatea»
ADRIANA URMENETA Errigorako langilea
Dokumentala gonbidapen gisako bat dela azaldu du lantaldeko langileak, jendeak amets egin dezan. «Sustraitik espaziora» titularrak hainbat alde kontatzen ditu: «Lur batek hizkuntza bat behar du, baina hizkuntza batek lurra behar du. Nahi genuen gure dokumentala ia-ia utopikoa izatea, uste baitugu euskarak ausart behar gaituela, eta ez dela bakarrik bizirik irautea, baizik eta amestea eta euskara nahi dugun tokiraino eramatea». Azaldu du utopiaren «apologia» egin nahi dutela, Nafarroako eremu horretan orain dela hainbat urte pentsaezinak ziren gauza batzuk betetzen lortu baitute, Errigora bezalako proiektuei esker, adibidez. «Orduan, eman dezagun beste pauso bat, amestu dezagun, izan gaitezen ausartak, eta bihur dezagun utopia hori egia». Horregatik, lurretik zerura irudia baliatu dute.