Etxe beretik hiru bizilekuren sortzea. Hori da Etxalde sozietate kooperatiboak aurkeztu duen Goxoki proiektu berriaren xede nagusia. Hazparneko Labiri auzoko zapata lantegi zaharra hirutan zatitzeko obrak pentsatu dituzte, eta eremu partekatuak atxiki. Proiektuak izaera kolektiboa atxiki nahi du: etxebizitzaren ikuspegi orokorretik atera eta bizitzeko modu berri bat zabaldu nahi du; baratzea, garajea eta garbigela bezalako lekuak osoki partekatuko dituzte etxeko biztanle guzien artean.
Maialen, Aurelie, Eric eta Pantxika izanen dira biztanle berriak, eta haien istorioa «xantza handikoa» dela erran dute. «Lagunen lagunen» bidez ezagutu zuten elkar; aseak ziren alokatzaile izateaz, baina ez zuten erosteko baliabiderik edo gogo berezirik. Hastapenean beren etxebizitza kooperatiba sortzea pentsatu bazuten ere, Etxalderengana jotzea erabaki zuten azkenean, haien ezagutzaz eta ikusgaitasunaz baliatzeko. Aurelie, adibidez, Etxaldek Bokalen eraman zuen beste proiektu batean engaiatu zen, eta iniziatibak konbentzitu zuen.
«Ez gara ez etxetiar, ez jabe izanen; baina tokia guhaurek erabiliko eta kudeatuko dugu: obretatik hasi eta eguneroko biziaren antolaketaraino»
Eric, Goxoki bizitoki kolektiboko biztanlea
Horrelako bizitegi kolektibo baten eskuratzeko prozesua eta ondoko funtzionamendua aski bereziak dira. Etxaldek jabetza hutsa atxikiko du: etxea erosiko du, eta, ondotik, lur eremuaren eta murruen jabe izanen da. Biztanleek, berriz, bertan bizitzeko gozamen eskubidea erosiko diote Etxalderi. Antolaketa horrek aukera ematen die biztanleei alokairurik ordaindu gabe bertan bizitzeko, eta, aldi berean, etxea behin betiko merkatutik ateratzen da, eta espekulazio oro baztertu.
Etxearen eskuratzeko muntaketa ekonomikoa zehaztu du Ericek, Etxalderen leloa berriz hartuz: «Ez gara ez etxetiar, ez jabe izanen; baina tokia guhaurek erabiliko eta kudeatuko dugu, obretatik hasi eta eguneroko biziaren antolaketaraino. Bakoitzak gure dirua jarriko dugu, partzuer kontu korronte baten moldean, ondasunaren zati baten diruztatzeko. Horrez gain, hilabetero ordainsari bat ordainduko diogu Etxalderi, etxea erosteko eta obrak egiteko bankuari galdegin dion mailegua itzultzeko».
Transmisio eredu berria
Etxalderekin elkarlanean arituz, biztanle berriek etxebizitza pentsatzeko forma berri bat bultzatu nahi dute. Eremu komunek harreman soziala izateko parada eskainiko dute, eta bakoitzak bere xoko pertsonala izanen du. Bizilagunak lekuaren kudeaketaz, apainketaz eta antolaketa osoaz arduratuko dira, beraz. Beñat Etxebest Etxaldeko lehendakariak azpimarratu du autonomia horrek kooperatibaren lana errazten duela. «Lehen aldiz, Etxalderen prentsaurreko batean biztanleak baizik ez dira mintzatu. Proiektuaren erdigunean dira, bereziki Goxokiren kasuan, obren pentsaketan osoki integratu direlako», adierazi du. Lekuaz jabetzea jabe izan gabe, hots.
Lau hazpandarrek esplikatu dute bizitegi horren eskuratzea ez dutela inbertsio gisa ulertzen, bertan ezarriko duten dirua ez baitute osoki errekuperatuko. Etorkizuna dute gogoan, ez baitute nahi ondasuna berriz merkatu espekulatiboan sar dadin. Izan ere, gaur egun Goxoki etxeak gutxi gorabehera 600.000 euro balio ditu, beharko dituen arraberritze obrak kontuan hartuta. Biztanleek inbertitutako dirua ez errekuperatzea hautatu dute; ondorioz, «25 urteren buruan eta betirako» 450.000 eurotan eskualdatu ahalko da ondasuna. Hala ere, biztanleek beren partea nahi duten pertsonari transmititzen ahalko diote hiltzen direnean.
Ondasun kolektibo eredu honek oinordekotzarako abantailak ditu: oinordekoek tasa apalagoarekin eskuratzen ahalko dute transmititua izan zaien partea. Halako parioa egiten dute lau hazpandarrek: luzera begira, mailegua pagatu ondotik haien ondoko belaunaldiari inbertsio berria proposatzen ahalko diete. Haiek 25 urtez mailegua pagatu ondotik, biztanleek bertan bizitzen segitzen ahalko dute alokairu apal baten truke, edo gozamena erosten ahalko dute. Bizitzeko eskubide hori dute transmititzen ahalko.
Horrez gain, etxebizitza modelo horrek elkartasuna oinarritzat jotzen du. Banketxe konbentzionalei ahalik eta mailegu ttipiena eskatzea nahi dute biztanleek eta Etxaldek. Horregatik, aurrezki solidarioa proposatu nahi dute, eta Goxokiko proiektuan inbertitzea proposatu publiko zabalari. Dirua maileguan uzteko, interesekin edo interesik gabe egitea proposatu dute: nahi izanez gero, bakoitzaren ekarpena Livret A aurrezki kontuko %0,5 tasaren arabera ordainduko da; edo, bestela, interesik gabe baina zergak arintzeko aukerarekin. Proiektuaren sostengatzeko, Etxalde kooperatiban parte sozial bat hartu behar da. Lau biztanleek diruaren prestatzea gardentasunez egitea aldarrikatu dute: «Banketxeetan inbertitzen dugun dirua ez dakigu zein proiekturen diruztatzeko erabilia den. Proiektu honetan etxebizitza pentsatzeko eredu solidario eta kolektibo berri bat bultzatzen da». Proiektuaren sostengatzeko, diru bilketa bat abiatu dute, eta 100.000 eurora heltzea espero dute.