Edorta Aranak (Arrasate, Gipuzkoa, 1960), urteak eta urteak ikerketan eman baditu ere, ez du galdu ezagutzaren jakin-mina. Aitzina so jarraitzen du, Ikusiker ikerketa taldearekin etorkizuneko belaunaldiei interesatzen segitzen duen bezala. Ipar Euskal Herrian dabil orain duela lau urte, hiru probintzietako ikastetxeetan gazteen ikus-entzunezko ohitura berrien ikertzen. Testuinguru globalizatua dela eta, segurtatu du Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean ez dela ezberdintasun anitz, «Whatsapp eta Snapchat aplikazioen arteko kontsumo bereizketa bat» agertzen bada ere.
Zer da Ikusiker ikerketa taldea?
Ikusiker behategi bat da, helburua duena neurtzea nola kontsumitzen dituzten Euskal Herri osoan gazteek ikus-entzunezkoak eta nola erabiltzen dituzten IKTak [informazio eta komunikazioen teknologiak]. Horren barnean sartzen ditugu sare sozialak, streaming plataformak, bideojokoak eta abar... Online mugitzen den guziaren inguruan ari gara. Jakin nahi dugu gaur egungo komunikazioa nola gertatzen den eta nola erabiltzen duten gazteek. Interesatzen zaigu, era berean, neurtzea zer leku hartzen duen euskarak mundu digitalean. Guztietan galdetzen diegu: «Euskarak zer leku du zure komunikabidean, menuan?».
Nola egiten duzue ikerketa zehazki?
Ikerketa kuantitatiboa da. 2018-2019ko ikasturtean abiatu genuen Hego Euskal Herrian, baina Ipar Euskal Herrian duela lau ikasturte baizik ez gara hasi. Adinaren aldetik, 11 eta 23 urte bitarteko gazteak ikertzen ditugu; Iparraldean salbu, non 18 urtetan gelditzen garen: bosgarren mailatik terminala bitarteko horretan, ikasleak lanera edo unibertsitatera joan arte. Orotara, Ipar Euskal Herrian mila ikasle aztertzen ditugu, oso modu orekatuan banatuak adin eta lurraldearen aldetik. Zortzi ikerketa zentro ditugu: Maulen, Donibane Garazin, Kanbon, Uztaritzen, Hendaian, Angelun eta Baionan biga. Tipologia oso ezberdinak atzematen dira; tamaina, euskararen presentzia, generoa, hezkuntza publikoa ala pribatua. Laginketa ezaugarri horien arabera egin dugu. Baina egia da batzuetan zentro batzuk nekatzen direla eta beste bat bilatu behar dugula. Gure ideia da adierazgarria den kopuru bat mantentzea. Ez du axola ea zentro berberak diren, ikasleak aldatzen baitira. Baina zentro berbera izateak bilakaera behatzeko aukera ematen digu, urteetan.
Zergatik adin tarte jakin horri so egiten diozue?
Une horretan ematen dira alfabetatze digitalaren lehenengo pausoak. Orduan, etxean dituzten komunikabide kontsumo ereduez gain, bestelako erabilerak egiten hasten dira. Lehenik, parez pare ez direnean lagunen artean komunikatzeko, beste baliabideak erabiltzen hasten dira, batez ere sare sozialak. Bigarrenik, entretenitzeari lotuta, adin horretan gazteak hasten dira beren aisialdiaren jabe bihurtzen. Gustukoak dituzten kantariak jarraitzen dituzte, Tiktoken dantzatzen dira... Hirugarrenik, IKTak ere erabiltzen hasten dira: Youtuben tutorialak segitzeko, eskolako lanetan laguntzeko, adimen artifiziala erabiltzeko... Bestalde, adin tarte horretan oraindik ere ez dira independenteak, baina jada hasten dira gizartean orokorrak diren joera batzuk haiengana heltzen. Hor hasten gara detektatzen portaera batzuk umetxoek ez dituztenak baina 11 urtetik gorakoek badituztenak, bereganatu egiten baitituzte hainbat gauza. Adibidez, kirolzaletasuna edo musikazaletasuna. Gainera, adin horrekin, etorriko denari buruz arrasto batzuk ematen dizkigu: etorkizunean noraino, zertarako, norekin, non eta zenbat erabiliko diren teknologiak.
Datuak bildu ondotik, informazioa nora doa?
Guretzat oso interesgarri dira emaitzak, eta horretarako argitara ateratzen ditugu. Horrela, ikasketa zentroentzat, komunikabideentzat eta euskaran eta euskal kulturan interesatuak diren erakundeentzat ere ari gara. Politika kulturalak eta euskarari lotutako hizkuntza politikak bideratzeko balio izaten ahal du. Gainera, ikastetxeentzat oso interesgarria da jakitea zertan dabiltzan beren ikasleak, zer begiratzen duten, noiz, nola. Zenbait kolegio eta lizeotan ikerketa pasatu ondotik, ikastetxe bakoitzari bere emaitzak bidaltzen dizkiogu. Ikasturte amaieran, txosten orokor bat egiten dugu. Barnean sartzen dira Ipar Euskal Herriko emaitza guztiak, eta beste batean, Hegoaldeko guztiak.
«Guk datu horiek mahai gainean jartzen ditugu, eta gauzak nola dauden adierazi. Hortik aurrera, proposamenak eta aldaketa plangintzak beste batzuek egin behar dituzte»
Aipatu dituzu erakunde publikoak. Preseski, zer harreman duzue Ipar Euskal Herriko erakundeekin?
Harreman ona dugu. Guk batez ere Euskal Erakunde Publikoarekin lan egiten dugu. Hasieran, gure kolaboratzaileak ziren, gurekin lan egiten zuten. Orain, jada proiektuko kideak dira, barne dira. Ez bakarrik finantzatzen gaituztelako, baizik eta prestaketan, aurkezpenetan eta zabalpenean laguntzen gaituztelako. Harreman estua dugu, eta haiek gabe ezingo genuke egin gaur egungo kalitatea duen ikerketarik.
Laugarren ikasturtea duzue Ipar Euskal Herrian ikertzen. Noiz arteko asmoa duzue?
Guk nahiko genuke mugagabeko ikerketa bat bilakatzea. Horrelako ikerketarik ez dago Euskal Herrian. Nire ustez, ez da Ikusiker bezalako ekimenik, hainbeste ikuspegi biltzen dituenik. Are gehiago, Ipar Euskal Herriari buruzko beste informazio sendorik eta luzera begirakorik ez dago. Batzuek erranen dute: «Baina zuek diagnostikoa baizik ez duzue egiten; ez duzue proposamenik egiten». Egia da, baina proposamenak egin ahal izateko benetako gertaeretan oinarritutako datuak behar dituzu. Guk datu horiek mahai gainean jartzen ditugu, eta gauzak nola dauden adierazi. Eta, hortik aurrera, proposamenak eta aldaketa plangintzak beste batzuek egin behar dituzte.
Nork?
Kultur politikara dedikatzen diren erakundeek, euskara sustengatzen dutenek, ikasketa zentroek, planteamendu pedagogikoan ari direnek, psikologoek eta abar… Guk informazioa eskaintzen diegu.
Informazioari dagokionez, zein dira orduan lehen ondorioak?
Mundu mailako joerak direnez, ez dago ezberdintasun handirik edukiaren kontsumoaren aldetik Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. Joera globalagoen irismena oso handia da, eta gainera, gazteek denbora asko dedikatzen diete plataforma digitalei eta sare sozialei. Eta ez doa apaltzen. Gaur egun, erabilpenari eta kontsumoari lotutako bi joera ikusten dira. Alde batetik zaletasunak ugaritu dira: bakoitzaren gustuen aniztasuna sekula baino handiagoa da. Baina, aldi berean, badira gertakari sozial edota politikoak gazte asko biltzen dituztenak. Futbol partida bat, Eurovision… Maila horretan, dibertsifikazio handia dago, baina unibertsaltasuna ere bai.
Beste ondorio bat izango litzateke generoaren araberako komunikabideen erabilpena. Neskek gehiago erabiltzen dute Tiktok mutilek baino, eta aurkakoa gertatzen da Youtuberekin. Hori lotua da plataforma digital bakoitzean proposatzen duten edukiari.
Egia da gero ezberdintasun oso konkretuak daudela lurraldeen artean. Adibidez, ikusten dugu barnealdearen eta kostaldearen artean erabilpena apaltzen edo igotzen ahal dela. Lotura zuzena du lagunekin parez pare komunikatzeko erraztasunari.