Aitak 100 urte bete zituen egunera arte, argitxo bat pizturik utzi zuen Gabi Clerc urruñarrak etxeko atarian. «Enkas». Bigarren Mundu Gerran desagertua zuen aita, Gabriel Telletxea: erresistentzia sare batean izateagatik atxilotu zuten, 1943an. Baina haren alaba Gabiri ttipidanik iradoki zioten isilik egon behar zuela, eta ez zuen nehoiz galdetu noiz, nola eta non desagertu zen aita. «Beti beha zaude, hori da zaila desagertzeetan». Eta horregatik hartu zuen argi bat pizturik uzteko usaia. Baina, denbora aitzina joan ahala, esperantza bezala itzali da argia ere, eta argia itzalirik uztea deliberatu zuen aitaren ehungarren urtebetetze egunean, 2019an.
Gabi Clerc gaztea zela, aita desagertuaren aztarnen bila joateko beharra sentitu zuen, jaso zuen informazio apurretik abiatuta. Oroimena zaio inportanteena, eta oinordekoei transmititu nahi izan die historia, idatzi dituen bi liburutan. «Gabriel Telletxearen desagertzearen parean, haren arrasto bat utzi nahi nuen, eta horrela hasi nintzen ikertzen», esplikatu du Clercek. Ama galdekatzen hasi zen, beraz. Baina delikatua zen: «Ez nekien ama mintzatuko zitzaidanetz. Kontuan hartu behar da gerra ondoko giroa zela, eta gerora ama berriz ezkondu zela... Familian ez zen erraza horretaz mintzatzea», kontatu du.
Baina emeki-emeki, eta aitarekin preso altxatua izan zen gizon bati esker, zenbait elementu biltzen hasi zen. Gabiren ama haurdun zenean, preso hartu zuten Gabriel Bordelen (Okzitania), etxean zirela; Bordeleko Fort du Ha presondegian atxiki zuten, eta handik Compiegnera eraman (Frantzia), hilabete batzuk berantago. CND Castille erresistentzia sareko kide izateagatik atxilotu zuten. Tren batean sartu zuten gero naziek, eta Alemaniako Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura eraman; preso politiko gisara identifikatu zuten han. Dorako lan behartuen esparrura (Alemania) bidali zuten handik. Eta ez zen itzuli. Hara noraino heldu den Gabi Clercen ikerketa, eta hara zer kontatu duen familiakoei helarazitako liburuetan.

Memoria transmititzea kausitu du, iduriz: Gabriel Telletxearen arrastoak segitu dituzte Gabiren semeak eta arraseme-alabek, maiatzean Alemaniara egindako bidaian. Haien aitatxi eta birraitatxi egon zen kontzentrazio esparruak bisitatu dituzte, eta orain arte eskuratu gabeak zituzten dokumentu batzuk bildu.
Elena Clerc-Charriez arralabak izan zuen bidaia horren antolatzeko gogoa. «Gabriel Telletxearen historia pixka bat ezagutzen nuen, fakultatean hari buruzko lan bat itzuli bainuen. Gure amonak idatzitako liburuaren kopia bat eskaini zidan aitak urte berean. Halere, ene buruan aski lausoa zen, eta uste dut orduan ez nintzela arras jabetu historiaren zentzuaz», aitortu du.
Gerora, 2025ean, Deportatuen Egunaren karietara omenaldi bat egin zioten Gabriel Telletxeari Donibane Lohizunen, eta, bide beretik, oroimen plakan haren izena zuzendu, ordura arte bi huts baitzituen. Omenaldian egon zen familia osoa, eta Clerc-Charriezek gogoan du orduan sentitu zuela familiako historia horren munta. «Pentsatu nuen egun batez joanen nintzela, eta hark egin zuen bidea eginen nuela». Aitari eta anaiari proposatu zien, eta horrela muntatu zuten proiektua. Paxkal Clerc-Telletxea aitak argi du bidaia hori ez zuela eginen bakarrik: «Baina seme-alabekin bai. Bidaia horrek zentzua bazuen transmisio bat egiten zelako».

Amonak, Gabik, sekulako «harriduraz» hartu zuen bidaia horren berria. Hark ere egina du bidaia bat, Bordele eta Compiegnetik hasita, Buchenwaldeko kontzentrazio esparruraino. «Baina nik pentsatzen nuen arralaba eta arrasemeendako biziki urruneko zerbait zela, zahar istorio bat, eta biziki urrunekoa ikusten zutela. Han egon diren bi egunetan itolarrian nintzen doi bat, baina kontent naiz, ene aitaren izana biziarazi dutelako nolazpait».
Bisita, omentzeko
Paxkal eta Elena Clercek argi zuten, bidaia egitekotan, ikerketa segitzeko balio izanen ziela. Horregatik, Buchenwaldeko eta Dorako kontzentrazio esparruak bisitatzeko gida bat izan nahi zuten ondoan, ahal bezain ongi ulertzeko Gabriel Telletxeak han egindako ibilbidea. Baina antolatzea ez da gauza erraza izan: «Besta egun batzuk baziren tarteko, eta beraz, frantsesezko bisitarik ez zen gu han ginen egunetan. Posta elektroniko bidez jakinarazi nien Buchenwaldeko langileei gure aitatxi zena han egona zela, eta berehala antolatu zuten bisita bat guretako. Are gehiago, artxiboetan begiratu zuten ea gure aitatxiren dokumenturik atzematen zuten», esplikatu du Paxkal Clercek.
Hara arribatzean, frantses hiztuna zen gida baten ezagutza egin zuten, eta Gabriel Telletxeak seguraz ere egindako ibilbidea erakutsi zien. «Biziki hunkigarria zen. Lekua biktimen errespetatzeko gisan egokitua dute, eta gidak berak ere izugarri jarrera justuarekin egin zigun bisita», erran du Elena Clercek. Hiru oreneko bisita izan zen. «Zinez ohoratua nintzen eskaini ziguten arretarengatik eta denborarengatik. Eta biziki kontent naiz birraitatxiren historia hobeki ezagutzeko eman diguten aukeragatik», gehitu du.
Kontzentrazio esparruan biktimen omenez egindako oroitarriek bereziki markatu dute emazte gaztea. «Plaka bat bada zolaren gainean, eta hor zizelkatuak dira esparruan izan diren pertsona guzien nazionalitateak. Plaka hori 37 gradutan mantentzen dute, gizaki guziak berdinak garela sinbolizatzeko», kontatu du. Bestalde, sobietarrek esparrua libratu zutenean preso politikoendako monumentu bat egin zuten: hiruki gorriekin osatutako pareta bat, eta zolan, plaka bat. Preseski, Gabriel Telletxea erresistentea zelako atxilotu zutenez, hiruki gorri bat josi zioten jantzian, F letrarekin, frantses nazionalitatea zeukalako. «Zinez emozio handia sentitu genuen monumentu horren aitzinean», erran dute aita-alabek.

Dorako lan behartuko esparrua bisitatu zuten biharamunean. Hor ere, aldez aitzinetik bisita baten antolatzen entseatu ziren, eta elkartasun sare bati esker lortu zuten, azkenean. «Hendaiako lagun alemaniar bati laguntza galdetu nion, ez baikenuen aukerarik frantsesezko bisita gidaturik ukaiteko. Eskualde hartakoa denez, bazter guziak inarrosi zituen, eta azkenean, hango operako zuzendaria jin zen gurekin bisita egitera, itzultzaile lanak borondatez eginez, frantsesa delako. Harritu gaitu elkartasun keinu horrek», kontatu du Paxkal Clercek. Justuki, operako zuzendaria Jura eskualdekoa da jatorriz, eta haren aitatxi ere kontzentrazio esparru batean preso egon zen. «Gure historiak kontatu dizkiogu elkarri, eta horrek ere balio du memoria bizirik atxikitzeko», gehitu du.
Hogei urte lehenago, Gabi Clercek ere bidaia bera egina zuen, aitaren urratsei segika. Bordele, Compiegne, Buchenwald, Dora. «Ez nuen gidarik nahi. Beldur nintzen zer erranen ote zuten. Uste dut behar nuela momentu hori nihauren begiekin ikusi», esplikatu du. Orain, arrunt interesgarria zaio gidek ondorengoei eman dizkieten informazioak biltzea.
Artxiboetako egia
Etxera itzultzean, Buchenwaldeko gidarekin harremanetan segitu dute Clerc aita-alabek, eta harrituak dira zer-nolako laguntza eman dien. Izan ere, artxiboetako zuzendariaren bidez, ordura arte ikusi gabeak zituzten hogei dokumentu atzeman dituzte. «Kapitulua hetsi aitzin, segur izan nahi nuen dokumentu guziak eskura genituela. Horregatik, gidari azken aldiz idatzi nion, eta hark artxiboen zuzendariari pasatu zion ene galdea. Andre horrek bilaketa guziak egin zituen, eta hogei dokumentu igorri», esplikatu du. Horien bitartez, besteak beste, jakin dute Buchenwaldeko zein bastizatan atxikia izan zen, zer ondasunekin iritsi zen —galtza bat, trikota bat, lau tixerta, ordulari bat eta ezkontza eraztun bat— ... eta zer postutan lan egitera behartu zuten. «Drainatze komandoan zen. Ez dakigu zer den zehazki, eta galdetu beharra dugu, hobeki ulertzen ahalko baitugu zer egin zuen han zenean», erran du Paxkal Clercek.

Orain, ber desmartxa egin nahiko lukete Dorako kontzentrazio esparruko artxiboekin. «Han dugu haren azken aztarna,bai baitakigu erizaindegian ikusi zutela, eta biriketako infekzio bat zuela», Paxkal Clercen hitzetan.
Orain arte ukandako laguntza guzia ez zuen espero familiak. Gainera, harrituak dira ikusirik zer-nolako artxibo lana egiten duten oraino kontzentrazio esparru izandakoetan, memoria historikoaren ikuspegitik. «Alemanian, zerbitzu publiko bat da. Erran nahi du gaur egun, laurogei urte berantago, jendea pagatua dela artxibo lana egiteko, eta, beraz, memoria biziarazteko», borobildu du Paxkal Clercek. Eta, beharbada, familia baten misterioaren argitzeko.