Garaziko gaztetxeak Continental hotela hartzen zuen eraikina okupatu du

Herriko beharrei erantzuteko okupatu dute gunea. Bertzeak bertze, doako aisialdirako, kultura eskaintza alternatiboa antolatzeko eta politizaziorako gune izatea nahi dute, baita euskararen arnasgune ere. Herriko Etxearen jarrera salatu dute.

Garaziko gaztetxeak Continental hotela izandakoan abiaturiko okupazioa, uztailaren 27an. BERRIA
Garaziko gaztetxeak Continental hotela izandakoan abiaturiko okupazioa, uztailaren 27an. BERRIA
Donibane Garazi
2026ko uztailaren 27a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Leku hau okupatu dugu herritarrei eta gazteei politizaziorako eta aisialdirako gune bat eskaintzeko, kitorik». Halaxe adierazi dute Gaga Garaziko gaztetxeko kideek. Izan ere, goizean abiatu dute Donibane Garaziko Continental hotela izandakoaren okupazioa, eta, horrekin batera, beste urrats bat egin. Orain arte Zitadelako karrikako lokalean bakarrik jarduten zuten, Herriko Etxeak ez baitzien lekurik eman nahi. Gaztetxeko kideen arabera, leku horretako baldintzak ez dira egokiak inguruko beharrei erantzuteko; Continental hotela hartzen zuen eraikinean, ordea, kolektiboki antolatzeko eta gaztetxeen aldeko borrokan aritzeko leku «duina eta doakoa» eskaini nahi du Gagak.

Oroitarazi dute 1980ko hamarkadatik honat garaztarren hainbat belaunaldik martxan atxiki dutela gazte dinamika. Ekitaldi franko antolatu dituzte, eta Udako Ostegunak izan dira arrakastatsuenetakoak. Besteak beste, hitzaldiak, argazki erakusketak eta kontzertuak ere egin izan dituzte. Kideen erranetan, uda hasieran herriko etxeak behin baino gehiagotan mugatu ditu gaztetxearen ekitaldiak, isunak eta debekuak ezarriz. Nabarmendu dute herriko etxeak ez duela interesik gaztetxearen egoera hobetzeko, eta, gainera, salatu dute «hainbat promes eta aitzakia faltsu» egin dizkiola gazte asanbladari.

Are gehiago, herriko etxeak zer interes dituen azaldu dute. «Enpresariekin negozioak sortu, eta haiei interesatzen zaizkien eragile eta ekimenak finantzatzen edo beharrezko laguntzak eskaintzen dizkiete. Hortaz, logika kapitalistaren kontra egiten duten herriko elkarte eta dinamikak bazterrera utziak dira». Horri lotuta, gaineratu dute herriko etxea turismo masiborako bidean ezartzen ari dela Donibane Garazi, eta agerian eman dute horren ondorio zuzena ere: «doako aisialdirik eza». Gainera, haien erranetan, ideia erreakzionarioak, matxismoa, faxismoa eta arrazakeria normalizatzen ari dira herrian.

Hori dela eta, okupatu berri dutena «leku fisiko bat baino zerbait gehiago» dela azpimarratu dute, eta «proiektu pentsatu eta erreal bat» dutela segurtatu. Hain zuzen, doako aisialdia eskaintzeko parada ikusten dute, baita «kultura alternatiboa antolatzeko», «politizatzeko espazioak sortzeko, ideia eta jarrera erreakzionarioen kontra egiteko, euskarari arnasgune bat emateko eta herriko problematikei erantzuteko» ere.

Gaztetxe berriaren proiektua gauzatzeko, «elkarlana eta borroka» sustatu nahi du Gagak. Agerian eman dute Ipar Euskal Herriko gaztetxeen egoera ikusirik Garaziko kasua adibide bat baizik ez dela. «Gaztetxeek zalantzan ezartzen dute instituzioen logika. Alde horretatik, elkarren artean indarrak batuz, dei egiten dizuegu gaztetxeen aldeko borrokara batzera!». Lekua atxikitzea espero dutenez, heldu diren egunetan iragarriko duten egitaraura eta auzolanetara batzeko deia egin dute kideek. Herriko hutsuneez ohartu eta horiei erantzuteko gune bat ireki dute, ez baita «gazteen beharra bakarrik, baizik eta herriarena». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA