Gau Beltza, euskal errituala ilunpetik argitara

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da Baionako karriketan. Sasoi aldaketei loturiko euskal erritualak euskararentzako arnasgune izateko xedea du. Baina ez hori bakarrik: heriotzaren eta beldurraren gai isilduak plazaratzeko garaia ere bada.

Gau Beltza Baionan, iaz.
Gau Beltza Baionan, iazko urrian. PATXI BELTZAIZ
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte pare batzuk Euskaltzaleen topaketatik abiaturiko Gau Beltzaren inguruko gogoetatik garra piztu, eta, 2021az geroztik, Baionako hainbat elkarte bildu ziren errituala berpiztu eta antolatzeko. Erritualaren galeraz oharturik, aspaldian Euskal Herri osoan ospatu errituala sormenez lantzen hasi ziren. Tamalez, Ipar Euskal Herrian nahiko ezezaguna da oraindik: «Denek ezagutzen dute El día de los muertos, eta azaltzen duzularik nolabait Gau Beltza euskal Halloween dela, jendeak ez du ezagutzen. Existitzen zen, baina gauza da hemen galdu dela», ohartarazi du Oihana Zanponi Baionako Gau Beltzaren bultzatzaileetariko batek. 

Aurten, urriaren 31n ospatuko dute Gau Beltza Baionan, baita Ipar Euskal Herriko beste hainbat herritan ere —Hendaian eta Urruñan, besteak beste— . Urriko azken ostiralean iraganen da, aitzineko urteetan bezala. Baionan, Gau Beltzaren ospakizuna Baionako Espainiako Atetik abiatuko da, eta desfilea eginen dute karriketan barna. Ibilbidean, Baionan diren euskararen «arnasguneak» izanen dituzte geltoki, hala nola Biltxoko, Epaiska eta Xina, eta Patxa plazara helduko dira.

(ID_14393196) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Gau beltza, Urruña, 2024ko urriaren 31an
Gau Beltza, Urruñan, iazko urrian. GUILLAUME FAUVEAU

Han, Hartza Patxondora lotara eramanen dute. Izan ere, inauterietan Hartza bere harpetik iratzartzen da; Gau Beltzean, alderantziz: hartza neguko loaldian sartzera laguntzen dutela sinbolizatu nahi dute. Ospakizunaren azken buruan, plazan bertan hainbat erritual eginen dituzte. Beldurrak erretzeko errituala izanen da lehena; norbera izutzen duten egoerak eta gauzak papertxo batean idatzi, eta errez haizatuko diren menturaz. Bestalde, oroitu nahi diren hurbilekoen izenak beste papertxo batean idatzi, eta arbola batean zintzilikatuko dituzte, maite diren hildakoak ohoratzeko. «Jendartean oraino konfrontatzen ez diren beldurrak eta herioaren inguruko gaiak plazara ateratzea da helburua, baita adin ezberdinetako herritarren artera eramanez horiei aurre egitea ere», zehaztu du Zanponik. 

Otsoa, euskararen pareko

Iaz sortu zuten Otsoaren pertsonaia izanen da desfileko protagonista. Erraterako, otsoa euskarari analogia egiteko hautatu zuten: «Otsoa gure hizkuntzaren gisara arriskuan baita, baina hala ere beti itzultzen baita». Azken urteetan, lanketa findu eta erritualaren jatorriei buruzko informazio geroz eta gehiago bildu dituzte antolatzaileek. Zanponik kontatu du sinesmen herrikoietan mozorrotzea —maskatzea, bereziki— ez dela edonola egin behar izpiritu txarrak jendeen baitara ez sartzeko. Arrazoia zein den erran du: «Pertsonaia batez mozorrotzen zarelarik, ez baduzu gorpuzten duzun pertsonaiaren arima zure baitan sartzerik nahi, maska atxikitzea baitezpadakoa da. Bada uste hori ere: pertsonaia eta mozorrotzen dena, maska kenduz gero pareko gisa ikusiak direla». Hain zuzen, Gau Beltzaren denboran «hil eta bizidunen arteko ate bat» irekitzen zela azaldu du Zanponik, arbasoen arima horiek ondorengoengana hurbiltzen zirela baita ustea. Sinesmenaren arabera, maskatzeak ahalbidetzen zuen kexu izan zitekeen arbasoak bere ondorengoa ez ezagutzea, ezagutuz gero gaitza eraginen omen baitzion. 

Hala eta guztiz ere, Arimen Gaua ospatzeko, mozorrotzea baino, «etorriko den herritar orok aktiboki parte hartzea» da garrantzitsuena, Zanponiren arabera. Gau Beltzaren errituala berpizteko saiakeretan ari diren honetan, «erritual eta tradizioak bizi daitezen zikindu behar» direla segurtatu du Zanponik, konbentzimenduz. Gau Beltza edo Arimen Gaua sormenez pentsatu eta beste hainbat herriko plazetara emateko gogoa zabalduko dela espero du. Herri batzuek, preseski, errituala berenganatu dute azken urteetan, eta berriz eginen dute aurten ere: Urruñan ikusgarri berezi bat izanen da gauean, eta Hendaian Andere Beltzaren errituala eginen dute, kontzertuekin finitu aitzin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.