Gau eskoletan, ikasle kopurua goiti eta irakasleak eskas

Gero eta ikasle gehiagok izena ematen du AEKn azken urteetan, baina irakasleak eskas dituzte. Ion Olano AEK-ko irakasleak zehaztu du euskara ikasteko prozesutik pasatu direnak irakasle izan daitezkeela.

14909097
AEK-ko klase bat, Arbonan, apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko urriaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEK-k heldu den astelehenetik goiti eginen du sartzea, baina irakasleak eskas dira. Azkaine, Sara eta Senpere elkartzen dituen gau eskolan hiru irakasle beharko dituztela aitzinikusi dute, eta ez dira bakarrak: Uztaritzen, Baionan, Lehuntzen eta Zuberoan ere irakasleak xerkatzen dituzte. Ikasle kopurua, berriz, goiti ari da azken urteetan Ipar Euskal Herrian.

Irakasleen mentsa ez da arazo berria, «erregularki ateratzen den arazoa» baita, Azkaineko gau eskolan irakasle den Ion Olanoren erranetan. Guraso euskaldun berriak ukan dituelako ohartu zen Olano, dioenez, «zein inportantea den euskaraz aritzea». Irakasle izateaz gain, Xede batzordean eta ikastaldietan aritzen da, AEKren bloga eta podcastak kudeatzen ditu, eta zuzendaritzako kide ere bada. Ikasle kopurua goiti doala azpimarratu du Olanok, eta ondorioz irakasle beharrak handitzen direla: «Nolabaiteko arrakastaren ondorio da dugun arazo hau, baina arazo izaten segitzen du», gehitu du.

Sartze honetako AEKren leloa Euskara eroso ikasi eta bizi da, eta, Olanok adierazi duenez, ahalik eta baldintza hoberenak eman nahi dizkiete irakasleei. Azken bost urteetan, Azkaine, Sara eta Senpereko gau eskoletan aritu aitzin, bost urtez Hernani aldeko (Gipuzkoa) gau eskolan aritu zen Olano, eta Ipar Euskal Herrian bereziki maite du lan giroa: «Lantalde izugarri prestua, etengabeko trebakuntza eskaintzen duena, baita behar diren sostengua eta babesa ere». 

Irakasteko interesa

Euskalduntze prozesuan AEK-ko irakasleek duten rola goraipatu du Olanok, berea den sentimendua aipatuz: «Nire kontzientzia nolabait lasaitzen du ikusteak eragin positibo bat egiten ari naizela nire ideiekin bat egiten duen proiektu batean». Bestalde, irakaskuntzak norberaren formatzeko balio duela gehitu du irakasleak, balio duelakoan «lan tresna eta bizi tresna etengabe lantzeko: euskara». 

«Nolabaiteko arrakastaren ondorio da dugun irakasle arazo hau, baina arazo izaten segitzen du»

ION OLANO AEK-ko langilea

Usu izaten diren beldurrak hausteko nahia ere agertu du AEK-ko langileak. Euskara maila ona edo irakaskuntzako esperientzia ezinbestekoak direla pentsatu ohi bada ere, irakasleen profil desberdinak azpimarratu ditu Olanok. Irakasle batzuek esperientzia badute ere, edo ikasketak eginak badituzte ere, esperientziarik gabeak ere goretsi ditu, euskara maila ona edo aski ona dutenak: «Azken horiek badute berezitasun bat, nolabaiteko abantaila bat, nire ustez: haien azalean ezagutu dutela euskalduntze prozesua. Beraz, errazkiago laguntzen ahal dituzte ikasleak jakiteko zer den baliagarri eta zer ez haien ikaste prozesuan». Haien euskara mailarengatik AEKra dudekin joaten direnei erran ohi diete «taldea kudeatzen jakitea» dela giltza, eta euskara maila baino gehiago norberaren konfiantza izan ohi dela parametro inportantea. Gero, Olanoren arabera, «ohartzen dira lehen mailetan irakastea edo goi mailan irakastea lan bera dela».

GAU ESKOLA BAIONAN
Baionako gau eskola, 2020ko ekainean. GUILLAUME FAUVEAU

Irakasle berrientzat hiru eguneko formakuntza proposatzen du AEK-k, Azkaineko langilearen erranetan, gogoetatzeko «zer den kurtso bat ematea, zer den euskalduntze prozesua, nola egin urte osoko aurreikuspen bat eta nola prestatu kurtso bakoitza». Inportantea zaio gehitzea, gainera, gau eskoletako langileek irakasleen jarraipena egiten dutela dudak argituz edo materiala ezagutaraziz, besteak beste. «Beti bada norbait, tokian tokiko arduraduna edo AEK-ko didaktika arloko norbait, beti bada formatzeko aukera. Ez dugu nehor uzten laguntzarik gabe», segurtatu du Olanok.

Nahiz eta barne mailan ahalik eta baldintza hoberenak ezartzen saiatu, Azkaineko irakasleak ez du saihetsean utzi euskalgintzan orokortua den zailtasuna: «Etengabe aritu behar dugu borrokan, eta joan den ikasturte hondarrean jakin genuen EEPren aurrekontua ez dela emendatuko». Azken hitza baikorra nahi du, egiten duten horretan sinesten dutelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.