Mari Lagan Zetkin taldeko kantaria: «Gehienetan ikusten dira neskak oholtza aitzinean, hori baita gure nahia»

Zetkin punk talde feministak presentzia badu oholtzan. Bideoklip bat plazaratua du, eta Mari Laganek dio ekainean aterako dutela lehendabiziko diskoa.

Mari Lagan
Mari Lagan, Zetkin punk taldeko kantaria, apirilaren 23an, Atharratzen. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
Atharratze
2024ko apirilaren 26a
05:25
Entzun

Bekat’uros egunean boluntario izatera joan zen Atharratzera Mari Lagan (Baiona, 1987) Zetkin punk talde feministako kantaria, iragan larunbatean. Haren taldeak Clara Zetkin (Alemania, 1857-1933) emazte langileen aldeko borrokan jardun eta Martxoaren 8a borroka egun bilakatu zuen militanteari hartu zion izena; borroka feminista oholtzara eramaten dute punk doinuekin.

Zer da Zetkin?

Talde proiektu bat da. Askotan uste da nik dudala muntatu, baina ez da hala; talde proiektu bat da. Punk feminista jotzen dugu. Proiektua hasi zen lagunak garelako gehienak; kontzertuetara joaten ginen, eta ohartzen ginen emazte guti bazirela, baina mezu politiko feminista guti ere bazirela oholtzan. Bada toki bat hartzeko, eta saiatu behar genuela pentsatu genuen.

Militantzia feminista da abiapuntua, ala musika?

Taldea aldatu da, baina elementu sendoetan bagara Nathalie [Riobe Gorostiaga] eta ni; badira hamabost edo hogei urte ari garela gogoetan, lehenik abertzaletasunaz, eta gero feminismoa horretan sarturik. Hori partekatzen duten beste lagunekin kontzertuetara joanez, pentsatu genuen musikak izan behar duela mezu horien pasatzeko molde bat. Emazte eta mezu feminista guti bada oholtzan, eta guk zer eredu dugu oholtzan emazte eta feminista gisa? Taldearen eta lehiaren inguruko gogoeta ere bada: emazteak usu lehian heziak gara, eta talde misto izateak indarra ematen digu, oholtzara joateko eta mezuak indarrez pasatzeko.

Zer erreferentzia zenuten oholtzan?

Azkenean, aski guti, punka egitea hautatu dugulako. Agian, beste musika estilo bat hautatu bagenu, erreferentzia gehiago ukaiten ahalko genituen: Euskal Herrian punka edo rocka egiten duten emazteak... Baditugu Bikini Kill taldearen gisako erreferentziak nazioartean. Baina bazen beste prisma bat: klase borrokarena, punk zikinarena, 1980ko eta 1990eko hamarkadetakoa. Batzuek ez genekien musika jotzen hastapenean; zilegi sentitzearen bila joan gara. Esparru desberdinetan kontzientzia hartze bat izan zen.

Zer ikusten da oholtza gainetik?

Jotzen dugun tokiaren arabera da hori. Gehienetan ikusten dira neskak aitzinean, hori baita gure nahia: emazteei eta aliatuei ematea lehen toki hori. Baina, era berean, ikusten dira, maleruski, tipo batzuk ez dutenak politikoki kontzientzia; batzuetan 45 minutuz posible da haien plazera ez lehenestea eta tokia uztea besteei. Holakoetan gure artean argi dugu kontzertua mozten dugula eta gauzak berriro argi uzten ditugula. Bideoklip bat egin dugu emazteekin; hiru gizon baziren eta 50 pertsona orotara, eta neska batzuentzat kristorena izan zen. Ez zen pogo berdina: indarra, sedukzio harremana, gorputza hunkitzea, hori guztia kanpo izan zen.

«Badakigu 40 urte ditugula, ile zuriak, gorputzak ez ditugula hogei urtekoak... Hori ere borroka politikoa da»

Korrikaren bestan kontzertua gelditu zenuten momentu batean. Errespetua sortzen du?

Korrikan funtzionatu zuen, mezua euskaraz pasatu genuelako, baina Baionako bestetan ez zuen hainbeste funtzionatu. Emazteak nola ikusiak diren eta punka jotzea, bostetatik hiru emazteak izatea, garrasi egitea, ez garela gazteak... horrek mozten du itxura bat. Eta gure adina ukanik, badugu halako konfiantza bat, ez genukeena beharbada 20 urtetan hasi bagina. Publikoan baditugu lagunak eta aliatuak ere, eta haiek ere eskertzen dute kontzertua moztea, lehen lekua emazteei emateko.

Kontzertu denboran lan politikoa egiten duzue azkenean?

Arrunt, horregatik igo ginen oholtzara. Mezuak pasatzen ditugu kantuen artean, emazteak gara oholtzan eta oholtza aitzinean, klase soziala eta euskara lehenesten ditugu. Gu ere heziak izan gara jendarte hetero zis patriarkatu batean, eta badakigu emazte gisa oholtzara igotzean zure gorputza epaitua dela zentzu guztietan. Badakigu 40 urte ditugula, ile zuriak, gorputzak ez ditugula hogei urtekoak... Hori ere borroka politikoa da, musikan trebe izan edo ez.

Zer da segida Zetkinentzat?

Egia erran, ez genuen espero hainbeste deituak izanen ginenik jotzeko. Egunez egun ikusten dugu nola aitzinatu, eta egiten ditugun topaketekin aitzinatzen gara. Lehen bideoklip bat genuen Martxoaren 8rako, eta beste bat aterako da laster. Sabina Hourcadekin lan egiten dugu bideoklipetan, emaztea delako, baina baduelako bere ikuspuntua ere. Laster album bat aterako da, hemendik ekainera. Hego Euskal Herrira gehiago joan nahiko genuke; badituzte erasoen kontrako protokoloak aspalditik, eta ikastekoa badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.