Girondako eta Landetako suteetako sostengu lanetara batu da Lapurdi

Landetako eta Girondako suteen ondorioz, hainbat biztanle kaltetuak izan dira; Ipar Euskal Herritik erizainak eta laguntzaileak igorri dituzte eremu kaltetuetara. Bestalde, zahar etxeetako 36 egoiliar aterpetu dituzte.

Suhiltzaile bat Girondako sua itzali nahian. DAMIEN REMBERT / EFE
Suhiltzaile bat Girondako sua itzali nahian. DAMIEN REMBERT / EFE
2026ko uztailaren 28a
16:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Girondako eta Landetako suteak uztail erditsuan hasi ziren. Dagoeneko 42.000 hektarea erre dira, eta 220.000 biztanle inguru ebakuatu dituzte etxetik. Egoera larria da, eta azken 50 urteetako suterik suntsigarrienak direla erran da. 

Egoera ikusirik, Baionako Euskal Kostaldeko Ospitalea buru duen ospitale taldeak plan zuria martxan ezarri du astelehen honetan. Lanean ari diren ospitale eta zerbitzuei laguntza emateko, hamabost langile sute eremuetara igorri dituzte. Langile horiek Girondako eta Landetako Samuko taldearekin batera arituko dira lanean, larrialdiko osasun zerbitzuak indartzeko. Gainera, hamar erizain Mont-de-Marsango ospitalera igorri dituzte, ebakuatutakoak hartzeko sortu den zerbitzu geriatriko berriaren irekieran laguntzeko. Azkenik, ebakuazioak eragindako zahar etxeetako 36 egoiliar Ipar Euskal Herriko zenbait egoitzatan banatu dituzte; hori ere ospitale taldeak kudeatu du, eta leku gehiago xerkatzen ari dira, beste hainbatentzat.  

Kalteak emendatuz doaz, eta airearen kalitatea okertu da Girondaren eta Landen inguruan. Hortaz, maskara berezi batzuk erabiltzea gomendatu dute, eta bi milioi maskara berezi banatu dira jadanik. Gainera, Bordele hegoaldean tren zerbitzuak eten dituzte. Errepideko zirkulazioa ere oztopatua da; A63 autobidearen zati bat itxia da. 

Tenperaturak ere gora segitzen du, suteen kalteko. Asteburuan euri pixka bat egin ondotik, berriz ere tenperaturak gora eginen du, aurreikusia denez. Ipar Euskal Herrian, urteko laugarren bero bolada hasiko da gaur. Beroaldiaren gorena asteazkenerako iragarria da: baliteke termometroa 41 graduraino iristea.

Lapurdiko udalerriek sostengua adierazi dute

Lapurdiko bost udalerrik —Baiona, Angelu, Bokale, Miarritze eta Bidartek— sostengua adierazi diete Girondako eta Landetako suteetako kaltetuei. Haien herrietan gune bat prest dute materiala biltzeko, AMF Frantziako Auzapezen Elkartearekin koordinaturik. Gainera, adierazi dute prest direla langile publikoak bidaltzeko, sute eremuetan laguntza behar izanez gero. Bestalde, Kanbok ur kamioi bat eta 32 metro kubikoko atoi bat igorri ditu oihan suteen aurkako taldeen ur hornikuntza indartzeko; gainera, Kanboko Suhiltzaile Zentroak jadanik hiru suhiltzaile igorri ditu Gironda aldera. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA