Instituzioen buxeten apaltzeak eta Frantziako Gobernuaren ezengokortasun krisiak eragin zuzena ukan dute Ipar Euskal Herriko gizarte eragileen funtzionamenduan: murrizketa handiak pairatu behar izan dituzte hainbat egiturek, eta, horrenbestez, zaurgarrienak izan dira bortitzen hunkiak. Sozial arloko egitura anitzek salatu dute baliabide eskasia handia izan dutela, eta mugimendu sozial batzuk gertatu dira, hala nola irailaren 10eko Dena Blokeatu mugimendua.Â
Batik bat, irailetik aitzina sentitu dira ondorioak, baina aitzinetik ere, otsailean, hainbat eragilek salatu zuten murrizketak jasan zituztela. Ospitaleko UNSA sindikatuak salatu zuen Sexu Osasunerako Zentroa hesteko arriskua zegoela Departamendu Kontseiluak urteko laguntza kenduz gero. 176.000 euroko diru laguntza ematen dio departamenduak; ospitaleko zerbitzuko ordezkariek salatu zuten departamenduak laguntza hori kentzea aurreikusi zuela.Â
Departamenduak, bestalde, pertsonen autonomiarako diru laguntza apaldu zuela salatu zuten EH Baiko departamendu kontseilariek. Etxez etxeko laguntzaileen baldintzez kezka adierazi zuen LAB sindikatuak, eta beren lan baldintzak hobetzeko «neurri zehatzak» galdetu zizkioten departamenduari, segurta zezan eragile publikoek eta pribatuek etxez etxeko langileen lan baldintzei dagozkien araudiak betetzen dituztela. Arlo soziosanitarioko langileek hainbat protesta egin zituzten baliabide murrizketa salatzeko, sindikatuek deiturik.Â
Frantziako Gobernuaren «austeritate» politika salatzeko mobilizazioak izan ziren irailaren 10ean Baionan —hainbat atxiloketa izan ziren—. Hortik gutxira, sindikatuek ere mobilizazio jendetsuak egin zituzten.Â
Elkartegintza hunkia
Elkarteek ere pairatu dituzte ondorioak. Integrazio Batzordeak salatu zuen jasotzen dituzten laguntzak izugarri apaldu direla: «Integrazio Batzordeak suhiltzaile lana egiten du Hezkuntza Ministerioaren hutsuneak betetzeko», salatu zuten. Horren ondorioz, dozenaka haur egon dira behar bezalako laguntzarik gabe.Â
Bestalde, prekarioenen laguntzarako zerbitzuetan gorabehera anitz izan dira aurten, besteak beste baliabide eskasiagatik. Miarritzeko Gilles etxea hainbat denboraz hetsirik egon zen, eta Atherbea elkarteko zerbitzu anitzek zailtasunei aurre egin behar izan diete, dela langile eskasiagatik, dela eraikinak gehiegi andeatuak direlako baldintza egokietan lan egin ahal izateko; Baionako eguneko harrera zentroaren kasuan gertatzen den bezala, adibidez.
Beste sektore batzuetan ere eraginik izan dute murrizketek, hala nola euskal hedabideetan: Euskal Irratiek funtzionatzeko beharrezkoa duten FSER diru laguntza dilindan egon da behin eta berriz, eta urrian, lanpostu batzuk arriskuan direla salatu zuten.Â