Gurasoen txandek biziarazten duten aldarri eguna

Herri Urrats eginen dute igandean, Senperen. Guraso laguntzaile gisa nola bizi duten edo bizi izan duten kontatu dute Hiriartek, Erbitik, Zamorak eta Legasak. Uste dute inplikaziorako eta elkarlanerako tresna bat dela, belaunaldiz belaunaldi transmititua.

Guraso batzuk Herri Urratsen, ostatu gibelean taloak egiten, duela bi urte. PATXI BELTZAIZ
Guraso batzuk Herri Urratsen, ostatu gibelean taloak egiten, duela bi urte. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xinaurri lanetan ari dira Seaskako gurasoak Herri Urrats gauzatu dadin: autoak bideratu, taloak plantxan ezarri, artekia erre, txokolatea hedatu, txartelak saldu, basoak bete, bazkaria zerbitzatu, haurren xokoa kudeatu, eszenak muntatu —eta desmuntatu—, garbiketa egin... Haurrak Seaskan eskolatuak dituzten ia 2.500 gurasok betetzen dituzten lan txandei esker funtzionatzen du egunak. Alde batera utzi gabe urte osoan lantalde berezietan direnek egiten dituzten bilkura luzeak eta egun anitz lehenago hasten diren prestaketa lanak. Kolektiboaren indarra gorpuzteko eta Seaskaren aldarriak plazaratzeko balioko du igandean Senperen ospatuko duten ikastolen bestak; aurten, partikularki azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen alde borrokatzera akuilatu nahi dute jendea

Haurra zela bizi izan zuen lehen aldiz Herri Urrats Mañu Erbiti uztariztarrak. Gero nerabe eta gazte gisa, bestan, eta azken hamabost urteetan, guraso laguntzaile gisa. Seaskako ibilbidea bukatua du semeak, baina laguntzaile lanetan segituko du Erbitik aurten oraino, Herri Urratseko lehendakarikidea denez ondorengoari «transmisioa» egiteko. Harreman luzea du Erbitik ikastolen besta egunarekin, lehen aldia ezagutu baitu: «Lehen Herri Urratsen egon nintzen haurra nintzenean. Garai hartan, ene ikastolan ama ikastola baizik ez zen, eta, doi bat zaharragoa nintzenez, ez nintzen gehiago Seaskan, baina biziki oroitzapen ona dut, lotura handia bazelako denen artean. Oraindik ikastola guti ziren, denek ezagutzen genuen elkar, eta denak biltzen ginen hor, nahiz eta ez zen orain bezainbat jende», gogoratu du. 

HERRI URRATS - TALOAK
Guraso talde bat taloak prestatzen, 2023ko Herri Urratsen. PATXI BELTZAIZ

Erbitik bezala, harreman luzea du Sylvie Hiriartek Herri Urratsekin: 25 urtez izan da Seaskako guraso, eta aitzinetik, Seaskako langile ere bai. Hortaz, abantzu 28 urtez aritu da lanean, eta erran du «beti gustura» ibili dela. Seme-alabak handituak ditu orain, eta, aspaldiko partez, txandarik ez du egin beharko aurten. Ez du erabakia halere joanen den ala ez, baina argi du hainbeste urtez bizi izanikoa «sekulako esperientzia» izan dela. Araba guneko ostatua kudeatu zuen hainbat urtez, zerbitzuan aritu zen beste hainbestez, eta txartelak saltzen ere bai aldi batzuetan. Iragan urtean bolant taldean ibili zen: laguntza non behar, haiek han. Aitortu du, oro har, nahiago izan duela «gibeleko» postuetan aritu, bereziki gazteen alkohol kontsumoarekin kezkatua baita. Horrekin lotuta, anekdota bat gelditu zaio gogoan iltzatua: «Ostatuan aritzen nintzenean, nortasun agiria galdetzen nien gaztetxoei. Behin, parekoa gaitzitu nuen, nortasun agiria atera zuen gogoz kontra, eta 23 urte zituen», kontatu du, erdi lotsa, erdi irriz.

Denen konpromisoa

Nolanahi ere, Hiriartek uste du Herri Urratsek balio duela elkartasun mezu bat hedatzeko eta gizarte eredu bat defendatzeko: «Haurrek ikusten dute gurasoak inplikatzen direla, Seaskaren alde, euskararen alde, eta gizartea eraikitzen dela parte hartuz, inplikatuz, elkarlanean, eta elkar sustengatuz». 

Mizel Zamorak leku eta ikuspegi anitzetatik bizi izan du Herri Urrats: musikaria da, eta txarangarekin batean lakuaren itzulia egina du franko aldiz nerabe zela. Gerora ere, musikari eta dantzari gisa aritua da urtero guneko hainbat lekutan. Aurten, sortzaile lanetan aritu da, Laku bat orroka kantuaren musika egin baitu. Guraso laguntzaile gisa hasi zen lanean duela zenbait urte, eta orain, urteko antolaketa segurtatzen duen lantaldean ere ari da. Egunean bertan, eszena kudeatzen du. Naturalki engaiatu zela kontatu du: «Herri Urrats ez da jaialdi soil bat, baizik eta beharrezkoa den tresna bat. Rol batean baino gehiagotan bizi izan dut, baina beti ikuspegi berarekin: euskararen aldeko borroka bizirik atxikitzea. Oholtza gainean edo gibelean, guraso edo kantu sortzaile gisa, denak zentzu bera du: euskararen eta Euskal Herriaren aldeko engaiamendua. Niretzat, konpromiso hori naturala da». 

«Naturala izan da engaiatzea, gure bizia hala izan baita: guk ere gurasoak ikusi ditugu ikastolen alde lanean, eta nahi diegu gure haurrei hori bera transmititu»

MAÑU ERBITI Herri Urratseko laguntzailea

Erbitik, gisa berean, erran du hainbeste urtez engaiatzea nahiko «naturala» izan zaiola. «Naturala izan da, gure bizia hala izan baita: guk ere gurasoak ikusi ditugu ikastolen alde lanean, eta nahi diegu gure haurrei hori bera transmititu», adierazi du. Guraso berrien belaunaldiek segida hartzea eder zaio Erbitiri, eta uste du transmisio lan handia badela eramateko, egunak aitzina segi dezan. 

Preseski, lehen aldia da Maylis Legasak Herri Urrats «barnetik» biziko duela, erran nahi baita laguntzaile izanez: duela guti sartu zitzaizkion alabak ikastolan, eta aitzineko urteetan senarra ibili zen txandetan. Aurten, beraz, lehen txanda eginen du, zirkulazioan eta aparkalekuan, Senpereko Zaldubi ikastolako gurasoei dagokien lan txandan. «Haurrak ikastolan ematen ditugularik badakigu zer lan izanen den guretzat guraso gisa, eta inplikatu beharko dugula ikastolako bizian, eta Herri Urrats horren parte da, bistan da. Gu baino lehenago beste guraso batzuk aritu dira, eta gure ondotik beste batzuk izanen dira; kontent naiz hari horren parte izateaz», segurtatu du. 

Erbitik azaldu du eguna behar bezala gauzatzeko Herri Urratsen mamia zein den azaldu behar zaiela sartu berri diren guraso batzuei. «Esplikatu behar zaie beren ikastolako biziaz gain Herri Urrats ere garrantzitsua dela Seaskarentzat. Gehienek ulertzen dute zertarako inportantea den, eta zeinen beharrezkoa den. Lortzen dugu kasik guraso guziak biltzea», erran du. Legasak gehitu du «izugarri ederra» dela ikastola guzien artean halako egitasmo bat plantan ezartzea, eta biziki garrantzitsua iruditzen zaiola euskarazko ikasketa prozesu osoa zutik atxikitzeko bidean. 

«Eguna intentsitate handiz bizi dut, estresaren eta ilusioaren arteko orekan. Kezka beti hor da, bai baitakigu halako egun batek milaka xehetasun dituela eta edozer gerta daitekeela. Baina, aldi berean, konfiantza handia dut kolektiboan: badakigu elkarrekin aitzinera ateratzeko gai garela»

MIZEL ZAMORA Herri Urratseko guraso laguntzailea

Guraso guzien arteko elkarlanak, bestalde, elkar ezagutzeko parada ematen die usaian ikastolako atarian baizik gurutzatzen ez direnei. Legasak kontatu du Senpereko ikastolari dagozkion txandetan jadanik elkar ezagutzeko parada dutela gurasoek: «Garbiketa txandetan, adibidez, elkarren ezagutza egiten dugu, talo salmentetan ere berdin... Ageri da eskola bizi bat dela, eta harremana haurren artean sortzen dela, baina baita gurasoen artean ere». Erran du ikastolaren inguruan sortzen den elkarte bizia, bestalde, sozializatzeko eremu bat dela guraso batzuendako, bereziki kanpotik Euskal Herrira etorri direnendako. Eta nahiz eta lehen aldia izanen duen Herri Urratsen laguntzaile gisa, pentsatzen du gurasoen artean sortzen den giro gozo hori atzemanen duela hor ere. Justuki, Hiriartek kontatu du hainbat urtez egindako txandetan barnealdeko eta kostaldeko gurasoak biltzen direla, eta laguntasun harremanak sortzen direla. 

Orain, eguneko lan txanda egin eta gozatzea baizik ez zaie falta, baina Zamorak aitortu du estres pixka bat ere izaten dutela barne antolakuntzan dabiltzanek. «Eguna intentsitate handiz bizi dut, estresaren eta ilusioaren arteko orekan. Kezka beti hor da, bai baitakigu halako egun batek milaka xehetasun dituela eta edozer gerta daitekeela. Baina, aldi berean, konfiantza handia dut kolektiboan: badakigu elkarrekin aitzinera ateratzeko gai garela», erran du. Eta gehitu du egunean bertan ikusten dutenak aitzina jotzeko grina ematen diela: «Lanean ari garelarik ere sentitzen da zergatik gauden hor: jendearen irribarreetan, euskararen presentzian eta sortzen den indar kolektiboan. Horrek ematen dio zentzua neke eta urduritasun guztiari».

Zamorak berretsi du neurriz kanpoko elkarlan bati esker ateratzen dela aitzina eguna, eta adin eta belaunaldi guzietakoen parte hartzeak egiten duela posible: «Osagai nagusia elkartasuna da: helburu komun baten inguruan biltzeko gaitasuna. Ehunka lagunek parte hartzen dute egun horretan lanean; belaunaldi guziak hor dira: haurrak pegatinak saltzen eta ikastola guzietako gurasoak lanean...».

EGITARAUA

  • Araba BERRIA gunea. Mutxikoak (10:00), Pirritx, Porrotx eta Marimotots (11:30), Anje Duhalde (13:00), Olaia Inziarte (14:30), Mirua (16:00), Janus Lester (17:30), Lin Ton Taun (19:00). 
  • Nafarroa Badok gunea. Dr. Palauer (10:00), Herenegun (11:15), Gar (12:30), Xiberoots (14:00), Auhen (15:30), Niña Coyote eta Chico Tornado (17:00), La Txama (18:30). 
  • Lapurdi Mantangorri gunea. Gosaria (09:00), Gurashow (13:00), Goazen (14:30), Sardina Freskua (16:00).
  • Gipuzkoa gunea. Bertso saioa (11:00), Baiona Kantuz (12:30), Bix (14:00), Arti (15:30), Kuma No Motor (17:00), DJ Elepunto (17:30). 
  • Xiberoa gunea. Estitxu Robles eta Dantzaz (11:00), Zabala Moduloa (11:45), Ezpela (12:30), Leinua (14:00), Kukai (15:00), Kospeistar Orkestra (16:00). 
  • Bizkaia gunea. Haurren xokoa (egun osoan). 
  • Baxe Nafarroa gunea. Erronka (egun osoan). 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA