Aspalditik hor zen, eta aurten lakutik aterako da. Herri Urratsen aurtengo kantuarentzat Eñaut Castagnetek egindako bideoklipan sortutako munstroari bizia ematea erabaki dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren antolatzaileek. Maiatzaren 10ean izanen da, Senpereko lakuan beti bezala, eta Donapaleun eraikitzekoa duten lizeo berriarentzat izanen da bildutako sosa. «Munstro bat da, baina txintxoa. Aspalditik laguntzen gaituen indarra da, gure aitzinetik izan diren gurasoen indarra», esplikatu du Mañu Erbiti Herri Urratseko antolatzaileak, munstroaren irudia alboan zuela. Pixkanaka Herri Urratseko maskota bilakatzea da asmoa. «Haur batzuek zinez uste dute laku barnean badela munstro bat», kontatu du irriz. Aurten oraindik iruditan baizik ez da izanen, baina ondoko urteetan pixkanaka gorpuzten joanen da.Â
Indar horren babesa funtsezkoa baitzaie ikastolei. Oraingo eta lehengo guraso eta ikasleen indarra, baina baita «ikastoletako militante eta euskalzale ororena» ere Koldo Rodriguez antolatzailearen hitzetan. Dei egi du aurtengo herri urrats euskararen aldeko besta nazionala bilakatzeko. Euskaraz dagoen kalitatezko sorkuntza erakutsiko dute Senpereko lakuaren inguruan antolatuko dituzten zazpi guneetan. Baina aldarrikapenak ere izanen du lekua: 17:00 elkarretaratzea eta argazki erraldoia eginen dituzte Araba gunean, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. «Munduari eta Frantziako agintariei erakusteko zein den gure hautua», Rodriguezen hitzetan.Â
Izan ere, Parisek euskararen kontra egitea erabaki du beste behin, aurtengo baxoan ere azterketen zati bat euskaraz egiteari errefusa emanda. «Bagenuen esperantza aitzinamendu batzuk izanen zirela», aitortu du Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak. Baina ez da hala izan. Hemendik aitzina, borrokan segituko dutela erran du, guraso eta ikasleei utzita ekintzak egiteko ardura, Seaskaren babes osoarekin; funtsean, hasi dira jadanik. «Nork bere hizkuntza egitea eskubide unibertsala da. Borroka hau ez da bakarrik Seaskarena, euskaraz ikasten duten guziena da».Â
Txartelak prezio apalagoan
Askotariko egitaraua antolatu dute aurten ere Herri Urratserako, bakoitzak dituen gogo eta gustoen arabera momentu goxo bat iragateko aukera izan dezan. Besteren artean aipatu dituzte Araba-Berria gunean izanen den Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikusgarria Pontx pailazoarekin batera, eta Mirua taldeak Ipar Euskal Herrian emanen duen lehen kontzertua. Kukai dantza taldearen ikusgarri berria estreinekoz ikusteko aukera ere izanen da.Â
Gainerakoan, Euskal Herriko eszenan diren izen handi anitz ikusteko parada izanen da taula gainean: Anje Duhalde, Olaia Intziarte, Janus Lester, Lin ton taun, Xiberoots, Auhen, Niña Coyote eta Chico Tornado, La Txama... Nafarroa-Badok gunean Gar taldea arituko da, aurtengo maketa lehiaketako irabazlea.Â
Lapurdin janari gunea izanen da usaian bezala. Bertan izanen dira gosaria, sagardotegia eta zikiroa. Tokiko gunea ere izanen da tokiko ekoizpenekin. Haurren Xokoa bi lekutan izanen da: Bizkaian puzgarriak eta Araban Eroskiren eta EiTBren animazioak. Bertso saioa izanen da goizean, eta egun osoan zehar txarangak eta bestelako animazioak
Txartelen prezioa ere izanen da aurtengo berritasunetako bat: erdia jautsi dute prezioa, 0,65 eurotara, araberan egokitzeko salgaien prezioa. Hondakinen kudeaketa zorrotza eginen dute beste behin, eta baso berriak etxetik ekartzera deitu dute bakoitzak dituenak berrerabiltzeko. Azkenik, autobusak izanen dira aurten ere herrietatik. Txartelak Herri Urratsen webgunean daude salgai.Â