Ziburuko emazte saregileen berri izan zuenetik, haien historia biltzen ibili da Elena Veran Caron. Horrela osatu du arrantza sareen estetika ardatz zuen master bukaerako lana. Dozenaka emazte saregile identifikatu ditu, eta aitortza gisara, erakusketa batean egin die leku. Â
Veran Caronek 2023ko abenduan abiatu zuen bi urteko ikerketa, Uhaina itsas elkartera joan eta Irene Ezeiza saregile ohia ezagutu ondoan. Orduan, master bukaerako lanaren gaia moldatzea erabaki zuen, eta arrantza sareen inguruko interes estetikotik historikora bideratu. Hala, emazte saregileen historia osatzen hasi zen buru-belarri, Ziburuko portuko arrantzaleengana, herriko lagunarteetara eta elkarteetara joz. Tamalez, kasik debaldetan izan zen, lekukoak guti topatu baitzituen.
Portuko artxiboetara ere jo zuen, eta, argazki batzuk atzeman ondoan, lekukotasunak lortzeko prentsa deialdi bat zabaldu; fruituak eman zituen saiakerak, garai batean saregile ariturikoak eta haien ahaide andana hurbildu baitzitzaizkion. Gainera, Itsasbegia elkartea ere izan zuen bidelagun, eta, elkarte horren bidez, saregileen lanbideari loturiko hainbat herritar elkartu ziren. Hilabete luzeetako bilketa lan hartan, memoria lantzearen eta aztarnak uztearen behar larriaz ohartu zen Veran Caron, eta erabaki zuen transmisioaren gaia erakusketaren muinean ezartzea.
«Haien historia ahoz eta esparru pribatuan zabaldua zen. Gehienetan, familiako kideek ez zekiten baitezpada horretan arituak zirenik ere. Gehienak bost bat urtez aritu izan ziren; goizik ama izan, eta orduan utzi. Baziren beste batzuk bi lanbide zituztenak. Gaur egun gazteak udan ostalaritzan ari diren bezala ari ziren, nolabait, garai labur batean eta, askotan, familiari aipatu gabe».
Artxiboak sortzeko gunea
Erakusketa hasieratik, bisitariek bere artxibo propioa osatzeko eskuliburu ttiki bat proposatzen du egileak. Norberak bisitatik gogoan atxikirikoak biltzeko parada ematen du artxibo pertsonalizagarri horrek, eta, gainera, artistak azalpen testuz, argazkiz, lekukotasunez eta istorio osagarriz josi du. Hain justu, bultzatu nahi du bakoitzak bere arrastoak jaso eta atxikitzea, transmisiorako leku bat eta euskarri bat eskainirik gal ez daitezen: «Egun, sistema patriarkalak baldintzatzen ditu oraindik artxiboak. Horregatik, gure arbasoen artxiboak egin behar genituzke denek, gure esku izateko eta ondotik herritarren artean zabaltzeko», aipatu du Veran Caronek.
Erakusketan murgiltzean, saregileen historiari buruzko narratiba moduko bat osatu du lehen gelan Veran Caronek. Bigarren gelara doan pasabidea ere ez du hutsik utzi; hartan, Les mains des femmes (Emazteen eskuak) instalazioak hartu baitu lekua. Emazte saregileek egin jestu errepikakorrei buruzkoa da, lan oren luzeetako neke, poz eta funtsean bizipenei buruzkoa. Gainerako gelek ere zentzumenak piztera gonbidatzen dute; segidan den ezkaratzean, entzumenezko instalazio bat bada, baita ikerlaneko objektuez estaliriko erakusmahai bat ere. Gisa anitzetako teknikak eta euskarriak nahastearen alde egin du ziburutar gazteak, konbentzitua baita transmisioa zentzumenezko esperientzien bide egiten dela dela ongien.
«Artxiboa eta transmisioa dira nire lanaren muinean. Ehuna, horren baitan, transmisio bide bat da, hunkitzearen, ikusmenaren eta ahozkotasunaren bitarteko bidea. Gainera, ehunak badu beste dimentsio bat, emazteen historian elementu garrantzitsua baita».
Erakusketaren azken puntan, saregileen historia eta hitzak ageri dira maindire xuri baten gainean serigrafiaturik. Alde bietan, emazte saregileen izenei aspaldian merezi lekua eman die, eta hurbilekoei inguruan batzeko aukera eskaini gainera. Azken gelako mezua ezin argiagoa da; saregileen aulki huts bat bada sare urratuak azpian dituela. Nehoiz izendatuak eta aitortuak izan ez diren emazteen historiaren eszenifikazioa da: historian lekurik gabe gelditu ziren, baina egun berriz ere azaleratzen ari da.