Azken aste hauetan, Ipar Euskal Herrian kafe makinen jarioak ez du etenik izan. Kafez kafe, hautagaiak buru-belarri ibili dira haien zerrenden osatzeko. «Ene izena zerrendaren puntan jar dezakezue, sustenguz, parekidetasunarentzat», «zuri pentsatu dugu gazte guti dugulako zerrendan», «zuekin aurkezten banaiz nahi nuke agglo-ra joan»...: zerrenden burutzeko sortzen diren ika-mikek herriko bozen xarma egiten dute, «itxurazko apolitismoa» entretenitzen duten ber.
Ipar Euskal Herriko herri ttipietan hurbiltasunaren logika da nagusi, hau da, «herritarren zerbitzura» aurkezten diren «etiketarik gabeko» zerrenden arteko lehia. Entrekostako herri handiagoetan ere joera hori oraingoz nabari da, nahiz eta herri batzuetan eztabaidak gai konkretuen inguruan polarizatzen diren (Marienea, etxebizitza, turismoa...). Kostaldeko hirietan, aldiz, etiketa politikoak asumitzen dira, eta ez bada hala, programek erraxki sala dezakete bataren eta bestearen kolore politikoa. Eta bada agglo-a, hots, Euskal Hirigune Elkargoa.
Duela sei urte, instituzio berri honen errotzea edota makineria administratibo pisu honen eratzea zen erronka. Hauteskunde hauek, berriz, Elkargoa espazio instituzional izatetik espazio politiko autonomo izatera pasatzeko bihurgunean kokatzen dira —hots, bere ahots eta agenda propioak dituen konfrontazio politikorako eszenan—. Izan ere, espazio edo eskala politikoa ez da kategoria analitiko natural bat, indar harremanean eraikitzen den prozesu politiko baten emaitza baizik.
Elkargo-kontseiluan talde politikoen sortzeari jarraikiz, hautetsi abertzaleak baldintza politiko berri horietara iristeko ahaleginak egiten ari dira, herri batzuetan argiki asumituz eta besteetan erdizka. Kontraesanak kontraesan, herri gehienetan estrategia hori zerrenda «zabal eta anitzen» barnean diluitzen diren elkargo-hautagai mozorrotuen bidez gauzatzen da, Elkargora eramanen den programa politikoaren eztabaida bigarren denborarako utziz, hots, hauteskundeak egin eta geroko. Alta, erronka bat bada hauteskundeen eztabaida politikoa Ipar Euskal Harriaren markoan eta gaietan zentratzeko, hemengo eztabaidak ez daitezen Frantziako Estatuko eszenario politiko ilunetik baldintzatuak izan.
Parean, haizea kontra baitator. Frantziako estatu zentralak, alde batetik, prefetaren bitartez, eraikitzen ari den espazio politiko horren oztopatzeko joera azkartu du, Laborantza eta Elikaduraren Kontseiluaren sorrera lekuko. Bestetik, kostaldean bereziki, hautagai batzuek Frantziako Estatuan eramaten diren bereizketa politiko bortitzen luzapenean kokatu nahi dituzte hauteskunde hauek. Logika horretan du Max Brissonek EH Bai «ezker muturreko» alderdi gisa izendatu berriki, eskuin muturraren narratibari segika. Beste batzuk Frantziako agenda politikoan nagusitu diren eztabaida-marko faxisten gibeletik doaz: «segurtasunaren» izenean kamera gehiago eta arma gehiago polizia munizipalentzat…
Bozak boz, trikimailuak trikimailu, hauteskunde garaia pasatuko da. Eta hautetsiak haien bulegoetan sartuko dira berriz, irabazi dituzten ahalmen urriekin jendartea irauliko dutelakoan papoa hanpaturik. Herritar batzuk satisfos geldituko dira paper baten bidez faxismoaren aurka egin duten sentsazioarekin eta etxera sartuko dira berriz, sekuentzia politiko horretan parte hartu nahi ez dutenei doinu paternalistadun lezioak emanez. Alta, bada lan egunerokoan karriketan, ostatuetan, elkarteetan, herri mugimenduan. Zonbat kafe hartuko dira bihar, sekuentzia elektoraletik kanpo, Euskal Herri antifaxistaren eraikitzen segitzeko?