Indarkeria bikarioa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren hurbileko bat erabiltzea da, hari sufriarazteko; kasu gehienetan, haurra da baliatua ama kontrolatu eta hunkitzeko. Haurra emazteen aurkako indarkeriaren beste biktima bilakatzen da; zehaztekoa da indarkeria fisikorik gabekoa izan daitekeela indarkeria bikarioa. Muturreko kasuetan, gizonak haurra erailtzen du, ama bizi osorako zigortzeko. 2003tik geroz, Euskal Herrian 131 emazte eta hamahiru haur hil dira indarkeria matxistaren ondorioz; hiru haur erailak izan dira Ipar Euskal Herrian. Asteartean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanen da, eta hainbat protesta izanen dira Ipar Euskal Herrian.
Azken hilabeteetan, Astrid Lejueeren historia zabaldu da, indarkeria bikarioa jasaten ari dela eta. Angelun handitu zen, eta azken aspaldian Eskoziara bizitzera joana zen. Eskozian ezkondu zen, eta semea ukan zuen. Haurra ukan eta urte eta erdi berantago, bikotea bereizi zen, Lejueek urte luzez bortizkeriak pairatu zituelako senarrarengandik. Duela zenbait aste, Lejuee atxilotu, eta semea Eskoziara aitarengana igorri dute auzitegiaren aginduz, eta hura ikusteko biderik gabe gelditu da Lejuee.
BERRIAn kontatu du senar ohiarekin bizi zelarik bortizkeria fisiko «guti» jasan zituela, baina bai bortizkeria psikologikoa: «Uspelak uzten ez dituen bortizkeria ere jasanezina izan daiteke. Etengabean oihukatzen zidan, erraten zidan eroa eta histerikoa nintzela. Beti gutxiesten ninduen. Ezin nuen baxera nik nahi nuen maneran egin, berak nahi zuen gisara egin behar nuen; bankuko kontuak kontrolatzen zizkidan; ezin nituen lagunak edo familia ikusi; batzuetan egunez eta egunez ez zidan hitzik zuzentzen, haren gaitzitzeko zerbait egin nuelakoan». Gehitu du gizonak maitasunez eta amultsutasunez gabetuz zigortzen zuela: zerbait «gaizki» egiten bazuen, orduan ferekarik ez, musurik ez, begiradarik ez, eta sexu harremanik ez. «Suntsitzailea da emazte gisa». Lejueek haurra nahi zuen, nola edo hala: «In vitro ernalketa bat egin genuen, sexu harremanik ukan gabe ezin baikenuen haurrik ukan; ene gorputzaren kontrola ere bazuen. Biziki gaizki bizi izan nuen», erran du.
Mariuxi Urrutiak ere indarkeria bikarioa pairatu du. Mutil lagun ohiarekin sei urtez egon zen. Ekuadorren elkar ezagutu zuten. Frantzia, Ekuador eta Euskal Herriaren artean zenbait joan-jin egin eta gero, azkenean Euskal Herrian bizitzea erabaki zuten. Urrutiak azaldu duenez, harremanean botere harreman bat bazen, bereziki gizona «manipulatzailea» eta «kontrolatzailea» zelako. Egiten zuena kontrolatzen zuen, eta, zerbait egiteko, baimena eskatu behar zion. Jendearekin, edo bakarrik zirelarik, gizonak jarrera desberdina zuen: «Lagunekin edo familiarekin ginelarik, nirekin biziki zintzoa zen, konplimenduak eta ferekak egiten zizkidan. Baina behin etxera sartuta, higuingarri bilakatzen zen. Hitz gaiztoak botatzen zizkidan etengabean. Beti erraten zidan bera pertsona ona zela eta ni txarra».

Nahiz eta harremana «kaltekorra» izan, harremanak segitu zuen ber dinamikan, eta haur bat ukaiten saiatu ziren. Gorabehera batzuk ukan zituzten, eta behin lortu zutenean haurdunaldia «amesgaizto» izan zela kontatu du Urrutiak. «Haurdunaldi denboran gero eta gaiztoago bilakatu zen, eta anitz-anitz haserretzen hasi ginen. Harremana utzi nahi zuela erran zidan». Orduan, harremana utzi zuten, baina, jendearen begiradagatik, alegiazko harreman bat sortu zuten, elkarrekin bizitzen segituz: «Ez zuen bereiztea bere gain hartu nahi; beraz, jendearen aitzinean bikotean bagina bezala antzezten genuen. Niregan kontrol bat atxikitzeko molde bat zen».
Haurra, zigorra
Jendearen begiradagatik segitu nahi zuen harreman faltsua, baina baita haurrarengatik ere. «Haurdunaldi denboran, etengabean errepikatzen zidan ama txarra izanen nintzela, zozoegia nintzelako eta, beraz, ez nuelako gaitasunik ukanen. Beti erraten zidan eskerrak hemen izanen zela haurrarentzat. Horrez gain, garai hartan lagun guztietatik urrundu ninduen. Biziki bakarrik sentitzen nintzen», oroitu da Urrutia.
Lejueek ere gisa bereko mekanismoak bizi izan zituen. «Gure semea sortu eta gero, haurra hartzen zuen, eta zerbait egiten banuen desegoki iruditzen zitzaiona, erraten zion: ‘Negar egin ezazu, ama gaixtoa izan da; ez du egin aitak nahi zuen bezala’. Arma baten gisa erabiltzen zuen ene kontra», azaldu du Lejueek.
Dibortzioa bereizketatik bi urtera izenpetu zuten azkenean, tartean Lejuee etxegabe egon zela haurrarekin. Indarkeria matxistari, dibortzioari eta haurraren zaintzari dagozkion prozedurak kudeatzen aritu izan da hainbat urtez Eskozian, eta aurtengo otsailean, semea eta biak Euskal Herrira, amaren etxera itzuli ziren, Eskozian gerorik ez zuela ikusita. Iritsi bezain laster, abokatu batekin bildu zen, eta familia aferez arduratzen den epaile batekin hitzordua finkatu zuen, azarorako, Baionan. «Haurraren zaintza eredua eta ongizatea antolatzea» zen Lejueeren xedea, betiere aitarekin harremanean. Baina gizonak Frantziako Justiziari dei egin zion, «sorlekuaren araberako herritartasun eskubidea» aplika zezan. Urri hasieran iragan zen dei auzia, Pauen, eta Lejueeri eta haren semeari lehenbailehen Eskoziara itzultzeko agindu zien epaileak. Mehatxua bete zuen Paueko prokuradoreak: urriaren 27an, Lejuee atxilotu zuten, bere amarekin batera, eta haren bost urteko semea Eskoziara bidali, Lejueeren senar ohiarengana.Â
«Paueko prokuradorearen erabakia jakinarazi zitzaigunetik, bagenekien egun hori iristen ahalko zela. Errana zigun Polizia bidaliko zuela ene amaren etxeko atea haustera eta haurraren hartzera. Geroztik, ene semea ez zen gehiago eskolako zakuarekin joaten eskolara, bidaia zaku batekin baizik. Oroitzapen argazkiak prestatu nizkion». Atxilotu, eta komisariara eraman zituzten hirurak. Haurra agurtu, eta semea gela batean bakarrik eman zuten. Lejueek kontatu duenez, gero jakin zuen dena antolatua izan zela: senar ohia hor zen. Semea aitari eman, eta biharamunean, Lejuee eta haren ama atera zirelarik, erran zioten Eskoziara iritsi zirela.Â
«Ez dakit noiz ikusten ahalko dudan berriz ene semea, ezta haren berririk noiz ukaiten ahalko dudan ere. Ez naiz gehiago existitzen». Oraindik ez du argi Eskoziara itzuli ala ez. Ez daki hara itzuliko balitz atxilotuko luketen ala ez. Gehitu du Eskoziara itzultzen bada etxegabe estatusarekin litzatekeela: «Ez dut gehiago deus; banuen diru guzia prozedurak finantzatzeko baliatua izan da. Gainera, ni ezin naiz itzuli gizon horren ondora bizitzera. Lehen-lehenik nahi dudana da ene semeak bere eskubideen bermea ukan dezan: eskolatzea, harremana familiarekin, osasun artak... Ez naiz sekula borrokatzen geldituko», argi utzi du.
Haurra babestu, kosta ahala kosta
Erditze zaila ukan zuen Urrutiak. Oraindik ospitalean zela, nekeagatik, estresagatik eta dena delakoarengatik, konbultsioak ukan zituen. Ez zuen lasaitzen lortzen. Mutil lagun ohiak, hurbildu, eta belarrira xuxurlatu zion: «Segituan lasaituko zara; bestenaz, haurra ez duzu sekula berriz ikusiko. Ez duzu sekula ene alaba berriz ikusiko». «Haurra sortu berria zen, eta jadanik hasi zitzaidan beldurra sartzen haurra baliatuz. Erraten ahal zidan gauzarik beldurgarriena zen. Beldur nuen haurrarekin joanen zela», kontatu du emazteak.
«Biziki ongi bazekien haurra baliatzen ahal zuela niri min egiteko. Adibidez, harekin zelarik ez zion janaririk ematen. Edo xatarra ez zion aldatuko, eta haurra berreskuratzen nuelarik ipurdia gorritua zuen. Horrelako ekintzekin bazekien alaba ez nuelarik estresatua izanen nintzela eta gaizki biziko nuela», esplikatu du Urrutiak. Hainbat urtez borrokan aritu eta mutil lagun ohiarekin hainbat desadostasun izan ondotik, Urrutiak haurraren zaintza lortu du: «Hori da nahi nuen guztia, alaba babestea».
«Horrelako gizon gaizto batek min egin nahi badizu, dena eginen du min egin ahal izateko, haurraren bidez bada ere. Haurra baliatzea biziki bide ona da min egiteko. Haurra, azkenean, jostailu bat bilakatzen da. Haurra txotxongilo bat bezala erabilia da bestea sufriarazteko», borobildu du Urrutiak.Â
«Bereizketa garaian, kontrol hertsagarria eraldatzen da, eta indarkeria bikario bilaka daiteke»

Andreea Gruev-Vintila gizarte psikologiako irakaslea eta ikerlea da Paris Nanterreko Unibertsitatean; Le contrĂ´le coercitif au cÅ“ur de la violence conjugale liburua idatzi du, kontrol hertsagarriari buruz, eta munduan erreferentzia bilakatu da lan hori. Pertsona bati gaina hartzeko, hura bakartzeko eta haren jarrerak etengabe baldintzatzeko mekanismoa da kontrol hertsagarria, indarkeria fisikoarekin ala gabe gauzatzen ahal dena. Indarkeria matxistaren eta, ondorioz, indarkeria bikarioaren oinarrian den mekanismoa da, Gruev-Vintilaren arabera.
Nola definituko zenuke indarkeria bikarioa ?
Kontrol hertsagarriaren ikuspegitik, indarkeria bikarioa indarkeria matxistaren mota bat da, erasotzaileak biktima ez den beste norbaiten bidez eragiten duena, batik bat seme-alaben bidez. Helburua zera da: biktima helduaren jarrera baldintzatzea, zigortzea edo hari mendeku hartzea. Haurraren erailketa indarkeria bikarioaren formarik larriena da, baina beste hainbat moduz gauzatzen ahal da: indarkeria fisikoaren, psikologikoaren edo ekonomikoaren bidez, edota sexu indarkeriaren bidez. Betiere, haurra erabiliz amaren kontra egiteko.
Bikotearen bereizketa garaian indarkeria hori areagotzen da, ezta?
Bai, batez ere haurraren etxebizitzaren eta zaintzaren inguruko testuingurua gatazkatsua bada. Ene liburuan aipatzen dudan nazioarteko ikerketa zientifikoak zera erakusten du: bereizketaren garaian, erasotzailearentzat, bikotekide ohiarekiko kontrola atxikitzeko manera bakarra haren eta haurraren arteko harremanari kalte egitea da, eraso eginez edo sabotatuz, horretarako bidea haurraren erailketa izan behar baldin bada ere.
Testuinguru horretan, haurrari ko-biktima edo albo biktima deitzen zaio, ez baita bere horretan jomugan ezarria; erraterako, gerta daiteke guraso erasotzailearen eta haurraren artean aldez aitzinetik aihergorik ez izatea. Baina preseski bigarren mailako biktima bezala hunkia delako ez da ikusten eta ongi kontuan hartzen haurrak pairatzen duen arriskua. Ene liburuan aipatzen ditudan ikerketa zientifikoek, preseski, agerian uzten dute haurrak paira lezakeen arriskua ulertzen ahal dela soilik amaren kontrako kontrol hertsagarria kontuan hartzen bada, betiere ulerturik indarkeria bikarioa kontrol hertsagarriaren tresna bat dela.
Zendako bereizketaren momentuan are agerikoagoa da indarkeria bikarioa?
Lehenik, argi utzi behar da bereizketak amari eta haurrei ez diela ekartzen ez segurtasunik, ezta askatasunik ere. Kontua da bereizketa garaian, kontrol hertsagarria eraldatzen dela. Erasotzaileak ez du gehiago tresna fisikorik ama hertsatzeko, ez baitu gehiago kontaktu fisikorik harekin. Kontrolatzeko hainbat baliabide galtzen ditu, eta beraz, beste batzuk plantan ezartzen ditu. Frantziako legediak, gaur egun egina den bezala, kontrola beste mota batez gauzatzea ahalbidetzen dio. Besteak beste, guraso eskubideen izenean: haurrarekin harreman bat atxikitzea galdetzen ahal du, eta amari jazartzen segitzen ahal du juridikoki; indarkeria hori hirukoitza da: psikikoki, fisikoki eta ekonomikoki itotzen segitzen du. Eta horrek, gainera, eragina badu amatasunean, amari kentzen baitio baldintza onetan izan nahiko lukeen ama izateko ahala.
Ustez biktima babesten duten sistema horiek, justizia sistemak eta haurtzaroaren babeserako egiturak, legearen gaur egungo egoeran, amaren eta haurren egoera are okertzen ahal dute, eta, gainera, erasotzailearentzako arma bihur daitezke. Auzitegi batek hala ebatzi zuen 2024an.
Genero aldagaia agerikoa ote da?
Britainia Handiko ikerketek 10 urteko aitzina dute gai horietan, eta erakusten dute 2023an indarkeria hertsagarriagatik ezarritako kondenetarik %97,7 gizonei ezarri zaizkiela. Eta indarkeria bikarioa eskema horretan kokatzen da.
Uste duzu epaile mota desberdinen arteko elkarlanak egoera hobe lezakeela?
2024tik, printzipioz, epaile guziek elkarrekin komunikatu beharko lukete. Izan ere, zigor zuzenbideko epaileen rola delituak epaitzea da, familia epaileena haurraren zaintzari buruz ebaztea, eta haurren epailearena haurrak paira ditzakeen arriskuak ebaluatzea. Bada, hiru epaile mota horiek kontrol hertsagarriaren ikuspegia kontuan hartzen ez duteno eta elkarren artean komunikatzen ez direno, disfuntzioak egongo dira. Zeren hobengabetasun presuntzioa atxikitzen ahal baita amaren eta haurraren babesa bermatuz: ez da kontrajarria.
Hain zuzen, gauzak mugitzen hasten dira zure liburuaren argitalpenaz gero.
Bai, epaile batzuk kontrol hertsagarriaren prismatik so egiten hasi dira dosierrei, eta gero eta gehiago ari dira guraso eskubideak kentzen kontrola gauzatzen duen gurasoari. Ulertu dute haurrak arrisku bat pairatzen duela aitak ama kontrolpean duenean. Izan ere, usu, ama batzuk ez dira bereizten, ez ez dutelako nora joan, baizik eta nahiago dutelako indarkeria haiek pairatzea, haurrak pairatzea baino, arteko gisa ezartzen baitute beren burua.
AzaROAREN 25EKO MOBILIZAZIOAK
Hainbat protesta eta hitzordu izanen dira Ipar Euskal Herrian Azaroaren 25aren karietara. Lehenik, Itaia emazte sozialisten antolakundeak egun osoko programa antolatu du biharko, Baionan, Kubako Etxean. Goizean, 10:00etan 'Nola aurre egin indarkeria matxistari?' hitzaldia izanen da; 11:30ean, serigrafia tailerra eginen dute, eta 14:00etan, murala. Igandean, Sutan Borroka Transfeminista kolektiboak Bi arnas dokumentalaren proiekzioa eginen du Baionan, Emmaus Bidean. Filmaren ondotik, Nekane Txapartegirekin solastatuko dira. Azaroaren 25ean, bi protesta izanen dira Baionan. 18:00etan, Itaiak mobilizazioa eginen du merkatuko plazan Indarkeria matxistaren aurrean kaleak hartu lelopean. Gero, manifestazioa izanen da 18:30ean, geltokitik hasita Mugimendu Feministak deiturik, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean. Barnealdean ere protesta batzuk izanen dira, hala nola Larzabaleko biribilgunean, 18:30ean.
Â