Heriotza lagundua: «Askatasuna baliabiderik gabe»

Heriotza lagundurako legea bidean da, eta iritzi publikoa, oro har, alde du. Osasun langileek kezka gehiago dituzte, pairatzen duten baliabide faltagatik.

Baionako ospitaleko arta aringarrien talde mugikorra. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako ospitaleko arta aringarrien talde mugikorra. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heriotza Lagundurako Legeak zeresan handia eman du azken hilabeteotan. Klase politikoan desadostasun handiak agertu dira. Hainbesteraino, non Frantziako Senatuak testua atzera bota duen, bazekitelako ezinezkoa izanen zela senatariak ados jartzea. Hortaz, Frantziako Asanbleak izan du azken hitza, asteazken honetan; lerro hauek idazteko orduan, bozka ez zen heldua, baina espero da diputatu gehienek alde egitea, eta legea indarrean sartzea. Politikarien desadostasunak gizartean diren desadostasunen pareko dira: iritzi publikoak nahiko begi onez ikusten du testua; Ipar Euskal Herriko Hitza-k elkarrizketatutako osasun langileen artean, haatik, dudak dira nagusi. Ñabardurak ñabardura, denek bat egin dute baliabide eskasiari erantzun gabe zentzu guti duela halako lege bat ezartzeak.

2016tik, Claeys-Leonetti legeak arautzen du bizi bukaerako arta: eutanasia eta suizidio lagundua debekatzen ditu, baina baldintza jakin batzuetan heriotzaraino irauten duen sedazio sakon eta jarraitua baimentzen du, sufrimendua arindu ezin denean eta bizi esperantza biziki laburra denean. Bestalde, erabakitzeko momentuan, aitzinetik erredaktatutako borondateek gaina hartzea ahalbidetzen du lege horrek, eta pazienteak tratamenduari uko egiteko edo eteteko eskubidea bermatzen du.

2025eko maiatzean, Olivier Falorni zentroko diputatuak lege proposamen berri bat egin zuen, heriotzarako laguntza aktiboa plantan ezartzeko; pazienteen eskubideak bermatzeko balio duen lege gisara aurkeztu dute. Iritzi publikoan babes nahiko zabala du legeak; sektore kontserbadoreetan, berriz, begi txarrez ikusten dute. Osasun langileen artean, ikuspegi desberdin anitz dira, eta bakoitzaren ideologiek, heriotzarekiko harremanek eta bizipenek eragiten dute lege berriaz duten iritzian. Oro har, halere, dudak agertu dituzte, sustut, baliabide eskasiagatik.

Lege berriak, nolanahi ere, baldintza zorrotzak ezartzen ditu heriotza laguntzarako eskubidea ukaiteko. Administratiboak dira lehen bi baldintzak: 18 urtetik gorakoa izan behar da, eta Frantziako herritartasuna izan behar da, edo bertan modu «egonkor eta erregularrean» bizi. Osasun egoerari dagokionez, bizi pronostikoa arriskuan ezartzen duen eritasun larri eta sendaezin bat izan behar da, fase terminalean. Horrez gain, tratamenduek arintzen ez duten edo pazientearentzat jasanezina den sufrimendua izan behar da, eta noiznahi pazienteak bere borondatea askatasun osoz eta modu kontzientean adierazteko gaitasuna izan behar du.

Kasu orotan, mediku eta osasun langilez osaturiko talde prozedura bat egin beharko dute, pazientearen nahiari erantzun dakiokeen aztertzeko. Prozedura gelditzeko erabakia har dezakete noiznahi. Bestalde, legeak kontzientzia klausula bat plantan ezarriko du prozeduran parte hartu nahi ez duten osasun langileek erretiratzeko aukera izan dezaten; hala egiten badute, pazientea lankide batengana bideratu beharko dute.

Baliabiderik gabe, neke

«Ez dakit lehentasuna hori zen, ikusirik baliabide eskasian garela denetan. Lege berri bat egiten dute, baina aplikatzeko baliabiderik eman gabe. Jadanik dagoenarekin zailtasunak ditugu; beraz, datorrenarekin, pentsa!», salatu du Elisabeth Etxeberrik, Annie Eniako erizainburuak. Gaineratu du beste kasu anitzetan bezala legea aplikatu beharko dutenak direla «gutien informatuak». Haren irudiko, osasun langileei ez diete deus «galdetu». «Baina galdekatu bagintuzte, uste dut denek aho batez erranen geniela lehentasunez baliabideak behar ditugula: material gehiago, ohe gehiago, artatzaile gehiago».

Aitortu du, baliabide eskasiaz haratago, ideologikoki ere zalantzagarria zaiola legea, eta ez duela horrekin bat egiten. «Gure gain izanen da hobenduntasuna. Gu hor gara pazienteen mina arintzeko, lasaitzeko, familiak laguntzeko, ez hiltzeko...». Haatik, oroitaraztekoa da legearen aldekoek diotela pazientearen «askatasuna errespetatzeko» berme bat dela, eta nork bere nahia gauzatzeko bide bat. Etxeberrik ez du hain argi: «Askatasuna baliabiderik gabe?», galdetu du.

«Galdekatu bagintuzte, uste dut denek aho batez erranen geniela lehentasunez baliabideak behar ditugula: material gehiago, ohe gehiago, artatzaile gehiago»

ELISABETH ETXEBERRI Annie Enia zentroko erizainburua

Mathieu Dujols Baionako ospitaleko arta aringarrien talde ibiltariko medikua da; Baionako ospitaleko zerbitzu desberdinetan ibiltzen dira zaintza aringarrien beharretan diren pazienteak artatzen, eta baita inguruko erietxeetan eta pazienteen etxeetan ere. Lege berriari begira jarrera bat hartzea «zaila» zaiola aitortu du. «Berez, Claeys-Leonetti legea nahiko ongi egina da ditugun egoerei erantzuteko. Arazoa da ez dela ongi ezagutzen, ezta medikuek ere. Egia da egoera batzuk legearen mugan direla, baina hala izanen da lege berriarekin ere... Ongi litzateke lehenik dagoen legea behar bezala aplikatzea», erran du.

Iritzi publikoan uste faltsu anitz direla gehitu du, hala nola Charcot-en eritasuna dutenen kasuan. «Eztabaida publikoan anitz aipatu dira paziente horiek, eta denak ados dira haien kasuan heriotza lagundua behar dela. Baina jendeak ez dakiena da egungo legearekin jada eskuragarria zaiela, sedazio jarraikiaren bidez». Halere, ulertzen du gizarte zibilak halako lege bat nahi izatea, eta segurtatu du lege berri horrekin lan egiten ikasiko duela, bestearekin egin zuen gisara.

«Berez, 'Claeys-Leonetti legea' nahiko ongi egina da ditugun egoerei erantzuteko. Arazoa da ez dela ongi ezagutzen, ezta medikuek ere. Egia da egoera batzuk legearen mugan direla, baina hala izanen da lege berriarekin ere...»

MATHIEU DUJOLS Baionako ospitaleko medikua

Aldiz, Etxeberrik bezala, Dujolsek ere uste du baliabide eskasegiak izanen direla legea ezartzen denean: «Edozein dela ere gure lan sektorea, osasun langile guziak gara baliabide eskasian; horretan, denak ados gara. Nolanahi ere, egin beharreko lehen gauza gure baliabideak hobetzea da», aldarrikatu du. Dujolsen ustez, mediku eta osasun langile anitz «izutzen» ditu lege horrek. Lasaitze aldera, oroitarazi du kasu guzietan taldekako erabakiak direla. «Kasu batzuetan badakigu nolabait heriotza lagundua dela erabaki sinpleena, baina gero, erabakia hartzen duen mediku gisa, horrekin bizi behar da. Ez dakit nola daramaten beste herrialdeetan, eta uste dut egoeren arabera ere hobeki ala okerrago eraman daitekeela», erran du. Legearen gauzapena ez daki zehazki nola pasatuko den, baina, nolanahi ere, uste du gizarte zibilarendako urrats handia dela heriotza lagundua «egitea posible dela» jakitea. «Baina gero, sintomak arintzen zaizkienean, ez dute uste gehiengoak galdetuko duenik», erran du.

Ongi egituratua

Arta aringarria, ordea, ez da bakarrik heriotzara bideratzen. Hori baino gehiago da, eta, osasun langileen arabera, arta aringarria ongi egituratua da Ipar Euskal Herrian. 30 urteko esperientzia dute osasun zentroek arlo horretan eta beren arteko koordinazioan. Maiatzean mahai inguru bat egin zuten, Kanbon, zenbait egituraren artean, eta denek azpimarratu zuten Ipar Euskal Herria «eredu» izan dela.

Izan ere, osasun etxe gehienetan arta aringarrirako berezituak diren oheak badaude, baina zerbitzu dedikaturik ez. Kanboko Annie Enia da zaintza aringarrien zerbitzua duen bakarra. Administratiboki, horrek erran nahi ARS Eskualdeko Osasun Agentziak osasun langile gehiago esleitzen dizkiola zerbitzuari, eta, beraz, pazienteak artatzeko denbora gehiago dutela. Baionako ospitalean, bost zerbitzutan dituzte arta aringarrirako oheak, eta osasun langile talde ibiltari bat dute, zerbitzuz zerbitzu ibiltzen dena, baita inguruko erietxeetara eta pazienteen etxera joaten dena ere. Duela zenbait hilabete, gainera, eguneko zerbitzu bat plantan ezarri zuten, pazienteek egunean zehar jaso ditzaten arta aringarriak, eta ez daitezen hainbat hitzordutara joatera behartuak izan.

Annie Enia zentroan, 1996an hasi ziren arta aringarrietarako zerbitzuaren ideiarekin, eta bi urte berantago ireki zuten. Egun, inguruko erietxeetako, zahar etxeetako eta mediku liberalek igorritako pazienteak artatzen dituzte bertan: 18 ohe dituzte, eta azken bat gehitzeko aukera ere badute, larrialdiei erantzuteko.

Pierre Yves Gilet zuzendariak esplikatu du ez direla heldu diren eri guziak hor hiltzen: batzuek epe labur batez arta aringarriak behar dituzte, eta ondotik etxera itzul daitezke, sintomak lasaiturik. «Gizartean uste faltsu anitz bada arta aringarriei buruz, eta, oro har, jendeak ez du batere ongi ezagutzen arlo hori. Bizi bukaerarako arta hori baino gehiago da». Dujolsek ere erran du, oro har, jende gehienak uste duela «sufritzen dutenak joanaraztea» dela arta aringarria. «Irudimena da. Guk zaintza aringarrien beharretan diren pazienteak tratatzen ditugu. Abiapuntua beti da ez direla sendatzen ahal. Gero, guregana heltzen badira, erran nahi du edo sufritzen dutela, edo bizi bukaerako fasean direla. Kasu guzietan, gure lana sintomak arintzea da», osatu du.

Giletek azpimarratu du egoitza diferenteen arteko kooperazioa «ona» izateak eta «sinergiak» izateak ahalbidetzen duela Ipar Euskal Herriko pazienteendako arta aringarriak eskuragarri izatea. «Ez da hala denetan», zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA