Donibane Garazi: saihesbiderik eta euskara zerbitzurik gabe segitzeko arriskuan

Azken agintaldiko proiektuen artean, herriko etxearen aitzineko plazaren berrantolaketa eta errepide nagusiko obrak nabarmendu ditu Intxauspek. Larrek proiektuak salatu ditu, hiria «edertzeko bakarrik» balio dutelakoan.

Donibane Garaziko sarrera, iazko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Donibane Garaziko sarrera, iazko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Donibane Garazi
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1953an sortu zen saihesbide bat egiteko beharra Donibane Garazi erdigunea autoz arintzeko. Harrezkeroztik, biztanleriaren ahotan ibili da proiektua, baina gaurdainoko auzapez bakar batek ere ez du nahikoa egin proiektua gauzatzeko. Joan den agintaldian dosier zaharraren hautsak harrotu ditu Laurent Intxauspe eskuineko auzapezak herriko etxearen aitzineko plaza berrantolatu baitu, baita herriko bide zati batzuk ere. Zurrumurruak zabaldu ziren obrak baliatu ote diren saihesbidea gauzatzeko presioa egiteko, baina, auzapezak segurtatu duenez, «segurtasun arazoengatik» berrantolatu du bide nagusia.

Berriki, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Euskal Elkargoko mugikortasun sindikatuak inkesta publiko bat egin dute, eta zortzi proposamen diseinatu dituzte saihesbide posible baterako. Intxauspek ez du ukatu «beharrak» segitzen duela, baina azpimarratu du, jendeak «uste ez bezala», Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren eskumena dela bidea gauzatzea, eta ez herriko etxearena. «Edozein gisaz, guk ezin dugu kasik deus egin, departamenduaren esku delako bidea egitea; dena ezin da herriko etxetik egin». 

Parean, Xabi Larre ezker abertzaleko hautagaiak Intxausperi leporatu dio hiriaren berrantolaketa «goiztiarregia» egin duela, eta gauzatu proiektuak saihesbidea egin ondoan egin behar zirela. «Sos anitz gastatu da plazatik autoak kentzeko eta dena berriz berdatzeko, baina bizkitartean Garazin lehen bezainbat auto bada, eta aterabidea ez dugu oraino atzeman. Proiektu ederrak baizik ez ditu egin, herria eder ager dadin bakarrik».

Donibane Garazi, iazko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Donibane Garazi, iazko argazki batean. PATXI BELTZAIZ

Intxauspek ez du manera berean ikusi eginikoa. Ingurumenaren inguruko 50 ekintza gauzatzeko gidaritza batzordea sortu zuen, eta horren barnean kokatu zuen plazaren berrantolaketa. Herria «lasaitu» nahian egin du proiektua, autoak «fite» ibiltzen zirelako. «Hiru kilometro berrantolatu ditugu. Herriko etxeko plazan autoak kendu ditugu, eta arbolak landatu. Bertzalde, lehengo igerilekua zena parke bihurtu dugu».

Etxe berriak

Etxebizitza sozialak eraikitzeko proiektua onartu berri dute Donibane Garazin. Orotara 35 eginen dituzte, eta, Intxauspek erran duenez, 2028rako prest izanen dira. Larrek, berriz, proiektua kritikatu du. «Etxebizitza sozialak eraikiko dituzte Donibane Garazi beherean, non uholdeak aski errazki izan daitezkeen. Guk bertze leku bat proposatu genien, baina ez gaituzte sekula entzun». 

Donibane Garazik 11.000 bizitegi ditu, eta horietarik %20 inguru bigarren etxeak dira. Datuez mesfidatzen dela erran du Intxauspek, bigarren etxeen kopuruan landetxeak eta ibiltarien aterpeak ere sartzen baitira. «Gure parekoek diote aterpe horiek txarrak direla, baina ez da hala. Gure herriarentzat beharrezkoak dira halakoak ere, turismoak biziarazten gaituelako».

Larrek, berriz, dagoena arraberritu nahiko luke, Donibane Garazi «urte osoko» herri bat izan dadin. «Dugunaz okupatu gaitezen lehenik. Turismo masiboari, Donejakue bideari eta kanpo irizpideei garrantzi handiegia ematen badiegu, marka bat sortzen dugu, ez dugu herri bat sortzen». Eta hala gehitu du oposizioko hautagaiak: «Etxebizitzari dagokionez, konpentsazio araua kostaldetik hona hurbilaraztea ez litzateke gauza txarra, nire ustez». Hain zuzen ere, konpentsazio arauak eskatzen du etxe bat urte osoko alokairuan ezarria ukaitea turismorako alokairua egin ahal izateko. Bi helburu nagusi ditu: zenbait etxebizitza urte osoko bizitokien multzora itzultzea, eta Airbnb-ren logikaren gelditzea.

Euskara eskasia

Nafarroa Behereko hiriburua euskara zerbitzurik gabe dago egun, eta, beraz, euskara teknikaririk gabe. Halere, Intxauspek zehaztu duenez, 106.000 euro banatu dituzte euskara sustatzeko. Bertzeak bertze Irulegiko Irratia eta AEK lagundu dituela erran du.

Ez du argitu euskara zerbitzurik sortuko duen berriz hautatua balitz. Segurtatu duenez, Euskararen Erakunde Publikoarengana joanen da Euskaraz barra-barra dispositiboa saltegietan plantan emana izan dadin. AEKrentzat ere lokal batzuk atzemanen dituela erran du. «Begiz jo ditut lokal batzuk AEKrentzat, orain arteko lekua ez zaielako egokia». Larreren zerrendaren proposamenen artean da euskara zerbitzua sortzea, baita euskarari presentzia «handiagoa» ematea ere. «Gidaritza batzorde bat sortu nahi genuke euskararen gaia aitzina eraman dezagun». Gehitu du herriko etxeko langileak ere euskarara ekartzeko ahalegina eginen duela.

Kudeaketa «gogorra»

Larreren kritika herriko etxeko langileen kudeaketaraino zabaldu da. Hain zuzen ere, Intxauspek herriko etxea «urrundik» kudeatu duela salatu du lehen-lehenik. «Usu Parisen da, eta urrundik kudeatzen du herriko etxea. Hemengo langileei ematen dizkie etxeko gakoak; beraz, normala den bezala, tentsio batzuk sortu dira». Haren erranetan, azken agintaldian langile «franko» joan dira, eta horrek erakutsi du herriko etxea «enpresa bat bezala» kudeatu dela. «Batzuek eszedentzia hartu dute, eta bertze batzuk joan dira, eta hori ez da sekula gertatu herriko etxean: kudeaketa gogorregiaren seinale da».

Langileen kudeaketaz galdeturik, Intxauspek erantzun du «polemika faltsu bat» zabaldu dela horren inguruan, eta nahiz langile batzuk joan bertze batzuk hartu dituela. «Nik 25 langile artio izan ditut ene bizian, eta, jendez osatu egitura guzietan bezala, langile batzuk partitu dira. Halere, atxiki behar da langileak gutxi gorabehera hamabortz urtez egoten direla hemen lanean, eta hori anitz da».

DONIBANE GARAZI

  • Demografia. 1.797 biztanle. 
  • Boz zerrenda. 1.084.
  • Herriko kontseilua. 19 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. Hautetsi bat.
  • 2020ko emaitzak. Laurent Intxauspek, %55,19 (15 kontseilari); Xabi Larrek, %44,80 (4 kontseilari).
  • 2026ko hautagaiak. Laurent Intxauspe eta Xabi Larre.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA