2020tik 2026 bitarteko agintaldirako, Bizi mugimendu ekologistak ingurumenaren inguruko itun bat aurkeztu zien Ipar Euskal Herriko herri guztiei: Eraldaketa Ekologikorako Itun Integrala. 2020an, 46 herrik ituna izenpetu zuten ofizialki, eta kopuru horri 2.000 biztanle baino gehiagoko hamar herri gehitu zizkien Bizik, segipena egiteko. Horrela, 56 herriren bilakaera aztertu du Bizi mugimenduak, 2020tik 2026ra bitarte. Zerrendako 56 herrietatik 25 ttipiak dira, 2.000 biztanlez pekoak; 16, berriz, ertainak, 2.000 eta 5.000 biztanle artekoak, eta 15 hiriak, 5.000 biztanle baino gehiagokoak: Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %87 ordezkatzen dute. 2025eko irailean, sei urteko segipenaren emaitzak aurkeztu zituzten: orokorrean, emaitzak «etsigarriak» izan dira.
Ez zen ituna proposatu zuten lehen aldia; 2014an jada, itun «sinpleago bat» proposatu zieten herriko etxeei, baina Athony Lubrano Bizi mugimenduko kideak azaldu du gauzak «izugarri guti» aldatu zirela 2014tik 2020ra bitarte. 2020ko herriko bozak jin zirelarik, Bizik ezinbestekotzat jo zuen beste itun bat prestatzea, esperantza handiagoz. «2020an, zientzialariak alarma jotzen ari ziren zinez ingurumenaren okertzearen inguruan, eta argi zuten oraindik ez zela aski mugitzen. Erraten zuten erabakiak eta neurriak hartu behar zirela hein guzietan, baita herrietan ere. Zerbait egin behar genuen».
Esplikatu du berotegi efektuko gasen %15 hirietan isurtzen direla, eta zeharka %50 ere izan daitezkeela, hirigintza antolaketarako erabakiak kontuan hartzen baldin badira. Lubranok adibide bat eman du: «Herriko etxe batek erabakitzen badu pentze galdu batean etxe multzo bat eraikitzea, behartuak izanen dira bideak eraikitzera autoz iristeko; beraz, jendea autoaren menpeko bilakaraziko dute». Herriko etxeek ardura «handia» dute ingurumenari dagokionez, eta, gainera, Bizikoek uste dute ate anitz badituztela ekiteko.
«Larrialdi» egoera ikusirik, mugimenduak, hausnarketa bat abiatu, ituna osatu eta 2020ko herriko bozetan aurkeztu ziren zerrenda guziei proposatu zien izenpetzea. Sei urtez aztertu dute 56 herriko etxeen bidea, eta plazaratu dituzten emaitzek argi erakusten dute: orokorrean, hautetsiek ituna izenpetzean hitzeman zituztenetarik urrun dira hartutako erabakiak, baita klima larrialdiak behar lukeen eraldaketa heinetik urrun ere. «Gure helburua larrialdi egoeraren berri ematea zen. Erakutsi nahi genien herriko etxeei zer egin behar zuten bere eremuan, dituzten baliabideekin. Aldaketak izan dira, baina argiki, ez aski. Mementoko, ez doaz batere bide onetik».
Segitu dituzten herriak zazpi lan ardatzen arabera zaindu dituzte: autoaz besteko garraioak, eraikinen energia kudeaketa, osoki energia berriztagarrietan oinarritutako lurraldea, laborantza eta elikadura biologikoa eta tokikoa, euskoa garatuz tokiko ekonomiaren bultzatzea, hondakinen gutxitzea, ekonomia zirkularra, eta Ipar Euskal Herriko klima, aire eta energia plana osoki betetzea.
Emaitzak agerian emateko, intsektuen eraldaketaren irudia erabili dute: intsektuen eraldaketa urratsak hartu dituzte erreferentziatzat, eraldaketa ekologikoaren mailak irudikatzeko, herriko etxeen ekintza bakoitzari puntuazio bat emanez: barometroa okerrenetik onenera doa, jakinez eraldaketa lehen fasean hasten dela: -1, 1, 0, 1, 2, 3 eta 4 dira faseak. Hori kontuan harturik, hamabost herri lehen fasera iritsi dira — 2020an bi herri baizik ez ziren helduak fase horretara—. Herri bakar bat iritsi da bigarren fasera. Erran nahi du oraino nahiko apalak direla emaitzak, barometro horren arabera. «Gauzak egin dira, eta, anitzetan, neurri biziki interesgarriak ezarri dituzte, baina, argazki orokor bat eginez, ikusten da ez garela izan behar genukeen lekuan».
Kostaldetik barnealdera
Emaitza gorena lortu duen herriko etxea eta emaitza apalena duena konparatu ditu Lubranok, adibide gisa. Eraldaketa handiena ukan duen herria Baigorri izan da: bigarren fasera iritsi den bakarra da. Esplikatu duenez, Baigorrik Lapurdi kostaldeko herriek baino «baliabide gutiago» ditu, baina, halere, lortu dute gauzak «mugiaraztea»: «Hainbat iniziatiba interesgarri plantan eman dituzte; adibidez, karrikako argiak berrantolatu dituzte. Iniziatiba interesgarria izan da soiltasun energetikoaren aldetik, baita demokrazia parte hartzailearen ikuspegitik ere. Hain zuzen ere, auzoz auzoko bilkurak egin zituzten, erabakitzeko zein karrikatan behar zen argia eta zeinetan ez. Horri esker, herriko karrika argien herenak kendu dituzte. Energia soila sustatu dute, eta beraz, aurrezkiak egin dituzte diruaren aldetik ere. Eta erabakia ez zaie herritarrei inposatua izan: herritarrekin batean hartu dute».
Lubranok esplikatu du azkenean merkeagoa dela ingurumenaren aldeko neurriak hartzea, ez hartzea baino. Beraz, haren iduriko, herriko etxeek ez dute «aitzakiarik» neurririk ez hartzeko: «Ingurumenari lotuak diren erabakiei ikuspegi ekonomiko hutsarekin so egiten bazaie, emaitza guztiek erakusten dute deus ez egitea diru gehiago kostatzen dela; bereziki, klima aldaketaren ondorioen kostuak kontuan harturik. Eta, deus egiten ez bada, egoera gero eta okerragora izanen da, giza kostuak eta kostu ekonomikoak gero eta handiagoak izanen baitira».
Eraldaketarik batere ukan ez duen herria Kanbo izan da. Eraldaketarik ukan ez duen 5.000 biztanle baino gehiagoko herri bakarra da, 0 fasean egon dena. «Kanbon ez da Marieneko lurren afera baizik: beste hainbat arazo ere badira. Adibidez, bizikletendako eta oinezkoendako bide segururik ez da: ez da metro bat ere. Hortaz, jendeak ez du autoa gutiago erabiliko, ez baitu bere burua arriskuan ezarri nahi, eta autoaz bestelako manerak arriskutsuak baitira oraino. Kanbon ez da deus egin; alta, kostatik hurbil da herria, eta aski handia da».
«Ingurumena ez da kulturan sartua. Aldaketa kultural handi bat behar da. Jendeak ohituak dira beren bizimoduari, eta, ez bazaie deus proposatzen hura aldatzeko, ez dira erosotasunetik aterako»
ANTHONY LUBRANO Bizi mugimenduko kidea
Lubranok esplikatu du 2020an, ituna egin zutelarik, espero zutela gauzak aldatuko zirela: ez zituzten emaitza hain txarrak espero. Uste du herriko etxeek ez dakitela nola egin, nondik hasi, zer egin, eta Euskal Hirigune Elkargoak ere ez duela neurri aski ezartzen, bereziki herriko etxeen laguntzeko eta bideratzeko: «Ingurumena ez da kulturan sartua. Aldaketa kultural handi bat behar da. Jendeak ohituak dira beren bizimoduari, eta, ez bazaie deus proposatzen hura aldatzeko, ez dira erosotasunetik aterako». Ohituren aldatzea izanen da Bizi mugimenduak hurrengo agintaldirako ukanen dituen erronketan handienetarik bat.
Bizikleta sareak hobetu
Beñat Blazquez Berasarte Txirrind'ola elkarteko kidea da —BAM Baiona, Angelu eta Miarritze eta inguruko bizikleta elkartea da Txirrind'ola—. Bizikleten eta oinezkoen bideei dagozkien gogoetak egiten dituzte, eta besteak beste, 2020tik 2026ra bitarteko agintaldian behaketa bat egin dute. Inkestak egin dituzte jakiteko Baionako biztanleek egunerokoan egiten dituzten ibilbideak nolakoak diren, eta ikusi dute baionarren etxetik lanerako ibilbideak «laburrak» direla oro har, eta beraz, bizikletarekin «egiteko modukoak». Horregatik, elkartekoek proposatu dute BAM inguruan bizikletendako bide sare baten egitea, eta herriko etxeei aurkeztu diete. «Gero eta jende gehiago garenez BAMen eta inguruan, beharrezkoa dugu bizikleta sustatzea, soluzio bat baita. Beraz, gure helburua da, alde batetik, bizikletan ari direnei baldintza hobeak ematea, baina, beste alde batetik, baita bizikleta erabiltzen ez dutenak horretan has daitezen sustatzea ere».
«Gure helburua da, alde batetik, bizikletan ari direnei baldintza hobeak ematea, baina, beste alde batetik, baita bizikleta erabiltzen ez dutenak horretan has daitezen sustatzea ere»
BEÑAT BLAZQUEZ Txirrind'ola elkarteko kidea
Agintaldi hasieran, aldaketa andana ikusi dute, bereziki COVID-19aren pandemia garaian, Frantziako Estatutik bultzada bat izan baitzen, eta diru laguntzak eman zituzten pistak egin ahal izateko oinezkoentzat eta bizikletentzat. Beraz, lehen urteetan aldaketa anitz izan zen. Baina «aski fite» oztopoak agertu ziren. «Zenbait lekutan, pista biziki ederrak egin zituzten, erabilgarriak eta segurtatuak. Baina, beste batzuetan, edo segurtasuna ez da aski bermatua, edo pistak ez dira osatuak. Angelutik Baionara heldu bazara eta Forum gunetik pasatzen bazara, bada muga bat. Pista ez da osatua. Sarea ez da osatua».
Iragan agintaldiko engaiamenduak bete ez badituzte ere, espero du herriko etxeek «erantzunen» dietela. Kontatu du haurrei egokitua zaien segurtasun plan bat egin dutela proposatutako ibilbidea sortzeko : «Pentsatu behar da 8 urteko haur batek eskolatik etxerako bidea egin behar duela beldurrik ukan gabe; hots, ibilbide osoak segurua izan behar du». Proposamena hautagaiei bidali diete, eta mementoko ez dute erantzunik ukan. Helburua da emaitzak plazaratu ahal izatea.
Bukatzeko, Bizi mugimenduko kideak gehitu du COVID-19aren pandemiaren ondoko garaietan ingurumenaren babesa mintzagai bilakatu zela, gai horrek lekua bazuela, baina orain dela zenbait urte «arrunt baztertu» zela berriz ere. Eta uste du, besteak beste, komunikabideek gai horri ematen dioten lekuagatik dela hala: haren irudiko, hedabideetan horrelako gaiak erabat «ezabatu» dira, eta lehen baino hedatuagoa da desinformazioa.