Herriko etxeetan euskararen alde

Tokian-tokian euskara biziberritzearen aldeko politikak sustatzen dituzte herriko etxeetako euskara teknikariek. Esparru legala aldekoa ez bada ere, elkarren artean saretu eta indarrak batuta, gauza anitz egin dezakete.

Euskara teknikariak: Jose Cazaubon (Sara), Viviane Ithursarri (Miarritze) eta Ione Josie (Urruña). NAHIA GARAT
Euskara teknikariak: Jose Cazaubon (Sara), Viviane Ithursarri (Miarritze) eta Ione Josie (Urruña). NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Biek anekdota bera kontatu dute: lanpostua hartu zutenean argi utzi zuten ez direla itzultzaileak. Urruñako euskara teknikaria da Ione Josie 2022tik; hura iristearekin batera sortu zuten euskara zerbitzua herrian. Urte berean hasi zen Saran Jose Cazaubon ere. Hiru kargu ditu: animazioak, euskara eta elkarteak. Esperientzia handiagoa du Viviane Ithursarri Biarritzeko euskara teknikariak. 2015ean iritsi zen hiru urte lehenago sortu zuten euskara zerbitzura. Hirurek ibilbide luzea dute euskalgintzan eta kulturgintzan. Tokian-tokian, herriko etxeetan euskararen alde egin daitekeen eta egiten duten lana kontatu dute. 

Euskararen biziberritzea helburu, funtsezkoa da herriko etxeek hizkuntza politikak garatzea. Azken urteetan, Hobekuntza kontratuak landu dituzte, tokian-tokian, herritarrei begirako zerbitzu publikoak elebidunak izan daitezen. Euskal Konfederazioak abiatu zituen partaidetzak herriko etxeekin; 2004an, EEP Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenean, bere gain hartu zituen, eta Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen ditu gaur egun. 

Herriko etxeak baliabideak antolatzen laguntzen ditu Elkargoak: agente euskaldunak lortzen lagundu eta prestakuntza bermatu, dokumentu elebidunak, seinaletika elebiduna... «Urrats txikiak dira, baina horiek guziek, batuta, jarrera aldaketak eragiten dituzte. Hautetsien buruetan presenteago da euskara, baldin eta serioski hartzen badute hobekuntza kontratu hori», esplikatu zuen Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak iazko azaroan, UEUk eta Euskal Konfederazioak antolatutako mintegian. Gaur-gaurkoz, 30 hobekuntza kontratu daude indarrean. Horrez gain, beste zortzi herritan euskara zerbitzu propioak dituzte. 

Mintegia egin zuen Euskal Konfederazioak azaro erditsuan Baionan, barometroa aurkezteko. GUILLAUME FAUVEAU
Mintegia egin zuen Euskal Konfederazioak azaro erditsuan Baionan, barometroa aurkezteko. GUILLAUME FAUVEAU

Hala da Saran, Urruñan eta Miarritzen. Azken urteetan hizkuntza politika normalizatu dela erran dute hiru euskara teknikariek. Garai batean, euskarari zegokion guzia hizkuntza politikaren diru sailetik ordaintzen zen, izan kultur jarduera, kirol jarduera edo bestelako lanak ere. Gaur egun zerbitzu bakoitzak poltsa txiki bat duela esplikatu du Ithursarrik. «Aisialdietako edo eskoletako jantegietako menuen itzulpenak hezkuntzatik pagatuak dira». Hala ere, badu sentsazioa aurrekontuen murrizketarekin batzuek badutela «tentazioa» euskarari loturiko gastuak kentzeko. 

«Zehar-lerroko lana» egiten dutela esplikatu du Josiek. «Sartu behar dugu zerbitzu bakoitzak dituen proiektuetan». Urruñan ez dute portzentajerik erabaki, baina, zerbitzu guziekin lan egiten dutenez, batzuetan gastuak partekatzen dituzte. «Bada aitzakia ere euskara sartzeko hainbat proiektutan. Helburua da herritarrei proposatutako gertakari orotan euskara bermatzea».

Aliatu bila  

Ekosistema biziki desberdinak ditu bakoitzak. Sara herri «nagusiki euskalduna» dela iritzi dio Cauzabonek. «Herriko etxeko zerbitzuburu guziak euskaldunak dira; berezkoa da euskaraz ere egitea». Komunikazio oro euskaraz egiten dute, baita herriko zerbitzuen harrera ere. «Hautetsien eskaera argia bada horri buruz; dena ele bitan egiten dugu». Orain herritarrekin eta elkarteekin lan egin behar dela uste du euskara teknikariak, «haiek ere senti dezaten nahi eta behar hori».

Urruñan diagnostiko bat egin zuen Josiek, neurtzeko herriko etxean eta herrian zer leku zuen euskarak, eta horrela osatu zuten euskara plana hiru arlotan: transmisioa, bizitza publikoa —hor sartzen da zerbitzuen euskalduntzea— eta sentsibilizatzea. «Sentsibilizazio lan handia egin genuen zerbitzu guziekin, eta erreferente bilakatu gara. Orain, haien baitarik heldu dira gugana gauzak proposatzera». Baina, funtsean, herriko etxeko langileen artean ere «euskaldun anitz eta aldekotasun handia» dagoela baieztatu du. Zerbitzuburuekin lanketa handia egin zuten komunikazio arloan hizkuntzen kokapenari buruzko irizpideak adosteko. Gaur egun komunikazio erreferenteak dituzte zerbitzu guzietan, eta auzapezaren nota bat ere izan zen hori bideratzeko. «Gaur egun komunikazio zerbitzuak bere baitarik egiten du. Haiek dira zaindari nagusiak, eta ez dute deus uzten pasatzen frantses hutsean».

Euskara teknikariak: Jose Cazaubon (Sara), Viviane Ithursarri (Miarritze) eta Ione Josie (Urruña). NAHIA GARAT
Euskara teknikariak: Jose Cazaubon (Sara), Viviane Ithursarri (Miarritze) eta Ione Josie (Urruña). NAHIA GARAT

Biarritz herri erdalduna bilakatua da hein handi batean: zerbitzuetan inork ez daki euskaraz. «Duela bi urte, beharra sentitu genuen zuzendariak eta zerbitzuburuak ukitzeko, hizkuntza politikaren beharrak azaltzeko; hutsetik azaltzeko zertarako zen», azaldu du Ithursarrik. Izan ere, arduradun anitzek erretiroa hartu zuten, eta berriei ez zitzaien irizpide linguistikoaren berri eman. «Zuzendari berri gehienak kanpokoak ziren, jin berriak. Hiru orduko goiz bat antolatu genuen Plazara kolektiboaren laguntzarekin. Sentsibilizazio tailer bat funtsean, ohartarazteko zergatik inportantea zen, zergatik lantzen genituen hainbat arlo. Txip aldaketa bat eragin zuen». Baina «hauskortasuna» ere aipatu du. «Biarritzen gauza anitz egin dira urteetan zehar, eta izan daiteke joera bat egindako horretan gelditzeko; nik gauzak aitzinarazi nahi nituzke. Etengabeko lan bat da».

Cazaubonen iritziz, funtsezkoa da diagnostiko lana erabakiak hartzeko, tokian-tokian identifikatzeko zer tresna dituzten, zer elkarte, zer pertsona. «Gero elkarrekin eraikitzeko. Herritarrak, hautetsiak, eragileak... gu erdi horretan gara, eta denekin lan egin behar dugu», esplikatu du. «Miarritzen nahiz eta hiztun gutxiago izan, mediateka, Ohakoa, ikastola, Uda Leku, gaztetxea, Maritzuli... badira hala ere tresna asko». Aliatuak atzemateko beharra nabarmendu du. «Bakoitzaren indarrak hartu behar dira. Harreman, antolaketa eta koordinazio lana da».

Saretze lana

Euskal Elkargoko hizkuntza politikako zerbitzuak tokian-tokian diren euskara teknikarien saretze lana abiatu du azken urteetan. Bi hilabetean behin bildu ohi dira, bakoitzaren errealitatearen berri izan eta elkarrekin trukatzeko. Anitzetan, gai baten inguruko mintegiak izan ohi dira, aktualitateari lotuak kanpaina bat abiatuko delako, baina bakoitzaren esperientziak ezagutzeko ere balio du. «Batzuetan proiektu batzuk abiatu nahi ditugu eta ez dakigu nola egin, eta elkarrekin aipatuz batek erranen digu nola egin duen, besteak aipatuko digu diru laguntza bat eskatzeko aukera izan daitekeela...», kontatu du Cazaubonek. 

Herrietan lanean ari diren euskara teknikarien kopurua emendatu ahala, transmisio lana ere funtsezkoa dela erran du Josiek. «Bizi eremuen arabera, baditugu beste sare batzuk, eta proiektuak mutualizatzen ditugu. Biarritzek eta Baionak Mintzalasai bultzatzen dute; Sarak eta Urruñak, Ttur Ttur mugaldeko egonaldia Oiartzun eta Berarekin; iaz izan genuen beste elkarlan bat Ziburu, Donibane Lohizune eta Hendaiarekin ere sentsibilizatze hamabostaldi bat antolatzeko». 

Goizean egin dute Mintzalasai festibalaren 13. aldiaren aurkezteko prentsaurrekoa, Baionan. BERRIA
Mintzalasai festibalaren 13. aldiaren aurkezteko prentsaurrekoa, Baionan. BERRIA

Cazaubon: «Herri batean blokeatuak badira, hautetsiei erraten ahal diete: 'Begira, han horrela egiten dute'. Eta hautetsien artean ere mintzatzen dira». Azken bilkuretako batean Azkainen langileen artean egiten duten mintzapraktika aipatu zuten. «Hori guk ez dugu». Hendaiako teknikariak jolas batzuk sortuak zituen, eta teknikarien artean duten sarean zabaldu zituzten. Ithursarri: «Batzuetan gauza berak egiten ditugu herri ezberdinetan. Gure arteko dokumentu partekatuek ahalbidetzen digute bi aldiz lan bera ez egitea. Hainbat dokumentu ofizialen itzulpenerako ere balio du».

Esparru legala

Maiz aipatu izan da euskarak Ipar Euskal Herrian duen esparru legala. Aitortza ofizialik ez izateak mugatzen du, baina teknikariek argi dute gauza anitz egin daitezkeela. «Ezin da derrigortu, baina frantsesez egiten den guzia euskaraz egin daiteke», laburbildu dute hirurek. Cazaubonek azaldu du modu eskematikoan. «Bada bulego lana: seinaletika, itzulpenak, langileen formazioa... Bada ere hautetsiekiko lana, eguneroko aitortza eman diezaioten hizkuntzari. Eta, azkenik, sustapen lana eta sentsibilizazioa: kultur animazioak eta kanpaina konkretuak hautatutako pertsona talde batzuekin». 

Euskara planak eman dien «babesa eta esparrua» goretsi ditu Josiek. «Dugun baldintza bakarrenetako derrigortasuna da. Langileak formatzen ahal dira, baina ez ditugu behartzen ahal. Paisaia linguistikoan ez da mugarik, baldin eta ondoan frantsesez ere egina bada. Sentsibilizazioan ere zernahi gauza egin daiteke». Saltegiekin egiten duten lana aipatu dute teknikariek: komertzio euskaldunak identifikatu dituzte, eta beste batzuetan euskara sartzeko ahalegina egin dute. Cazaubon: «Arlo pribatua da, ez duzu sekula azken hitza, baina eragin daiteke».

«Hauskorra» dela erran du hala ere Ithursarrik. «Ez duzu behartzen ahal; agintaldi batetik bestera ere aldaketak gerta daitezke; eta eragileetako buruak nor diren ere, horrek eragiten du. Fite aldatzen ahal da elkarte baten barne dinamika diren pertsonen arabera». Herritarren babesa ere eskertzen dute, presio bide izan daitezkeelako. Baina oro har salaketa eta eskaera gutxi direla aipatu dute. Teknikariak funtzio ezinbestekoa betetzen du herriko etxeetan, baina hautetsiek dute botere politikoa. Cazaubon: «Hautetsiek entzuten gaituzte, baina haiek dute azken hitza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.