Herriko bozetara aurkeztu diren hautagaiekin hitz egiten ari da azken asteetan Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kidea, euskararen aldeko engaiamenduak har ditzatela eskatzeko. Euskararen Barometroa luzerako tresna dena baieztatu du.
Zertan lagundu dezake hizkuntza politika herriko etxe batek?
Frantziako legediaren arabera, euskara bezalako hizkuntza gutxituen eskumena eskumen partekatua da; horrek erran nahi du instituzio maila guziei dagokiela hori garatzea. Herrien rola funtsezkoa da, herritarrek duten administrazio hurbilena baita.
Euskaldunok ditugun hizkuntz eskubideak legez ez zaizkigu aitortzen. Baina, hizkuntza paisaia euskaraz ezarriz, komunikazio euskarriak euskaraz sortuz, herriko agenteak euskarara formatuz eta abar..., herri batek herritarra egunerokoan euskaraz bizitzen lagun dezake, euskarazko zerbitzua eskainiz. Euskarari ofizialtasun zerbait ematen dioten neurri hauek guziak herri mailako euskara plana osatuz har daitezke.
Herrien arabera biziki dispositibo ezberdinak aurki daitezke. Zein da gaur egun Ipar Euskal Herriko argazki orokorra?
Herriko etxeen lan ildoa Euskal Konfederazioak abiatu zuen 2001ean. Lau urtez, 42 herri engaiatu ziren hitzarmenez euskara garatzeko neurriak hartzera. Ondotik, Euskararen Erakunde Publikoak hartu zuen segida, eta gaur egun Euskal Hirigune Elkargoa da dinamizazio lan hori eramateko ardura duena. Dudarik ez da azken 25 urteetan aitzinapausoak eman direla. Baina gaur egun desorekak ikus daitezke herri batetik bertzera; zenbait herritan, euskarak gibel egin du azken urteotan. Euskal Konfederazioaren ustez, arlo horri bultzada berria emateko garaia da.
Herriko bozetan aurkezten diren hautagaiengana jo duzue engaiamenduak har ditzaten. Zertan eragitea nahi duzue?
Herriko bozen karietara eramaten ari garen desmartxak hainbat helburu ditu: lehenik, euskararen gaia kanpainan presente izatea nahi dugu, haren egoera ikusiz eta azkenaldian haren kontra hartzen ari diren erabakiak kontuan harturik; bigarrenik, aipatu bezala, nahi dugu hautagaiak ohar daitezen euskararen biziberritze prozesuan herri batek duen ardura handiaz; eta hirugarrenik, ulertarazi nahi diegu garaia dela «herri batek zer egiten ahal duen» galderatik «herri batek zer egin behar duen» logikara pasatzea. Izan ere, herriko bidea, eskolako teilatua... andeatua delarik, herriko kontseiluan ez da eztabaidatzen konponketa egin edo ez: neurriak segidan hartzen dituzte arazoa konpontzeko. Euskararen kasuan berdin izan beharko luke, ulertu behar dute euskara ez dela hautazko eskumena.
Hitzezko engaiamenduaz gain neurri konkretuak har ditzaten eskatuko diezue hautagaiei.
Interpelazioa Euskararen Barometroa izeneko galdetegiaren bidez egiten dugu. Bortz ardatzen inguruan eraiki dugu: hizkuntza politikaren baliabideak, euskararen transmisioa, euskararen erabilera, euskararen prestigioa eta euskararen ikusgarritasuna. Bakoitzak launa neurri proposatzen ditu, batzuek baliabide gutiago eskatzen dute bertze batzuek baino. Guretzat, engaiamendu kopurua baino garrantzitsuagoa da aldi guziz azaltzea hartu neurria nola gauzatzeko asmoa duten. Hala, eskatzen dieguna da egiazko gogoeta bat eramatea; funtsean lagungarri izanen zaie neurriak obratzerakoan. Euskal Konfederazioak garrantzi handia emanen dio elementu horri, eta bozen lehen itzulia aitzin erantzunak argitaratuko ditugu.
Bozen ondotik barometroaren jarraipen bat egiteko asmoa duzue?
Hautagaien erantzunak publikatzeak hautesleen bozka argitzeko balio badu ere, nahi genuke herriko bozen ondotik herritarrek, herriz herri, barometroa bere egin dezaten, hartutako neurriak betetzen direla segurtatzeko. Ipar Euskal Herri mailako hizkuntza politikaren segipena egiteko erakunde antolatuak badiren bezala, pentsatzen dugu ezinbertzekoa dela zaintza lan horren egiteko herri mailako herritar dinamikak aktibatzea eta erakunde horiekin elkarlanean aritzea, betiere helburu amankomuna argi izanik: euskaraz bizi ahal izatea eta euskara galzoritik ateratzen hastea.