Herriko Garagardoak dena du hemengoa

Herriko Garagardoa marka sortu dute osoki Ipar Euskal Herrian ekoitzitako garagardoarentzat. Laborariek, Donamartiriko maltategiak eta garagardogileek eskuz esku muntatu dute proiektua, EHLGren laguntzarekin. Lurraman aurkeztuko dituzte mozkinak.

Herriko Garagardoa marka aurkezteko prentsaurrekoa, Donamartirin, iragan astean. PATXI BELTZAIZ
Herriko Garagardoa marka aurkezteko prentsaurrekoa, Donamartirin, iragan astean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garagarra ez da, berez, Ipar Euskal Herrian tradizionalki ekoizten den zereala. Normalean, gune idorretan ekoizten da. Baina hainbat urtez entseguak egin ondoren, lurraldean ontsa hazten den barietate bat atzeman dute, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren laguntzarekin: jaguar barietatea. 2022tik hainbat saiakera eta egokitzapen egin ondoan, azkenean kausitu dute Ipar Euskal Herrian garagarra ekoiztea. Baina osoki Ipar Euskal Herrian eginiko garagardoa lortzeko, bazen oraindik zerbaiten eskasia, ez baitzen maltategirik lurralde osoan. Preseski horren egiteko proiektua zuen buru txoko batean Florian Apezetxek: gurasoen etxaldea zen horretan, Donamartirin, Garagarberoa maltategia sortu du. Orain bai, osagai guziak dituzte osoki Ipar Euskal Herrian fabrikatutako garagardoa egiteko: bada, Herriko Garagardoa marka erabiliko dute hemendik aitzina, baldintza kaier zorrotz bat betez. 

«Hasieratik, garagardotegiak motibatuak ziren, eta, entseguak egin ondotik, saila muntatzen hasi da; ber denboran, maltategia zabaldu du Florianek. Kolektiboan eramandako lanari esker, tresna guziak baditugu lekuko garagarra, malta eta garagardoa egiteko», esplikatu du Txomin Elosegi EHLGko garagar sailaren animatzaile eta garagar ekoizleak. Hasieratik EHLGren bidez eraman dute proiektua, eta argi zuten saila babestu beharko zela; horretarako «baldintza kaier zehatz bat» behar da, Elosegiren arabera, jakiteko «zer haizu den eta zer ez». Gainera, esplikatu du garagardoaren saila arras «komertziala» dela, eta komunikazioak ere garrantzia baduela, enpresa handiek kontsumitzailea tronpatzen baitute anitzetan. «Herriko Ogia eta Herriko Haragia ontsa ezagutzen ditugu, eta aski logikoa izan da bide beretik Herriko Garagardoa sortzea», Elosegiren hitzetan.

Kontsumitzaileendako «berme» bat da halako marka batekin aritzea. 2026tik goiti, gainera, saila ziurtatua izanen duenez, kontrolatzaile independente bat pasatuko da urrats guziak ontsa errespetatuak direla segurtatzera. Elosegik uste du kontsumitzaileari begira «inportantea» dela halako desmartxa bat izatea. Bide beretik, baldintza kaier bat errespetatuz laborantza herrikoiaren alde eginen da, Apezetxe eta Elosegiren arabera. Izan ere, laborariek hamar hektarea garagar landatzen ahalko dituzte gehienez. Hala, manera izanen da sail horretan «laborari bat baino gehiago» aritzeko, Apezetxeren arabera. Osoki Ipar Euskal Herrian ekoitziak diren eta laborantza herrikoian eginak diren produktuak «balioztatzea» inportantea zaio Apezetxeri, eta argi du Herriko markarekin horretarako parada ukanen dutela. 

Maltategia, falta zena

Ipar Euskal Herrian garagardoa ekoizteko lehengairik ez zela ohartu zen Apezetxe duela zenbait urte; maltategiaren ideia jin zitzaion orduan, eta denbora berean ohartu zen EHLG sail horren garatzen ari zela; abentura horretan sartzea deliberatu zuen. Haren etxaldean egin zituzten garagar egokia atzemateko esperientziak. «EHLGk eta guk elkar segitu dugu hasieratik, eta proiektuak aldi berean garatu dira. Ez zuen zentzu handirik hemen ekoitzi garagarra maltatzera hemendik 300 kilometrora bidaltzeak. Maltategia falta zen, eta, ene proiektua garaturik, osagai guziak bildu ditugu tokiko garagardoa ekoizteko hastetik buru», kontatu du.  Laborarien eta garagardogileen arteko katebegia bilakatu da haren maltategia. 

Heldu den asteburuan eginen dute garagardo horren aurkezpena jende aitzinean, Lurrama azokan, eta Herriko Garagardoak markako produktuak dastatzeko aukera izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.