Ideologia supremazistak bazkatutako akusatuak

Irailaren 7an hasiko da Loik Le Priolen eta Romain Bouvierren kontrako epaiketa, Parisen. Parte zibilek epaiketa «duina» izatea nahi dute, auziaren erronken heinekoa.

Federico Arambururen omenez jarritako irudia, Saint Deniseko estadioan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Federico Arambururen omenez jarritako irudia, Saint Deniseko estadioan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tiroz hil zuten Federico Martin Aramburu 2022ko martxoaren 19an, Parisko Saint-Germain-des-Pres auzoan. Shaun Hegarty lagun eta lankidearekin zen, Miarritzeko jokalari ohia hura ere. Lau urte eta erdi pasatu dira ordutik; prozedura judiziala luzea eta korapilatsua izan da, eta, azkenekoz, irailaren 7an hasiko da erailketaren inguruko epaiketa, Parisko Krimen Auzitegian. Hiru astekoa izanen da, eta epaia irailaren 25erako espero da.

Loik Le Priol eta Romain Bouvier dira bi akusatu nagusiak, Groupe Union Defense (GUD) eskuin muturreko talde bortitzeko kideak. Aurretik izandako afera baten ondorioz ezarritako presondegi zigorra betetzen ari dira: GUD taldeko buruzagi ohi bat torturatu zuten 2015ean. 2022ko martxoan, erraterako, kontrol judizialpean ziren afera horrengatik: ez zuten elkartzeko eskubiderik, ezta armarik izateko eskubiderik ere. Egun hartan, ordea, elkarrekin ziren, eta armatuak ziren.

Auzitegi medikuaren txostenaren arabera, Bouvierrek lau aldiz egin zion tiro Arambururi, eta bi lekutan zauritu. Le Priolek sei aldiz egin zion tiro, eta tiro horiengatik hil zen, betiere, auzitegi medikuaren txostenaren arabera. Le Priol erailketagatik epaituko dute, beraz, eta Bouvier erailketa saiakeragatik. Lyson Rochemir haien autoa gidatzen zuen emakumea eta Le Priolen orduko bikotekidea erailketa saiakeraren konplizitateagatik epaituko dute, eta Antony Sorrentino, gaiztaginak gordetzeagatik, frogak gordetzeagatik eta konplizitateagatik —Bouvierri ihes egiten eta arma gordetzen lagundu izana leporatzen diote—. 

Elkarrekin sortu zuten Esprit Basque enpresaren kontratu berri bat ospatzeko eta errugbi partida baten bezpera zela-eta elkartu ziren Hegarty eta Aramburu, Parisen, 2022ko martxoaren 18ko gauean. Bakoitzak gaualdia bere alde egin ondotik, Le Mabillon ostatuko terrazan elkartu ziren goizeko hiruretan, berri ona ospatzeko. 

Shaun Hegarty
Shaun Hegarty, Miarritzeko bere lantokian, abuztuan. PATXI BELTZAIZ

Le Priol, Bouvier eta Rochemir ondoko mahaian zituzten. Bi taldeek ez zuten aitzinetik elkar ezagutzen. «Ondoko mahaian ziren, hasieran lasai, baina gero etorri zen konplikazioa, giroa ozpindu zen, eta borrokatzen finitu genuen. Segundo guti iraun zituen borroka horrek, separatuak izan ginen, eta Fedek eta biok deliberatu genuen etxera sartzea», kontatu du Hegartyk.

Etxera bidean, Saint Germain etorbideko hotel batean gelditu ziren, izotz poltsa baten eske, bildu zituzten kolpeek eragin uspelak eztitzeko. Hotel hartatik ateratzean, Jeep auto bat entzun zuten beren heinera arribatzen. «Hor dira» erraten entzun zituen Hegartyk. Jeepa berehala ezagutu zuen, Le Mabilloneko terraza aitzinean aparkatua baitzen lehentxeago. Orduan jalgi zen Bouvier autotik, eta arma atera zuen, Arambururi buruz. «Enetako irreala zen, ez nuen ulertzen, ene burmuinak ez du gertatzen ari zena ulertu». Tiro egin, Aramburu zauritu, eta Bouvier eskapatu zen, Jeepa gidatzen zuen gidaria bezala. «Orduan arribatu zen Le Priol, oinez; Fede harrapatu, eta bere kartutxotegia Federen gainean hustu zuen», kontatu du Hegartyk.

Hiru egun pasatu ziren akusatu nagusiak atxilotu zituztenerako. Bouvier Sarthe departamenduan atzeman zuten, eta Le Priol, Hungarian, Ukrainako mugatik hurbil. Laster zabaldu ziren prentsan haien izenak: eskuin muturreko militante ezagunak ziren biak. Le Priol, gainera, Frantziako armadako soldadu izandakoa da, zehazki, itsas komandoetan. Eliteko unitate bat da; bertara sartu zenean jadanik, inteligentzia zerbitzuek fitxatua zuten lanjerosa zelakoan. Jakina da, bestalde, armadaren Djibutiko operazio batean, prostituta bat zafratu zuela. Frantziako armadak 1.700 euro ordaindu zizkion emazteari, kalte ordainez. 

«Indarkerian egituratuak»

Parte zibilen abokatu Yann Le Brasek pentsatzen du afera honetan berezia dela gaualdi bukaera bateko borroka arrunt baten eta gertakariaren ikaragarrizko bortizkeriaren arteko aldea. Lehen borrokaren abiapuntuari erreparatu dio: «Dirudienez, beste pertsona batzuek akusatuen mahaia nardatu zuten, eta errespetuz aritzeko eskatu zien Hegartyk akusatuen mahaikoei, iruditu zitzaiolako ez zituztela errespetuz tratatu. Hori izan zen abiapuntua, eta akusatuen mahaikoek ez zuten jasan komentario hori; orduan, galdetu zieten bi errugbilariei ea nongoak ote ziren. Shaunek erantzun zien euskalduna, irlandarra eta zeelandaberritarra zela; Federicok, argentinarra zela. Momentu horretan, bideokamerak grabatutako bideoan Bouvier ageri da zola seinalatuz, 'Gu hemengoak gara' erraten». 

Yann Le Bras
Yann Le Bras, Aramburu familiaren abokatua, Miarritzen, abuztuan. PATXI BELTZAIZ

Le Brasen arabera, akusatuen pertsonalitateak eta duten ideologia supremazistak egiten du halako gertakari baten ondotik ezin dutela «horretan gelditu». «Ezin dute jasan ez gaina ukaitea, eta ez azken hitza ukaitea; gai dira lege guzien gainetik pasatzeko». Epaiketa denboran, dena den, hori izanen da gakoetariko bat, akusatuen nortasuna aztertuko baitute. «Eta bada aztertzekoa», bota du Le Brasek. Erraterako, kontatu du Bouvieren apartamentuaren miaketan arma anitz atzeman zituela Frantziako Poliziak, baita nazismoari lotutako hainbat objektu ere: Hitlerren estatua bat, Mein Kampf-en jatorrizko edizio biziki arraro bat... «Ene ustez, gertakari horren neurriz kanpoko indarkeria esplikatzen duena zera da: tesi supremazistek bazkatuak direla», trenkatu du Le Brasek. 

Veronique Massi Shaun Hegartyren abokatuak esplikatu du auziaren gakoetariko bat izanen dela, preseski, akusatuen ideologia. «Epaiketa krimen auzitegiari dagokionez, garrantzi handia du akusatuen nortasunak, eta eztabaiden erdigunean izanen dira elementu horiek. Ideologia hori izateak egituratu ditu indarkeriaren barnean, indarkeria birilista, maskulinista eta supremazistaren barnean», adierazi du.

Bestalde, argi utzi nahi du parte zibilak direla biktimak, eta ez dutela beren burua defendatzerik. «Biktimek ez dute demostraziorik egin behar. Hori bai, lan serios bat egin behar dute errealitatean berriz kokatzeko, eta gorteari gertakariak izan ziren bezala kontatzeko». 

Hegarty eta Massi
Shaun Hegarty eta Veronique Massi abokatua, Miarritzen, abuztuan. PATXI BELTZAIZ

Hegartyk ez du «deus berezirik» goaitatzen epaiketatik. «Azken lau urteetan jadanik bizi izan ditut momentu intentso eta gogorrak, hala nola konfrontazioa eta gertakarien berregitea. Jadanik ikusi ditut berriz. Egia da oroitzapen gogorrak ekartzen dituela auziaren prestaketak berak ere. Nahi nukeena da auzia afera honen erronken heinekoa izatea eta auzi duin bat izatea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA