Hutsune handia utzi du Federico Martin Aramburu Fede-k. Eta hutsune hori bezainbestekoa izan da Ipar Euskal Herrian haren inguruan ehundu den elkartasuna. Errugbilari profesionala izan zen, eta haren erailketak arrasto sakon eta minbera utzi du errugbiaren munduan. Aski da Miarritzeko Aguilerako zelaiko eta herriko merkatu ondoko paretei so egitea: haren omenezko margolanak denetan dira. Argentinarra zen Fede, 1980an La Platan sortua, eta Miarritzen egina zuen bizia azken urteetan. 2004tik 2006ra Miarritzeko Olympique (BO) taldean jokalari izan ondoan, Euskal Herrian «etxean bezala» sentitu zela kontatu zion BERRIAri 2020an, eta horregatik familiarekin bertara bizitzera jitea erabaki zuela, eta «zoriontsu» zirela.
Ikusi gehiago
Hala gogoratzen dute lagunek ere, zoriontsu, irribarretsu, alai... nola zelaian, hala kanpoan. «Fede gela batera sartu orduko, bagenekien irriz arituko ginela. Edozer gerta ere, inguruko guziei irria transmititzen zien». 2004an ezagutu zuen Fede Benoit August BOko errugbilari ohiak. Ongi oroitzen da argentinarra taldera arribatu zenekoaz. «Ez zen berehala titular aritu, baina taldearen errespetua irabazi zuen fite, egindako lanari esker».
Arribatu eta berehala «taldeko giroari» arras ongi egokitu zitzaiola azpimarratu du Dimitri Yachvili BOko jokalari ohiak. «Hizkuntza berean ez, baina lengoaia berean mintzo ginen». Kirolariari so, aitortu du ez zuela ohiz kanpoko gorpuzkerarik. «Baina ez zuen amore ematen, tematia zen, dinamikoa, bizia...».

BOn ibili zen bi urteetan, erraterako, bi aldiz segidan irabazi zuten Frantziako Top 14 txapelketa. Garai hartan taldean aritu zen Imanol Hariñordokik uste du Fede jokalari eta gizon «paregabea» zela. «Talentu handia zuen, eta jokalari eta lagun gisa arras fidagarria zen. Bizia maite zuen, eta beti jostakin zen».
Egun hura
2022ko martxoaren 19a gogoan iltzatua dute hiru errugbilari ohiek. Jean Baptiste Gobelet errugbilari ohiaren mezu bat jaso zuen Augustek. «Fede joan da». Hiru hitz horiek ulertzea gaitz egin zitzaion Augusti. Ezin irudikatua baita lagun bat hil dutela irakurtzea. «Pixkanaka, bata bestea deitzen hasi ginen, ulertzera entseatzeko, eta, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta sinesgaitzagoa egiten zitzaigun». Kolpe handia izan zen lagun taldearendako. «Izugarria izan zen, eta oraino ere hala da. Ez dugu lortzen hartaz iraganean mintzatzea», onartu du Augustek.
Yachvili ere Parisen zen berri latza ailegatu zitzaionean. Izan ere, martxoaren 19ko arratsean, Frantziaren eta Ingalaterraren arteko errugbi partida komentatu behar zuen telebistan. «Bezperan arribatu nintzen, eta hotelean egin nuen lo. Goizeko bederatzietako Marcelo Boshekin hitzartua nintzen, goiz hartan elkarrizketa batzuk egin behar baikenituen Parisko karriketan. Ordu pare bat lehenago deitu ninduen erranez arazo bat bazela Federicorekin, Shaunekin [Hegarty] zegoela, baina ez zuen lortzen erratea hil zela». Telefonoa hartu, eta Hegarty deitu zuen berehala. «Hogei segundoko dei bat izan zen: berehala ulertu nuen».
Hariñordoki ere Parisen zen, 2002ko Grand Slama irabazi zuen Frantziako errugbi selekzioko jokalari ohiekin ospatzeko bazuela hogei urte titulua eskuratu zutela. «Gelako balkoian nintzen, eta Damien Traillek deitu ninduen zer gertatua zen kontatzeko. Irreala zen».
Handik gutxira, apirilaren 18an, kirol munduko bostehun lagunek baino gehiagok izenpeturiko gutun ireki bat argitaratu zuten L’Équipe egunkarian; izenpetzaileetarik ziren Yachvili, Hariñordoki eta August. «Ez du beste nehork baldintza hauetan hil behar sekula ere, eta eskuin muturreko ideologiak ez du familia bat bera ere doluan utzi behar berriz. Gure balioen eta ideien aldeko borrokan jarraituko dugu, eta beti aurre eginen diegu gure herrian gorrotoa sustatu nahi dutenei. Gure ezberdintasunak dira gure aberastasuna», aldarrikatu zuten gutun hartan. Izan ere, hilketa gertatu eta egun gutira susmagarri nagusien izenak zabaldu ziren prentsan: Loik Le Priol eta Romain Bouvier, Groupe Union Defense (GUD) eskuin muturreko talde bortitzeko kideak. Hariñordokik adierazi du dudarik gabe izenpetu zuela gutun hura. «Haserre gorria eragin digu drama honek, batez ere ikusirik Fedek errespetua, tolerantzia eta elkarbizitza defenditzen zituela, bere hiltzaileen kontrara, errotik», erran du.

Ehunka herritar bildu ziren Arambururen ehorzketa egunean, eta ttipi gelditu zen Miarritzeko Sainte-Eugenie eliza. Hurbilekoendako berebizikoa eta berezkoa izan da memoria kolektiboaren bidez Aramburu ohoratzen segitzea. Egin dituzte partida aitzineko eta hamahirugarren minutuko txalo zaparradak —13 zenbakia zuen Aramburuk—, minutu bateko isiluneak, omenaldiak hilketa izan zen lekuan... eta baita margolanak ere, jokalari ohiaren nortasunari erreferentziak eginez: Argentinako bandera, Euskal Herrikoa, 13 zenbakia, BO taldearen armarria eta Argentinako selekzioko Pumen sinboloa daramatza, kasurako, Bur artistak egindakoak. Gazteen errugbi txapelketa bati ere eman diote haren izena. Arambururen lagun taldeak, bestalde, Argentinara bidaiatu du, hango ahaideekin harremanak sendotzeko, eta zauriak elkarrekin goxatzeko.
Loturak betikotzen
Hegartyren irudiko, dramari buru egiteko beharrezkoa da argi uztea «denak elkarrekin» direla, eta, hala, Arambururen familiari sostengua adieraztea. «Gertatu zaiguna, eta bereziki Federi gertatu zaiona, guztiz barkaezina zaigu euskal herritarron kulturan, gure bizitzeko maneran. Gau hartan, ezagutzen ez genuen mundu bat ezagutzera behartuak izan ginen; herriko haur bat kendu ziguten. Pentsatzen dut haren memoria biziarazteak erakusten duela jendeak badakiela Federi gertatu zaiona balio berak dituen gutako beste edozeini gerta zekiokeela». Lau urte eta erdi iragan dira hilketaz geroztik, eta «biziari gorazarre» egitea deliberatu du Hegartyk; horregatik, hain justu, lagun eta lankide zuenarekin sortu enpresa aitzina eramateko lanean ari da oraino ere.
Federi garrantzitsua zitzaion jendearen arteko harremanak sustatzea eta inguruan zuen jendea zoriontsu egitea. Hain justu, xede hori betetzeko lan egitea da Hegopampa elkartearen ardatza. Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko loturak sustatzeko eta Federen memoria biziarazteko tresna gisa ikusten du Pierre Guerin elkarteko kideak. Archiball Cote Basque peñaren bidez ezagutu zuen Aramburu, kirolari gisa erretreta hartu zuenean. «Berehala sortu zen konexioa elkarren artean. Haren energia arrunt zirraragarria zitzaidan, gauzak egiteko gogotsu zen beti. Sentsibilitate bat bazuen, eta jendea elkarri lotzeko gaitasuna. Hegopamparen bidez, bide hori segitu nahiko genuke».

Xedea hedatzeko, bada, elkarteak zapi gorriak atera ditu, hurbilekoen sostengua trinkotu eta argentinarrak abiatu harremanak biziarazteko. Udako larunbat guziz Miarritzeko merkatuan izan dira zapiak banatzen, Arambururen omenezko margolanaren aitzinean. Auzira begira, sostengua ekarri nahi diete hurbilekoei. «Zergatik ez auzitegi aitzinean zapi gorriekin marea bat osatuz?». Bereziki garrantzitsua zaie irailaren 14an eta 15ean han egotea, parte zibilak entzunen baitituzte egun horietan. Hemendik auzia hasi arte, zapiak eskuratzeko aukera izanen da oraino, bihar ere zapiak saltzen izanen baitira merkatuan. Halere, Guerinek ziurtatu du elkarteak jendea batzen segituko duela auzia pasatuta ere, «Fedek sorturiko loturak sendotzeko».
Zabaleta, Cabacas, Aramburu
Beste gisa batez izanik ere, halako loturak egin ditu Fermin Muguruza artistak ere. Izan ere, egin duen azken nazioarteko kontzertu biran, Arambururi ikus-entzunezko omenaldia egin dio Urrun kantuaren bidez. «Urrun kantuan aipatzen dugu nola Madrilen faxista batzuek Aitor Zabaleta hil zuten. Kantu horretan, Euskal Herri antifaxista bat aldarrikatu nahi dugu. Aitor Zabaleta aipatzen du kantuak, eta argi nuen gibeleko irudietan jarri behar zirela kirol munduan ekintza faxistengatik erailak izan diren hiru euskal herritarrak: horietako bat da Zabaleta bera, bigarrena Iñigo Cabacas, eta hirugarrena Federico Martin Aramburu», esplikatu du.

Euskal Herrian Iñigo Cabacasen eta Aitor Zabaletaren kasuak frankotan lotu dira, eta, Muguruzaren ustez, inportantea da Federico Martin Arambururekin ere lotura egitea. «Memoria kolektiborako, hiru kasu hauek lotzea garrantzitsua da, kirol munduko hiru kide erail baitizkigute ekintza faxistetan», nabarmendu du.
Birako bigarren kontzertura, Bilboko Miribillara, Zabaletaren eta Cabacasen familiak gonbidatu zituen Muguruzak hain zuzen, baina Arambururen senideekin oraino ez zuen harremanik. Baina kontzertuan izan ziren Arambururen lagun batzuk, eta haren amari helarazi zizkioten argazki eta bideoak. Ordutik, Muguruzak harremana egina du Cecilia Aramburu Federen amarekin. «Bakarrik sentitzen zen, ez dute sostengu instituzionalik jaso... Orduan, halako kontzertu batean antifaxismoa aldarrikatu izanak eta semearen irudia ikusteak asko hunkitu zuen», azaldu du Muguruzak.

Muguruzak Buenos Airesen egin zuen kontzertua baino lehenago, elkar ezagutzeko aukera izan zuten: Arambururen BOko kamiseta oparitu zion jokalari ohiaren amak, eta kantariak kamiseta jantzirik eman zuen kontzertua Argentinako hiriburuan. Irail hondarrean, gainera, Muguruzak dokumental bat estreinatuko du Donostiako Belodromoan; justu epaia espero den egunean. «Belodromoan Martin Aramburu gogoratuko dugu sententzia izango den egunean; lotura eta omenaldi horiek lagungarriak dira denentzat». Argi utzi du artista gisa «ezinbestekoa» zaiola halako kasuak ikusgai jartzea.