Donapaleuko Bertso Amikuze saltegian hamabi urtez ari izan zen Amelie Mirailh amikuztarra (Amendüze, 1984) langile gisa. Saltegia itxirik egon ondotik, besteak beste bezero ohiek motibaturik, uda hasieratik Mirailhek arrahartu du saltegia, beste izen bat jarririk, Gure Bazterrak, inguruetan egin produktuak saltzen dituelako eta «Mikel Laboaren kantuari erreferentzia egiteko». Sarako, Donibane Lohizuneko, Donapaleuko, Doneztebeko (Nafarroa Garaia) eta Bilboko arropa markak saltzen ditu. Euskarazko kultur ekoizpen batzuek ere badute lekua.
Zergatik ireki duzu saltegi bat Donapaleun?
Saltegia ongi ezagutzen dut, hemen egona bainaiz jadanik, langile bezala, hamabi urtez. Egia erran, maitatu dut saltegi honetan lan egitea, euskal kultura eta markak lantzen baitira. Denda itxi delarik, bezeroek erran didate falta zela Amikuzen holako denda bat; hola ukan dut ideia berriz irekitzeko.
Saltegia irekitzeko laguntzak ukan dituzu?
Eskualdeak ematen dituen laguntza batzuk, bai. Horri esker, merkatu ikerketa eta prebisioak egin ditut. Formakuntza egun batzuk ere ukan ditut; lagundu naute proiektua plantan ezartzen eta segurtatzen bizigarria izanen zela. Bankuengana joateko ere laguntza bat izan da hori.
«Baditut bezero andana bat nahi dituzten liburuak eskatzen dizkidatenak, niri erosteko, eta ez Amazoni»
Merkatu ikerketa egin duzu, baina hemengo esperientzia bazenuen.
Hori merkatu ikerketaren parte izan da. Saltegia lehenago nola martxan zen banekien, aitzineko jabeak zer saltzen zuen gehiago edo gutxiago. Lehengo nagusiaren datuak ere ukan nituen, eta hori dena lagungarri izan da proiektua plantan ezartzeko.
Bezeroek saltegiaren beharra zergatik zuten, zure ustez? Zer ekartzen dio halako saltegi batek Amikuzeri?
Amikuzen badira oraindik jendeak lotuak direnak gure nortasunari eta nahi dutenak maila lokalean kontsumitu. Kontent dira euskal markak eta euskal kulturari lotuak diren artikuluak atzemateaz Donapaleun, urrunago joan gabe.

Aitzineko saltegiarekin baduzu esperientzia. Hemen euskarazko eta frantsesezko liburuak badira; euskarazkoak saltzen dira?
Bakarrik uztailean ireki dut denda, baina halere ikusten dut euskaraz uste nuen baino gehiago irakurtzen dela. Gehiago saltzen ditut frantsesez, baina euskaraz ere saltzen dira. Saltegi honetako langilea nintzelarik ez nuen hainbeste ikusten; irudi zait gehiago saldu ditudala orain. Beharbada denda berriki ireki baita, baina galdeak ukan ditut.
Amazonek eta halako plataformek indarra duten garaian saltegiek badute lekua orduan?
Nire bezero gehienek ez dute nahi Amazonen erosi. Egia erran, lehen denda honetan bazen literatura orokorra frantsesez, denetan aurkitzen diren liburuak; nik ez ditut ezarri, frantsesezkoetan atxiki ditut hemengo idazleenak eta euskal gaiez ari direnak, eta euskarazko nobelak. Baina baditut bezero andana bat nahi dituzten liburuak eskatzen dizkidatenak, niri erosteko, eta ez Amazoni.
Diskoak ere badituzu.
Badira pixka bat, baina murriztu ditut, ez baitira hainbeste saltzen.
«Amikuzen badira oraindik jendeak lotuak direnak gure nortasunari eta nahi dutenak maila lokalean kontsumitu»
Badakizunez zer saltzen den, horren arabera hautatu duzu zer salgai ezarri?
Ez bortxaz. Hainbeste saltzen ez diren gauza batzuk mantentzen ditut; diskoen zenbakiak bakarrik begiratzen banitu, ez nituzke atxikiko, baina gogoa dut euskal kultura balioan ezartzeko. Badira nik gustukoak ditudan gauzak eta dendan gehitu nahi nituenak ere, jakin gabe salduko diren edo ez. Adibidez, Mauleko espartinak ez ziren aurkitzen Donapaleun, supermerkatuetan salbu. Koadro batzuk, hemengo afixak, euskal bitxiak lauburu edo eguzki loreekin... Gauza batzuk emeki-emeki gehituko ditut.
Lekukoak dira bezero gehienak, ala kanpoko jendea ere ikusten duzu?
Donapaleun badira turista batzuk, baina badira hemen lotura bat duten jendeak edo sortzez hemengoak direnak ere, eta kanpora joan direnak. Heldu dira urte oroz uda hemen pasatzera, eta haiek maite dituzte euskal produktuak.
Nola kudeatuko duzu saltegia?, Saltzeen arabera aldatuko dira mozkinak?
Beti aldaketak izaten ahal dira. Adi egon behar da, ikusiz zer martxan den eta zer ez, zer galera izaten ahal den, eta atzeman berritasunak ere interesa pizteko. Bortxaz izanen dira aldaketak. Orokorki, nahi nuke dendaren kontzeptua urrunago pusatu emeki-emeki, eta geroz eta gehiago Euskal Herrian eginak diren gauzak ukan.