Zurrunbilotik ezin atera ibili da azken sei hilabeteotan Gilles Parent (Baiona, 1972). Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa kolegio giristinoan indarkeria fisikoa pairatu zuen nerabea zela, eta Angeluko Jean Jaures eskola publikoan ere bai haurra zela. Betharram afera izan zen haren kontzientzia hartzearen abiapuntua. «Shock bat». Betharramgo biktimen Facebook taldean sartu zen, eta orduan ohartu zen jasan zuena ez zela «normala» izan. «Lekukotasunetan kontatzen zutena bizi izan nuen nik, gauza bera». Baina lekukotasunen azpiko komentarioek zuten bereziki hunkitu. «Zera pentsatu nuen: jendea Betharramgo lekukotasunak irakurtzean harritua bada, guk bizi izan duguna ez da normala. Nik pentsatzen nuen hezkuntza sistema halakoa zela. Baina hor irakurritakoaren ondoren pentsatu nuen: ez, ez da normala. Lagun batzuekin elkartzea pentsatu nuen, elkarrekin aipa genezan», kontatu du.

Martxoan bere lekukotasuna zabaldu zuen Facebooken, Uztaritzeko San Frantses Xabierkoan ibilitakoen talde bat sortuz. Dozenaka eta dozenaka ikasle ohi juntatu zitzaizkion haiek ere indarkeria jasan zutela kontatzera. Horietako batzuek, baita sexu indarkeria ere. Eta Parentek argi du: pribatu giristinoan gertatu zen, baina baita ikastetxe publikoetan ere. «Indarkeria fisikoa bazela mundu guziak zekien, eta preseski horregatik ezartzen gintuzten han. Sexu indarkeria bazenik ez dut uste mundu guziak zekienik, baina indarkeria fisikoa bazela jakinda, nolaz nehor ez da axolatu?», galdetu du.
«Zera pentsatu nuen: jendea Betharramgo lekukotasunak irakurtzean harritua bada, guk bizi izan duguna ez da normala. Nik pentsatzen nuen hezkuntza sistema halakoa zela. Baina hor irakurritakoaren ondoren pentsatu nuen: ez, ez da normala»
Bozeramaile lana egitea gaitz zaio Parenti, baina haren kideetako bakar bati balio izan badio ere «merezi izan» duela uste du; ez dute «mendekatu» nahi, baina «gertatutakoa gertatu dela aitortzea» nahi dute. Indarrak baturik, eta hainbat lekukotasun bildurik, hamahiru salaketa ezarri zituzten iragan apirilean, Baionako Auzitegian: 11 Uztaritzeko ikastetxe pribatuari lotuak dira; beste bat, Domintxineko ikastetxe pribatuari; eta azkena, Angeluko Jean Jaures eskola publikoari. Maiatzean, beste salaketa batzuk gehitu zitzaizkien horiei; denetara 22 dira Ipar Euskal Herriko eskola pribatu edo publikoetan gertatu haur abusuen kontrako salaketak. Ikerketa abiatua da, beraz, eta udan zazpi orduz entzun zuten Paueko jendarmeek Parent Baionan —Betharramgo kasua haiek ikertzen dute—. «Biktima bat bezala tratatuko ninduela erran zidan parean nuen jendarmeak; biziki profesionala izan zen, eta entzuna sentitu nintzen», erran du. Espero dute azken entzuteak urte bukaera gabe egitea.
Sufrimenduen lekuan, ezteiak
Azken sei hilabeteetako egoera kudeatzea pisu egin zaio Parenti, zalaparta mediatikoa etengabekoa izan baita. Izan ere, lekukotasun eta salaketen kapituluaz gain, uda honetan San Frantses Xabier ikastetxean ezteiak antolatu dituzte: «Argazkiak ikusi nituelarik, asaldatu nintzen. Geroztik, lagun batekin mintzatu naiz, eta gibeltasun pixka bat hartu dut. Baina halere: guk hainbeste sufritu dugun lekuan halako gertaerak antolatzea...», salatu du. Aitortu du argazki horietan agertzen den janari oparotasuna izan zela bereziki jasangaitza. «Goseak hamikaturik ginen hor barnean; sardina txiki bat, pasta zenbait, eta sagar bat. Bitartean, irakasleek sekulako otorduak zituzten. Guk zerbitzatzen baikenituen, platera finitzen ez zutelarik saiatzen ginen janari pixka bat hartzen azietak sukaldera berriz ekartzean, baina, harrapatzen bagintuzten, kolatuak ginen», oroitu da. «Soberakinak herriko zerrientzat atxikitzen zituztelarik», gehitu du.

Ezteien argazkiak ikusirik, hala, berehala agiri bat idaztea deliberatu zuen, eta ikastetxeko gaurko zuzendariari ere jakinarazi zion bere kezka. «Pixka bat galdua naiz afera honetan. Batetik, ulertzen dut ikastetxeak aitzina jo behar duela, eta agian hortik bildutako sosa egungo ikasleen onerako erabiltzen dutela. Bestetik, traditua sentitu naiz. Horregatik deliberatu nuen publikoki salatzea», kontatu du. Ororen buru, erran du nahiago izanen zuela ikastetxeko zuzendaritzak biktimak aitzinetik abisatu izan balitu. «Gu ez abisatzea akats bat izan da, ene ustez; zentzuzkoa iruditzen zait inkestaren denboran guri halako berri bat helaraztea. Triste naiz, haserre ere bai, baina aldi berean ulertzen dut halako diru sarrera bat ikastetxearen onerako behar izatea. Beharbada, denbora pixka bat gehiago behar izanen genuen». Nolanahi ere, argi utzi nahi izan du salaketa eginik ere haien helburua ez dela nehorekin kexatzea, eta egiten duten desmartxa orok «elkar zaintza» duela oinarrian.
Ondorioak, betiko
Azken hilabeteetan emeki-emeki ohartu da haurtzaroan eta nerabezaroan bizi izan zuenak ondorioak badituela egunerokoan. Izan ere, Betharramgo eta Frantziako Estatuko hainbat ikastetxe pribatutako aferak ikusita, ikerketa batzorde bat ireki zuen Frantziako Parlamentuak —bertan parte hartu du Parentek—, eta entzute batean diputatu batek egindako galde baten ondorioz zalantza bat sortu zaio. «Galdetu zuen: ‘Uste duzue bizi izan duzuenak eraginik izan duela zuen osasunean?’ Eta horrekin gelditu nintzen, buruari itzulika. Egia da 16 urte ditudanetik eritasun larri bat dudala, hipertentsioari lotua, eta egunero erremedioak hartu behar ditudala. Kardiologoari galdetu nion ea loturarik ba ote zen, eta erran zidan ezin zela frogatu, baina posible dela jasandako estresak eragina ukan izana».
«Ez nuen espero beste biktimek hainbeste esker mezu helaraztea. Lekukotasunak biltzea, irakurtzea edo entzutea ez da beti erraza izan, baina badakit balio izan duela eta beharrezkoa zela»
Zauri psikologikoak ere hor ditu. «Ene irudia ez dut gustuko. Ez dut ene burua mirailean begiratzen sekula», kontatu du. Jasandakoarekin lotu du: «Gorde behar zen. Ikusten baldin bazaituzte, indarkeria jasanen duzu». Horregatik, preseski, bozeramailetza lana egitea kosta zaio. «Ez dut batere gustuko agertzea, baina, aldi berean, banekien jende batek hori espero zuela. Norbaitek egin behar zuen...». Ororen buru, egin duen lana biktima batzuendako baliagarria izan dela uste du. Ezteien afera izan arte, gainera, «entzuna» sentitu zuen bere burua jende gehienengandik. «Ez nuen espero beste biktimengandik hainbeste esker mezu eskuratzea. Lekukotasunak biltzea, irakurtzea edo entzutea ez da beti erraza izan, baina badakit balio izan duela, eta beharrezkoa zela. Baina ezteien aferaren ondotik, sentitzen dut zerbait aldatu dela ene baitan, entzunak izan ez bagina bezala sentitzen bainaiz», deitoratu du. Nolanahi ere, gehien axola zaiona gertatutakoa «ez berriz gertatzea» da. Ikerketa batzorde parlamentarioak hainbat gomendio bildu ditu horretarako, hain zuzen.