Integrazio Batzordea, baliabide eskasiak itoa

Integrazio Batzordeak salatu du Akademia Ikuskaritzak ez dituela behar bezala diruztatzen laguntza berezia behar duten haurren laguntzaile postuak. Elkartea saiatzen da hutsunea betetzen, baina geroari begira kezkaz mintzo dira.

Seaskako ikastola bateko ikasgela, ikasturte sartze honetan. PATXI BELTZAIZ
Seaskako ikastola bateko ikasgela, ikasturte sartze honetan. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Injustizia handia iruditzen zaio Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kide eta gurasoari behar bereziak dituzten haurrek —eta haien familiek— pairatu behar dutena: nahiz eta MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak hala behar dutela ebatzi, Frantziako Estatuak ez ditu diruztatzen haur horien beharren araberako laguntzaile postuak. Seaskan, 25 haur utzi ditu Frantziako Estatuak behar bezalako laguntzarik gabe, eta baliteke ikasturte denboran kopuru horrek gora egitea, MDPHren notifikazio gehiago arribatu ahala. Oraingoz, ikastolen artean egindako «barne saltsari esker», egoerari aurre egitea lortu dute, Integrazio Batzordeak bere gain hartu baititu postu horien sariak. 

Irailaren 17an eman zuten egoera horren berri Seaskako eta Integrazio Batzordeko kideek. Hori ikusirik, Akademia Ikuskaritzari gutunak igorri dizkiote hogei familiak, argudiatuz beren haurren eskubideak ez direla errespetatuak eta MDPH egituraren notifikazioa ez duela bermatzen Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Eskubideen Defentsatzailearengana jo zuten desmartxa horiek egiteko, eta, prozeduraren ondorioz erantzun bat ematera behartua zenez, 2023tik hala egin ez bazuen ere, Ikuskaritzak bi laguntzaile postu gehiago hitzeman dizkio Seaskari. Halere, Maiena Etxeberri Integrazio Batzordeko langileak erran duenez, «ez da batere argi» noiz eta nola jasoko dituzten bi postu berri horiek; ez dakite ikasturte honetarako izanen diren ala ez. Gainera, argi utzi du bi postu ez direla nahikoak behar bereziak dituzten haur guzien beharrak betetzeko; lau beharko lituzkete. Nolanahi ere, argi dute ez dela egoera jasangarria, eta ez dute baztertzen Auzitegi Administratibora jotzea. 

Azken hiru ikasturteetan egoera «jadanik larria» zen, Gisele Etxeberriren arabera, baina okerrera egin du aurten. «Integrazio Batzordeak suhiltzaile lana egiten du Hezkuntza Ministerioaren hutsuneak betetzeko. Sartze guziz tarrapatan diruztatzen ditugu beharrak, eta iaz 60.000 euro kosta zaigu, baina aurten are gehiago izanen da, hala segituz gero», esplikatu du. 

Integrazio Batzordeko kideak eta Seaskako arduradunak, Kanbon, prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Integrazio Batzordeko kideak eta Seaskako arduradunak, Kanbon, kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, iragan martxoan. GUILLAUME FAUVEAU

Denetara, 160 ikasle inklusioan ditu Seaskak —MDPH egituraren notifikazio bat ukan dutenak, hots—; horrek erran nahi du laguntza mota bat badutela, Maiena Etxeberrik esplikatu duenez: giza laguntza bat, IEP egitasmoaren parte izatea, edo ordenagailu baten ukaiteko dretxoa. Giza laguntza mutualizatua ala indibiduala izan daiteke; mutualizatua denean, laguntzaile batek behar bereziak dituen ikasle bat baino gehiago kudeatu behar ditu, bakoitza oren kopuru jakin batez. Baina sortu diren hutsuneen ondorioz, mutualizazioak trinkotzera behartuak dira, haur batzuei laguntza oren batzuk kenduz, beste batzuei eman ahal izateko. «Biziki larria da hori egitea. Eta larriagorik ere bada: laguntza indibiduala behar duten haur batzuen laguntzaileei galdetu diegu beste ikasle batzuekin oren batzuk pasatzea, ez daitezen deus gabe gelditu. Hori egiten da elkartasunez, eta familiek ez dutelako bakarrik beren buruari pentsatzen. Baina ez da jasangarria, ezin dugu onartu egoera hori», salatu du Gisele Etxeberrik. «Gizarte gisa, zein dira gure balioak ez baditugu gure haur ahulenak behar bezala babesten?», galdetu du. 

Ordezkorik ez

Hori guti balitz bezala, uda honetan sortu egoera batek are gehiago kezkatu ditu Integrazio Batzordeko kideak. Dimisioa eman duten sei laguntzaile ez ditu ordezkatu Ikuskaritzak. Erran behar da biziki lan prekarioa dela, eta langileak usu behin-behinean aritzen direla postu horretan. «Laguntzaile batek dimititzen duelarik, haren postuari loturiko finantzaketa kendu dute. Zernahi da. Postu horietan, gainera, etengabeko aldaketak badira; gure egunerokoa da batek dimisioa aurkeztea. Hala segitzen badute, fite ez dugu gehiago finantzaketarik batere ukanen», deitoratu du Gisele Etxeberrik. Maiena Etxeberrik argitu duenez, ez dute «informazio ofizialik» jaso neurri horri buruz, baina halabeharrez ohartu dira egoeraz. Espero dute Frantziako Gobernuak gibelera eginen duela, baina argi utzi du Gisele Etxeberrik: «Beste behin frogatzen dute inklusioarentzat ele ederrak baizik ez dituztela, baina ekintzak, batere ez; alderantziz, gibelera goaz». 

«Frantziako Estatuak MDPH egituraren bidez notifikazioak banatzen ditu, eta aldi berean, Akademia Ikuskaritzaren bidez, ez ditu errespetatzen berak plantan ezarritako legeak. Biziki kezkatuak gara ez dakigulako sistema oso bat suntsituko duen plan argi bati erantzuten dioten»

GISELE ETXEBERRI Integrazio Batzordeko kidea

Frantziako Gobernuaren kontraerranak gaitzetsi dituzte elkarteko kideek. «Frantziako Estatuak MDPH egituraren bidez notifikazioak banatzen ditu, eta aldi berean, Akademia Ikuskaritzaren bidez, ez ditu errespetatzen berak plantan ezarritako legeak. Biziki kezkatuak gara ez dakigulako sistema oso bat suntsituko duen plan argi bati erantzuten dioten edo norbaitek bulego batean hartu erabaki bakartua den, eta gibelera eginen duten», erran du Gisele Etxeberrik. Behar bereziak dituzten haurrek pairatzen dute bortitzen egoera hori, baina Etxeberrik argi utzi du talde pedagogiko osoari eragiten diola. Egoera horri erantzuteko erakutsi duten prestasuna goraipatu du: «Talde pedagogikoak antolatu direlako eta erreaktiboak izan direlako lortu dugu antolatzea». 

Gurasoen borroka

Julie Ahaspe Sohütako ikastolako gurasoak ongi daki Integrazio Batzordearen lana zein lagungarria den. Haren semeak birus batek eragindako elbarritasun psikomotorra du. Semea oraino ospitalean zuela, ikastolako irakasleak jin zitzaizkion, eta Integrazio Batzordearekin harremanetan sartuak zirela esplikatu zioten. Elkarteari esker, hala, ikastolara itzuli ahal izan zen Ahasperen semea. Laguntzaile baten beharra du, baina hark ere baliabide eskasiaren ondorioak pairatu behar ditu azkarki. Izan ere, klase denbora guzirako laguntzaile bat du; arazoa da klasetik kanpo ere behar duela laguntza: sustut otorduen denboran. Ordu horietan, ordea, ez du laguntzailerik: «Inklusioa nahi dute klasean, baina ez klasetik kanpo; ez du zentzurik. Elbarria, haur batzuendako, ez da klasetik kanpo desagertzen. Elbarritasun motorra edo mentala izaten ahal da, eta eskubidea dute besteak bezala ikastolara joateko», aldarrikatu du Ahaspek.

«Elbarria, haur batzuendako, ez da klasetik kanpo desagertzen. Elbarritasun motorra edo mentala izaten ahal da, eta eskubidea dute besteak bezala ikastolara joateko»

JULIE AHASPE Sohütako ikastolako gurasoa

Gisele Etxeberrik erran du laguntzaile bat behar duen guraso gisa «biziki fite» ulertu zuela «murruak hautsi» beharko zituela bere haurraren eskubideak errespetatuak izan daitezen. «Urrats administratibo guziak biziki pisu dira; gu borrokatzen gara ahal bezain normalak izateko gizartean, baina beti begirada bat badugu. Saiatzen gara dena ontsa egiten, nahi ditugulako gure haurrak ahal bezain urrun eraman eta lagundu, arau guziak betez». Baina deitoratu du urrats administratiboak gainditzean ere errealitatean ez direla gauzatzen: «MDPHren notifikazioa lortzen duzularik, bitxia da: mingarria da, baina halere arindua zara, uste duzulako zerbaiten bukaera dela, eta zerbait lortu duzula. Baina ez da batere hala, gero errealitatean ez baita nehor zure haurrarentzat». 

Julie Ahaspek azpimarratu duenez, Integrazio Batzordeak, nolanahi ere, «magia» egiten du, haurrentzat eta gurasoentzat. «Ez gara ohartzen zein inportantea den elbarritasun bat duen haur batentzat beste haurrekilan izatea, eta alderantziz. Magia gertatzen da elkarrekin direlarik, eta gure semearekin ikusten dut hori; hatsarrean ez zen aisa, baina orain besteekin uros dela ikusten dut, eta hori posible izan da Integrazio Batzordearen lanari esker». 

Maiena Etxeberrik zehaztu du Integrazio Batzordeak nehoiz baino laguntza handiagoa beharko duela hemendik aitzina, eta oroitarazi du emaitzekin baizik ez duela funtzionatzen. Hortaz, 2025. urterako kanpaina abian dute martxotik, eta www.helloasso.com/associations/integrazio-batzordea webgunean egin daiteke ekarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.