Egoera ez da berria, baina urtez urte okertzen ari da. Integrazio Batzordeak salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiela ematen inklusiorako behar dituzten baliabideak. Ikasleei elbarritasuna aitortzen badiete ere, gero ez dituzte jasotzen dagozkien laguntzak, eta Seaskak hartzen ditu bere gain. 2025-2026ko ikasturterako Seaskako 171 ikaslek jaso dute laguntza berezitu bat eskuratzeko aukera ematen dien jakinarazpena. Hainbat familiarekin auzitara jotzea aztertzen ari dira, Frantziako Estatua bere erantzukizunak betetzera behartzeko. Anartean, dirua biltzeko urteroko kanpaina abiatu dute: 156.100 euro behar dituzte.
Ikusi gehiago
Azken urteetan, behin baino gehiagotan salatu dute Seaskak eta Integrazio Batzordeak inklusiorako baliabideen murrizketa. Oinarrian, MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak ematen du jakinarazpena haur bati elbarritasuna aitortzeko, eta AESH laguntzaile bat jartzen zaio ondoren; beharren arabera, mutualizatua ala indibidualizatua izan daiteke. Baina Hezkuntza Ministerioak AESH laguntzaileak ordaintzeko erabiltzen duten aitzinkontua urrirako bukatu ohi da; hortik aitzina, ikasle bati behar bereziak aitortzen badizkiote ere, ondoren ez dute kontuan hartzen.
Baina Integrazio Batzordeak gaitzetsi du aitortzen dituzten baliabideak ere maiz ez direla aski. Laguntza indibidualizatua eman behar duen AESH batek 23,5 orduko kontratua du; baina ikasleek 24 eskola ordu dituzte astean, jantegian ematen duten denbora kontatu gabe. «Kontratu horiek ez dituzte inklusioan diren ikasleen egun osoak estaltzen», gaitzetsi du Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak. Horrez gain, AESH batek lan geldialdia hartzen duelarik, ez da ordezkatua.
156.100Integrazio Batzordeak zenbat sos behar duen Urtero bezala, dirua biltzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak, behar bereziak dituzten ikastoletako haurrak laguntzeko. Horretarako, ekitaldi andana antolatuko dituzte ondoko aste eta hilabeteetan. 156.100 euro bildu nahiko lukete.
Hori gutxi balitz bezala, iazko udan jakin zuten AESH batek dimititzean ikastetxeak zegozkion baliabideak galduko zituela; hau da, hezkuntzako administrazioak bereganatzen ditu, ondoren nahieran banatzeko beharrak dituzten ikastetxeen artean. «Telefono dei baten bidez jakinarazi ziguten erabakia», salatu du Etxeberrik. Gaur egun, 30 AESH ari dira Seaskan Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin kontratupean. Urtebeteko epean bost laguntzaileren ahalak galdu dituzte. Hala, iazko irailetik 22.000 euro ordaindu ditu Integrazio Batzordeak laguntzaile berezituen postuentzat, hezkuntza administrazioaren hutsuneak estaltzeko.
Bi eskaera plazaratu dituzte: Frantziako hezkuntza administrazioak bere gain hartzea bost irakasle berezituren ardura, eta beste sareek dituzten baliabide berak ukaitea, ikastoletan inklusioa hastetik buru bermatzeko aukera izan dezaten.
Gogoeta pedagogikoa
Inklusioari buruzko erreforma abiatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak, baina Integrazio Batzordeak susmoa du konponbideak aurkitu ordez arazoa desagerraraztea dela helburua. Izan ere, laguntzaile berezituak kudeatzen dituen egitura administratiboa aldatuko dute, eskumen berriak emanez: hemendik aitzina, honen esku izanen da ikasleei behar bereziak aitortzea. «Susmoa dugu MDPHraino egoera zailenak baizik ez direla iritsiko, eta gainerakoak baliabide ekonomikoen arabera kudeatuko dituztela, aitzinkontuaren arabera. Beharrak handitzen direlarik, Hezkuntza Ministerioa logika ekonomiko batean da, osasun publikoaren gaia baztertuz. Giza laguntza anitz apalduko da, eta egokitzapenak ikastetxeetan egin beharko dira».
Seaskan, hain zuzen, gogoeta abiatua dute inklusioari buruz, ikasleei begira duten esku hartzea berrantolatzeko. «Inklusioa osorik bermatzea da ikastolen eta Seaskaren erronka nagusia. Ikasleen aniztasuna eta desberdintasunak kontuan hartuz, helburua da haur guztiek ikastolan beren lekua izatea, ahal bezain luzaz eta baldintza egokienetan», esplikatu du Etxeberrik. «Buruan ukan behar dugu erreusitua den inklusio batek autonomiara eramaten duela. Giza laguntza ez da erantzun bakarra izan behar. Pedagogiak dizkio ematen tresnak ikasleari bere baitatik ahal bezainbat urrats egin ditzan».