Iparretarrak talde armatuaren memoria

Izpegiko besten kari, Iparretarrak taldearen eta garai hartako egoeraren inguruko mahai ingurua antolatu dute Baigorri eta Baztango gazteek. Zazpi militantek orduko egoera izan dute gogoan, eta gaurkoarekin parekatu.

Iparretarrak taldearen historiaren inguruko mahai ingurua
Iparretarrak talde armatuari buruzko hitzaldia, Izpegiko Bereko Bentan, irailaren 19an. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izpegiko bestak antolatu zituzten Baigorri eta Baztango gazteek joan den astean, hirugarren aldiz. «Memoria ariketa egitea behar-beharrezkoa» zaiela erran zuten antolatzaileek «askatasunaren eta elkartasunaren aldeko» bi eguneko egitaraua aurkeztean. Ostiralarekin, Iparretarrak (IK) talde armatuaren historia eta 1970eko urteetako eta ondoko hiru hamarkadetako testuinguruaz mintzatzera gomitatu zituzten zazpi hizlari. Jojo Bidartek Izpegiko Bereko Bentan gidatu duen mahai inguruko zazpi militanteen lekukotasunak bildu ditu Ipar Euskal Herriko Hitza-k. 

Filipe Bidart.

«Behar zen lan politiko bat egin kontzientzia politikoa pizteko Ipar Euskal Herrian»

FIlipe Bidart
FIlipe Bidart. GUILLAUME FAUVEAU

1963. urtean sortu zen Enbata mugimendua. Hizlari gehienek bezala, Filipe Bidartek ere «bigarren belaunaldia» hartu du ardatz, preseski Enbata mugimenduarekin izan zen haustura abiapuntutzat hartuz. 1970eko hamarkadan, 1968ko maiatzean «engaiatu eta kontzientzia politikoa» zutenek, Bidarten erranetan, ez zuten bat egiten Enbataren formekin, ez eta estrategiarekin ere. Helburuari zegokionez, lehenik, euskal departamenduaren kontra zirelako: «Frantses instituzio bat da, Prefetarekin, eta hori ez zen helburua. Helburua zen Euskal Herria eraikitzea, berpiztea», zehaztu du Bidartek. Egiteko moldearekiko ezadostasunak ere argitu ditu segidan, Enbata alderdia hauteskundeetara aurkezten baitzen eta gazteagoek uste baitzuten «lehenik behar zela lan politiko bat egin kontzientzia politikoa pizteko Ipar Euskal Herrian». Segitu du: «Uste genuen behar zela gehiago hurbildu herritarretarik».

1970. urteko Aberri Egunean kokatu du «lehen haustura». Enbata zen antolatzaile, eta Prefetak ekimena debekatu ondotik goizean elkarretaratze bat egitea negoziatu zela oroitarazi du Bidartek: «Parte hartu genuen goizean Enbatarekin; erran ziguten etxera joateko, eta gu han gelditu ginen», kontatu du, eta ondoko mobilizazio, karrika blokeatze eta borroka azaldu segidan. 1973ko Aberri Eguna, berriz, bigarren belaunaldiak sortu lekuko taldeek antolatu zuten. «Biziki inportantea da ulertzeko bigarren belaunaldi horren baitan sortu baitzen erakunde armatua ere», IK-ko kide ohiaren arabera. Borroka mota desberdinak juntatuz «beste gizarte baten alde» egin zutela erran du Bidartek: «Bagenekien bide ofizial edo legalak ez zirela aski izanen bazterrak mugitzeko eta gizarte berri bati buruz joateko».

Iparretarrak taldeak argitaratzen zuen Ildo aldizkariaren 1978ko publikazio bat irakurri du Bidartek estrategia zehazteko: «Herritarrei galdegiten zaie militanteen herri ekintzetan parte hartzea edozein sailetako borroketan, erakusteko euskal jendearekin bizi garela, herriarekin bat egiten dugula eta abertzaleak ez direla herriarekin deus ikustekorik ez dutenak, burgesiak sinetsarazi nahi lukeen bezala».

Xan Koskarat.

«Zentralismorik ez genuen nahi: delibero guztiak talde gogoeta batetik jalgiak ziren»

Xan Koskarat
Xan Koskarat. GUILLAUME FAUVEAU

Testuingurua marraztuz hasi da Xan Koskarat: «Lurraren prezioa goiti zihoan, laborari etxeak husten ari ziren, gure kultura eta hizkuntza galtzen ari ginen». 1977ko urrian Baigorriko trinketaren estreina kari, kargudun politikoak bildu zirelarik arrangura horiek ezagutarazteko egin elkarretaratze bat oroitarazi du. Gerora antolatu hitzaldi-eztabaida publikoetan seiehun bat jende bildu zirela gehitu du. «Hor ohartu ginen arrangura horiek anitzek sentitzen zituztela», ondorioztatu du Koskaratek. 

Borroka giroa deskribatu du militanteak, zehaztuz 1970eko hamarkadan egin zirela «ekintza andana bat herrian bizitzeko, herrian lan egiteko, herrian ikasteko; aldizkari bat, kultur aste bat, Nafarroaren Egunak eta abar...». 1977ko abenduan Xan Marguirault militantearen atxiloketaren salatzeko sortu ziren lekuko sostengu talde koordinatuen aipamen berezia egin du Koskaratek. Hariari jarraikiz, Herri Taldeak 1982an publikoki aurkeztu zirela gehitu du: «Ez genuen alderdi bat sortu nahi, baina bai mugimenduen elkarretaratze bat. Ez genituen begi onez ikusten usaiako frantses alderdien moldeak. Zentralismorik ez genuen nahi, eta gure delibero guztiak talde gogoeta batetik jalgiak ziren».  

Filipe Laskarai.

«Sentitzen genuen etsaiak gu lehertzen ari zirela, eta behar genuen zerbait egin»

Filipe Laskarai
Filipe Laskarai. GUILLAUME FAUVEAU

Nahiz eta aitortu «biztanle guztiak» ez zetozela bat, Filipe Laskaraik motibazio nagusiaren berri eman du: «Sentitzen genuen etsaiak gu lehertzen ari zirela, eta behar genuen zerbait egin». Ipar Euskal Herriko biztanle guztiak ez, baina multzo «ikaragarri motibatu» batek osatzen zuen besteak beste lurraren eta turismoaren gaiak borrokatzen zituen mugimendua. Golf zelai edo hotel proiektuen kontra egiten zuten; Laskaraik salatu du «kargudun politikoen proiektua Ipar Euskal Herriko alimaleko jostalekua» izatea zela.

Oldarraren iturria esplikatu du militanteak: «Ez zen posible uztea horiek jostatzen gure gizarte eta ekonomiarekin nahi zuten gisa». Kultura, bizimoldea eta dena ttipitua zen «folkorismora», eta horri guztiari kontra egiteko «alimaleko kanpaina bat» izan zen, eta «IK-k borroka armatuarekin eraman zuen kanpaina hori», Laskaraik erran duenez.

Jojo Bidart moderatzaileak gaur egungo egoera ere aipatzea galdetu dionez, Laskaraik jauziak egin ditu denboran. Iparretarrak 2000. urtearen hastapenetan desagertu ondotik, bere ustez, bulta batez «ez da izan arrasta ukaldirik, ez da gehiago presiorik egin higiezin proiektu horien kontra». Horrek, Laskarairen erranetan, ondorio argiak ditu gaur egungo panoraman: «Promotoreak izugarri urrun joan dira: ikaragarriko sosa egin dute hemen. Lurraren prezioa ikaragarri goititu da». Hainbeste lur salmentak, artifizializaziok eta eraikuntzak ingurumenean eragin dutela gehitu du, bai eta «laborariei haien tresna kendu» ere. 

Peio Duhalt.

«Autonomia lehen urrats bat da, bai, baina urrats oso inportantea»

Peio Duhalt
Peio Duhalt. GUILLAUME FAUVEAU

Kronologia berantago hasi du Peio Duhaltek, aurkezleak erran bezala «berantago» inplikatu baitzen borrokan, bereziki autonomia proiektuaren lanketan. IK-ren leloa oroitarazi du: Autonomia, lehen urratsa askatasunaren bidean. Damugarri zaio autonomia proiektua urrunago ez eraman izana: «1993an autonomiaz hitz egiten genuenean anitzek erraten ziguten independentzia zela lortu behar zena, eta, bestalde, baziren burges txikiak departamenduaren alde. Bien artean ginen», argitu du. 

Herriak bizi behar du lelo ezagunari erreferentzia egin dio Duhaltek, eta zehaztu du horretarako behar zutela geroa erabaki: hizkuntza, kultura, ekonomia... sektore guztietan. Egun, Duhalt kontent da Korsikan eta Kanakyn autonomia hitza «berriz» aipatzen delako eta EH Bai alderdiak ere autonomia aipatzen duelako. «Uste dut behar diogula erran jendeari zein inportantea den autonomia eraikitzea gure herrian. Lehen urrats bat da, bai, baina urrats oso inportantea», gehitu du.

Terexa Lekunberri.

«Euskal kanta herrikoia bilakatu zen, eta euskal kontzientzia bat sortu zuen»

Terexa Lekunberri
Terexa Lekunberri. GUILLAUME FAUVEAU

Mahai inguruan, kultur saila zegokion Terexa Lekunberri etnologoari. Beste hizlari baten ahotik entzun eta Lekunberrik azpimarratu du kantuak hamarkada horietan ukan zuen indarra, euskal kantu berriaren agertzearekin: «Euskal kanta herrikoia bilakatu zen, euskal kontzientzia bat sortu zuen, eta erreibindikazio iturri ere izan zen. Garai hartan kantaldi guztiak militanteak ziren», trenkatu du, eta gehitu Telesforo Monzonen, Piarres Larzabalen eta Daniel Landarten antzerkien kasuan ere gauza bera erran daitekeela.

Bestalde, hori ere beste hizlarien erranetik tiraka, kolektiboaren inportantzia aipatu du Lekunberrik: «Kultur asteak, kultur elkarteak, kultur zentroak... Pizkundea elkarte guztien federazioa ere sortu zen, eta Pizkundeak sortu zuen Euskal Herriko Kultur Etxea, EKE bilakatu zena. Saretze handi bat sortu zen indar kolektibo handi horri esker». Haren ustez, «lorpenak» anitz izan dira, eta zerrendatu ditu oraino ere irauten duten egiturak: AEK, Seaska, Euskal Herrian Euskaraz, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Irratiak...  Lekunberriren hitzetan, egitura horiek hamarkadetan iraun izanak erakusten du «orduko sortzaileek aski amets handiak zituztela eta aski epe luzeko helburuak» ere bai.

1984an bere herriko bestak borroka batekin bukatu zirela kontatuz, Lekunberrik ez du isildu nahi izan «urte haietan jendartea banatua» zela. Gaur egun ere, haren ustez, banaketak badira oraino, desberdinki bada ere, eta funtsezko galderak egiteko orena zaio: «Ene iduriko, erronka inportantea izanen da lur honetan elkarbizitza hori kudeatzea euskaldun gisa. Zer-nolako kultura babestuko dugu? Zer-nolako tokia ukanen dugu baztertuak eta marjinatuak izan gabe duin bizitzeko?».

Panpi Sainte-Marie.

«Saltzen bazen, argi zen bizia galtzen ari zela, laborantzak galdu zuela»

Panpi Sainte-Marie
Panpi Sainte-Marie. GUILLAUME FAUVEAU

20 bat urterekin diskurtso teorikorik sobera ukan gabe inplikatu zen borroka armatuan Sainte-Marie; dioenez, Maitasunez bizi eta ildoari segi leloari jarraikiz. Behin saldua, betikoz galdua; beste lelo horrek keinu egiten dio gaur egun ELB sindikatuan duen bozeramaile karguari, baina garai hartan jadanik deigarri zitzaiola esplikatu du: «Ikusten nituen mendiko borda horiek salduak bordeles eta paristarrei; eta saltzen baziren, argi zen bizia galtzen ari zela, laborantzak galdu zuela eremu hori. Horrek mina eragin eta motibazio ikaragarria eman zigun horren kontra borrokatzeko».

Vietnam eta Aljeriako gerretan eta beste hainbat askapen borrokatan ikusten zuen bezala, Sainte-Marierentzat «duintasun» afera bat zen «zapalkuntza» ez jasatea deus egin gabe. Hark ere zubia egin du gaurko egoerarekin, bere sailetik so eginez: «Laborantzan ere zutik ematen ari gara tresna anitz beste norabide bat egiteko, baina ez nolanahiko laborantza: errespetatuko dituena kontsumitzailea, ingurumena eta guhauren burua. Bada lan anitz egiteko, baina ikusten da hasi nintzelarik baino hobeki garela, bederen tresnak baititugu eskutan», ondorioztatu du baikorki.

Ladix Arrosagarai.

«Euskaldun gutxiago gara, baina pentsatzen dut kontzienteago garela»

Ladix Arrosagarai
Ladix Arrosagarai. GUILLAUME FAUVEAU

Euskalgintzatik ari da Ladix Arrosagarai, hitzaldia Korrikaren aipamenarekin hasita; hirugarren Korrika Izpegitik pasatu zela oroitarazi du, egoera deskribatuz: «Duela 50 urte jende gehienak euskaradunak ziren barnealdean, baina ez zuten euskaldun izatearen kontzientziarik. Gaur egun, anitzez euskaldun gutxiago gara, baina gaudenak pentsatzen dut kontzienteago edo aktiboago garela». Euskaldun izatearen irudia hobea dela gehitu du Arrosagaraik, lehen «euskaldun izatea pito izatea» baitzen. «Baina oraino ere minorizatuak gara, eta lege arrotza nagusi da», azpimarratu du.

Lurren gaia aipatu du, bizi den kostaldean zentratuz: «Kostaldearen erdia bigarren etxebizitzak dira. Hendaiatik Bidarte eta Getariara, kanpoko jendeak du erosia herria». IK-ren ekintzek fenomeno hori momentu batez «frenatu» zutela gehitu du. 

Ahoan bilorik gabe mintzatu da bakea eta elkarbizitza aipatzean: «Hemen bada erasotzaile bat eta erasotzen dioten bat. Etorri dira kanpotik, gure etxera sartu, dena xehatu, beren gisa antolatu, beren legea ezarri, gure hizkuntza baztertu, eta orain musu eman eta elkarrekin oheratu behar dugu?», galdetu du. Eskubideen «ezagutuz, onartuz eta babestuz» hasiko da haren ustez zinezko elkarbizitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.