Sutan kolektiboa

Iraultza transfeminista izanen da edo ez da izanen

mapa baiona
Aña Iriart Baneix eta Maddi Kintana
2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olatu feminista pasatu berri dugu martxoaren 8aren kari, eta anitzentzat horretan bukatzen da feminismoa. Alta, feminismoa ez da egun batean soinean eramaten dugun etiketa bat, baizik eta urte osoan zehar janzten dugun ikusmolde eta bizimolde bat. Guk, Sutan kolektiboan, argi dugu hori: horregatik ari gara martxoak 8 eta azaroak 25ean borrokan, baina baita hortik haratago ere.

Sutan duela bi urte inguru sortu zen Baionako M8ko eta A25eko manifestaldiak antolatzen zituen asanbladaren eskutik. Hainbat kolektibotako jendea batu ginen, elkarte mundukoak eta kolektibo militanteetakoak, feminismotik etorriak. Talka nabarmen batzuen ondotik, eztabaida luze eta mamitsuen ondoren, ideia politiko komun batzuk zituen talde bat ginela adostu genuen eta Sutan argitara eman. Hainbat kontuk eragin zituzten eztabaidak: abertzaletasunarekin loturak, transfeminismoak edo mistotasunak kolektiboaren baitan, besteak beste.

Transfeminismora egin genuen jauzia Sutan sortu eta guttira, konturatu baikinen garrantzitsua zela transfeminismo hitza azpimarratzea. Guk ezin genuen gure borroka emazte subjektura mugatu osoki, sistema zisheteropatriarkalak zapaltzen dituen gorputzak gehiago baitira: pertsona transak, bollerak, marikak, putak, pertsona arrazializatuak; disidentziak, oro har. Guretzat urrats bat gehiago egiteko aukera izan zen: hitza feminista anitzen ahoan aurki genezakeen garai hartan, baina bere burua transfeministatzat hartzen zuen lehen kolektiboa ginen Ipar Euskal Herrian.

Subjektua zabaltzea borroka molde desberdinak aitortzeko eta zapalkuntzarik gabeko mundu bat sortzeko gakoa izan zen, eta pasatutako bi urteek berresten dute gure erabakia. Horren adibide dira, adibidez: irailean antolatu genuen transfeminismoari buruzko kafe tertulia, hainbat hitzaldi, komunikabideetan transfeminismoa zer den azaltzeko egindako eginahalak, Garen piztiaz beste liburuaren aurkezpena Baionan. Aliantzak sortzen ari gara eta jendea jakin-minez egarri da: funtsezkoa da bide horretan aitzina egitea.

Aurten, M8ko manifestazio jendetsua izan da Baionan, 1.200 bat lagun hurbildu ziren hitzordura. Iruditzen zaigu borroka transfeministak karrikak dardararazten dituela, jendea mobilizatzen duela. Nahiz eta anitzek erran transfeminismoak bereizten duela eta askapenerako borrokak hausten dituela, guk kontrakoa diogu: transfeminismoa ikuspegi eraldatzaile bat da, gure askapen nazionalerako ezinbestekoa, klase askapenerako eta sistema honen kontrako borrokan. M8k hori berretsi zuen eta Ipar Euskal Herria transfeminismoz astintzera gatoz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA