1956an, duela 70 urte xuxen, Piarres Larzabalek izkiriaturiko Herriko bozak antzerkia Hazparnen taularatu zen lehenbiziko aldiz. Geroztik hainbat aldiz berriz ikusteko parada izan dugu, zorionez. Nork ez ote ditu gogoan Pakoren gogoetak arno botilari so: xuritik ala gorritik? Xuria, apez arnoa. Biskotxekilako arnoa. Gorria, iluna, motelagoa. Egun guzietako arnoa. Ai, arnoa eta politika, politika eta arnoa... Xuritik ala gorritik, herriko bozak ate joka ditugu.
Gurean, Larresoron jakin gabe herriko bozetan aurkeztuko ote ginenetz, zerrenda osatuko genuenetz, urtarrileko lehen igande goizarekin elkartu ginen lehen aldiz. Geroztik, igande goizero segitu dugu biltzen Debrutegian, herriko plazatik hurbil. Arno xuririk ez, ezta gorririk ere. Guk kafea, kafe beltza eta beroa izan dugu lagun. Galdera sinple eta zuzen bat izan dugu abiapuntu: zerbait egin nahi ote dugu gure herrian bozen karietara? Jakin gabe lortuko genuenetz hemeretzi hautagaien atzematen, hasi ginen gogoetatzen, hausnartzen, pentsatzen mahai inguruan kolektiboki.
Bakoitzak bere ideia, bere iritzia, bere ametsa, bere ikusmoldea emanez. Zerbaiten parte ginela sentiaraziz. Euskaraz, goxoki. Eta horrela segitu dugu igande goizero Debrutegian. Berogailua piztu, kafe tresna martxan eman. Igande goizero. Batzuek otoitza elizan eta guk meza Debrutegian. Aurten libertimendu guti guretzat. Baina guk ere gure maneran plaza hartu dugu igande goizero.
Gaiez gai gure herria birpentsatzen, marrazten hasi gara: euskara, ingurugiroa, etxebizitza, kultura, elkarbizitza, berdintasuna. Eta ariketa interesgarria eta aberasgarria izan da. Zuk nahi duzun herriaz tarte batez amets egitea, posible bilakatzea, ederra da. Eta horrela segitu dugu, zerrenda egiteko tenorea jin arte. Hemeretzi izen atzeman behar, emazte eta gizon, erdi-erdi. Denak prest ginen hemeretzigarrena izateko. Eta egia errateko, hemeretzi baino gehiago ginen ororen buru. Baina, gizonak eskas. Gizon baino emazte gehiago ginen. Gehiegi ginen. Sorginak Debrutegian nagusi. Beste zenbait herritan, auzapeza etxez etxe emazte bila ibili omen delarik, gurean alderantzizkoa gertatu da. Beraz, belaunaldi gazteagoei utzi diegu batzuek lekua, ilusio handiz.
Halere, urtean barna herrigintzan elkarrekin lanean ari garenok ez dugu traba handirik izan zerrenda osatzeko. Ez dakit hau ona ala txarra den. Xuri batzuendako, gorriak beti gorri. Aspaldiko uste eta mamu zaharkituak errotuak dituzte oraino anitzek beren baitan, maluruski. Baina, zerrendak zerrenda, bozak boz, hautetsiak hautetsi gure balioak defendatzen segituko dugu herritar gisa.
1956an eman zuten Herriko bozak antzerkia lehen aldiz Hazparnen. 70 urteren buruan, hauteskundeen bezperan, martxoaren 14an Hazparneko plaza hartuko dute zirtzilek, begitartea beltzaturik. Aurtengo azken libertimenduan elkartuko gara. Has dadila ikuskizuna!