Ez dute zigorrik izanen, eta, horretaz gainera, errugabetu dituzte. Duela bi urte Korrikaren lehen egunean 36 migratzaileri Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga pasatzen laguntzea leporatzen zieten zazpi militanteak errugabe atera dira Baionako auzitegitik. Iazko urrian epaitu zituzten, «pertsonen trafikoko talde antolatu bat» izatea leporatuta, eta 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak eskatu zituen fiskaltzak haien kontra, horietako batzuk gibelapenarekin. Epaileak ez du bat egin prokuradorearen eskariekin.
Korrika berriz hastekotan dela iritsi da deliberoa, gertakariak iragan eta bi urtera. Hain zuzen, zazpi auzipetuen abokatu Maritxu Paulus Basurkok «ontzat» jo du auziaren emaitza, baina, halere, prozesuaren luzetasuna azpimarratu du. «Hainbat istorioren eta hainbat hilabeteren ondotik», pozik agertu dira denak. Hori bera baitzen haien eskera: «Egiaztatzea dosier horretan ez zela inongo elementurik afera auzitara eramateko».
Izan ere, auzi osoan froga baliagarri bakarraren arabera jokatu zuten epaileek. Erabilitako bideoa bederatzi minutu eta 31 segundokoa da, Ahotsa.info-ren Youtubeko katean libreki ikusgai: auzipetuetarik zenbaitek Korrikaren abiatze eguneko ekintza kontatzen dute bideoan, baina ez da erraten migratzaileekin muga zeharkatu zutenik; Hendaiatik Baionarako bidean lagundu izana besterik ez da aipatzen, eta legezkoa da laguntza hori, diru trukerik ez den heinean. Batetik, hori azpimarratu zuten abokatuek, eta, bestetik, ezin dela erran, larru koloreagatik bakarrik, bideoan auzipetuen ondoan agertzen diren «afrikar itxurako» herritarrak legez kanpoko migratzaileak zirenik.
Ikusi gehiago
Fernand Perret da zazpi auzipetuetako bat, eta, hark BERRIAri joan den astean adierazi zionez, «ahalkegarria izanen zen kondenarik izatea», eta urrunago ere joan zen: «Isun bat ordaindu behar balitz, ezinen ginateke kontent atera. Edo errudunak gara edo ez gara, baina zeren errudun? Deus ez da. Hutsa da. Afera horrekin, justiziaren rolaren inguruko erronka handia da: justizia independentea ote da, edo Frantziako Barne Ministerioaren mesedean funtzionatzen ote du?». Gaur, bada, justiziak ebatzi du errugabeak direla Korrikako zazpi auzipetuak.
Paulus Basurko abokatuak oroitarazi du epaileak zer formulazio erabili duen deliberoa emateko tenorean: «Azpimarratu du erabaki juridiko bat zela; utziko zaituztet horren inguruan eztabaidatzen». Hain zuzen ere, auzibideak iraun duen bi urteetan, militanteek behin eta berriz aitzinera ekarri dute auziaren kutsu politikoa; Elkartasuna ez da delitua! zioen kanpainaren leloak. Hasieratik bertatik Pirinio Atlantikoetako prefeturaren aginduz abiatu baitzen ikerketa.
Hauek ziren auzipetuak: LAB sindikatuko Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau, EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre, Bidasoa Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasarte, eta Frantzia Intsumisoko Thomas Dubois. «Migrazio politika arrazista eta hiltzaileak» salatu zituzten auzi saioan, eta politika horiei emandako erantzun gisa aurkeztu 2024ko martxoko ekintza. Auzipetu zituztenez geroz, J'accuse (salatzen dut) autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten. Urrian, 5.000 jende inguruk emana zuten izena.
Oihartzun handia izan zuen Korrikaren hasierako desobedientzia ekintzak. Hainbat kolektibok beren gain hartu zuten, eta bideo bat zabaldu. Pirinio Atlantikoetako prefeturaren aginduz, fiskaltzak ikerketa abiatu zuen, eta sei pertsona deitu zituzten Hendaiako komisariara deklaratzera. Iritsi bezala atxilotu zituzten.Â
Justuki, auzi gelatik ateratzean, gizartearen mobilizazioa goraipatu du Aramendik: «Eskertzeko tenorea ere bada: batetik, juridikoki abokatuek egindako lan guztia, eta, bestetik, azken bi urte hauetan mobilizatu direnak. Argi eta garbi ikusi dugu mobilizatzen eta borrokatzen baldin bagara berri onak izanen ditugula, gaur bezala. Segitu beharko dugu lanean denek eskubide berak izateko eta denak libre bizitzeko eta ibiltzeko Europa honetan».
Europako mugak
Azken urteetan Bidasoan hildako bederatzi migratzaileen aipamena ere egin du Aramendik, eta migratzaileen kontrako politikak borrokatzen segitzera deitu.
Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga markatzen du Bidasoak, eta muga hori bera pasatzen laguntzeagatik auzipetu zituzten zazpi akusatuak. Afera da legedia ez dela argia barneko mugen zeharkatzeari dagokionez. Afera honen kasuan, hain zuzen, Schengen eremuko mugak zeharkatu dira, hots, barneko mugak. Europako testuak ez dira argiak, eta auzipetuen abokatuetarik batek, Ilazki Ortegok, detaile horien zehaztea galdegin zion Europako Justizia Auzitegiari.
Baina Baionako auzitegiari zegokion galde hori helarazi edo ez erabakitzea, eta, Paulus Basurkok gaur adierazi duenez, eskera ez da egina izan. Halere, errugabe atera dira auzipetuak.