Lan istripuen kontrako protokoloa, biktimak ez ahazteko

LABek, FSUk, Solidairesek eta eraikuntzako eta altzairugintzako CGTk lan istripuak ez normalizatzeko protokolo bat landu dute. Datuak biltzeko zailtasunak izatea gaitzetsi dute.

SINDIKATUAK
Lan istripuen kontrako protokoloaren aurkezpena, Donibane Lohizunen, iazko abuztuaren 28an. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat, Laia Urrutikoetxea
2025eko uztailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egunero gertatzen dira lan istripuak, baina gehienetan ez dira ikusi ere egiten. Badu kasik urte bat ezbehar horien aurkako protokoloa plantan jarri zutela Ipar Euskal Herriko lau sindikatuk —LABek, FSUk, Solidairesek eta eraikuntzako eta altzairugintzako CGTk— , gertatzen diren istripuak gaitzesteko, eta biktimak sostengatu eta ez ahazteko. Iazko udan aurkeztu zuten protokoloa, eta ez dute oraindik erabili behar izan. Baina dokumentua garatzen segitu nahi dute, lan istripuen berri ukaiteko bideak lantzeko. LABeko eledun Eñaut Aramendik lan istripuen «normalizazioa» salatu du: «Gehienbat, hil diren langileei buruz hitz egiten dugu, baina istripuak egunero izaten dira, nahiz eta ez diren hainbeste aipatzen, normalizatuagoak baitira». 

Baionako Alsace Lorraine etorbideko obra batean hil zen Mohamed Kichoui garabi gidaria, 2022ko martxoan. Istripu hori erretreten erreformaren kontrako borrokaren garaian gertatu zen, eta Aramendik kontatu du sindikatuen arteko elkarlanaren abiapuntu izan zela. «Lehenik, LAB eta CGT elkartu ginen gertakariaz hitz egiteko eta ekintza sinboliko bat egiteko. Mobilizazio batean obraren ondotik pasatu, eta lore sorta bat utzi genuen. Ezin genuen manifestazioa egin esanez erretreta duina nahi dugula, lanean hil zen eta erretretara iritsiko ez zen langile hura omendu gabe».  

Lehen sostengu erakustaldi horren ondotik, apirilaren 28an mobilizazio bat antolatu zuten Laneko Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara. Lapix enpresaren aitzinean bildu ziren: izan ere, Lapix enpresaren azpikontratatzaile batentzat ari zen Kichoui. FSU eta Solidaires sindikatuak batu ziren orduan, eta lau sindikatuek batera landu dute protokoloa. Iazko abuztuan egin zuten publiko, Donibane Lohizuneko Prado jatetxearen aitzinean; bertako langile bat larriki erre zen 2020an. Orain, beste sindikatuei dei egin diete elkarlanean sartzeko.

Normalizazioaren aurka

Lan istripuak normalizatzearen kontra egitea da protokoloaren helburua. Aramendik erran du horretarako argi izan behar dela lan istripuak zer diren. Lau motatakoak bildu dituzte dokumentuan: lantokiko istripu hilgarriak, laneko bidean izaniko istripu hilgarriak, lantokian gertaturiko edo lanarekin loturiko suizidioak, eta lan istripu larriak. Aramendiren arabera, lanerako bidean gertatzen diren istripuek eta lanaren ondoriozko suizidioek «oihartzun eskasa» izaten dute, eta ez dira automatikoki lan istripu  kontsideratzen. 

«Saiatzen gara lan ikuskaritzatik eta CARSAT egituratik informazioak jasotzen, baina askotan ez dugu lortzen, eta lortzen dugunean ere, datuak ez dira Ipar Euskal Herrikoak izaten, departamendu osokoak baizik»

EÑAUT ARAMENDILAB sindikatuko eleduna

LABeko eledunak erran du lan ezbehar larriak salatu gabe gelditzen direla usu, «askoz ere ohikoagoak» direlako. Lan sektore batzuetan —hala nola eraikuntzan eta laborantzan— «egunero» gertatzen diren arren, «datuak lortzea ia ezinezkoa» zaie sindikatuei. Datuak eta informazioak lortzeko zailtasunak dituztela kontatu du: «Saiatzen gara lan ikuskaritzatik eta CARSAT egituratik informazioak jasotzen, baina askotan ez dugu lortzen, eta lortzen dugunean ere, datuak ez dira Ipar Euskal Herrikoak izaten, departamendu osokoak baizik». Ipar Euskal Herriko datu eskasak oztopoak sortzen dizkie sindikatuei lan istripuen bilakaera aztertzeko orduan.

Horregatik, sindikatuek lan istripu bakoitza «markatu» nahi dute protokoloaren bidez. «Lehen gauza da beste langileekin edo familiarekin harremanetan sartzea», erran du Aramendik. Araberan, enpresaren aitzinean edo langilea bizi den herriko etxearen aitzinean biltzera deitzea da protokoloaren funtsa. Istripuari loturiko desmartxa administratiboak aipaturik, LABeko kideak uste du sindikatuen zeregina ez dela «errudunaren bila» hastea. «Istripu batean, beharbada langileak du huts egin, edo beharbada nagusiak bide eman dio huts horri, edo bultzatu du... Nolanahi ere, pentsatu behar duguna da egun horretan langile bat ez dela onik itzuli lanetik eta hori ez dela normala».

Orain protokoloa martxan dutela, sindikatuek bultzatzaile lana egin nahi dute biktimek eta haien familiek talde bat sor dezaten. «Gauza berdintsua bizi izan duten bi familiak elkar laguntzen ahal dute, eta batak besteari ekarpenak egin, sindikatuek egiten ahal dizkiegunak baino gehiago».

PROTOKOLOA

  • LANGILEA LANEAN, BIDEAN EDO BERE BURUAZ BESTE EGINEZ HILTZEN BADA.
    • Protokoloa izenpetu duten sindikatuek elkarretaratze bat antolatuko dute, ezbeharra gertatutako lantokiaren aitzinean edo langilea bizi den tokiko herriko etxearen aitzinean.
    • Hitzarmena izenpetu duten sindikatuetako batek sail sindikala baldin badu eta baldintzak egokiak badira, grebarako deialdia eginen da enpresan.
  • LANGILEA LARRIKI ZAURITZEN BADA.
    • Lau sindikatuek elkarretaratze bat antolatuko dute, zauritu den langilearen enpresaren aitzinean.
    • Hitzarmena izenpetu duten sindikatuetako batek sail sindikala baldin badu istripua gertatu den enpresan eta baldintzak egokiak badira, elkarretaratze egunean lanuzterako edo grebarako deialdia eginen da enpresa horretan.
  • URTEROKO ELKARRETARATZEA.
    • Lau sindikatuek elkarretaratzea eginen dute urtero apirilaren 28an, Osasunaren eta Laneko Segurtasunaren Nazioarteko Egunean, lan istripuen inguruko sentsibilizazioa egiteko.

 

Abigail Dos Santos-Brude (lan istripu baten biktima).

«Fisikoki indarberritu gabe nintzela, desmartxa administratiboak egiten hasi behar izan nuen»

Abigail Dos Santos.
Abigail Dos Santos-Brude, Donibane Lohizunen, ekainaren 16an. PATXI BELTZAIZ

Abigail Dos Santos-Brude sukaldaria zen istripua gertatu aitzin, eta sukaldaria da gaur egun ere. Prozesu luzea egin du lanean berriz hasteko, eta, istripua gertatu zenetik bost urte pasatu badira ere, egunerokoan jasaten dituen ondorioak bortitzak zaizkio oraino. 2020ko abuztuan gertatu zen ezbeharra, Donibane Lohizuneko Prado ostatuan, pandemiaren kontrako neurri batzuk oraino indarrean zirela. Eskuak desinfektatzeko baliatzen zen produktua plantxa garbitzeko produktuarekin nahasi zuen lankide batek: suzko bola handi bat zapartatu zen, eta Dos Santosen gorputzaren %60 erre zuen. «Sekulako leherketa izan zen; ez dakit nolaz, baina zola olioz bete zen, eta ezin nintzen eskapatu suzko bolatik. Behin baino gehiagotan erori nintzen, eta horregatik egon nintzen hainbeste denboraz suarekin kontaktuan», kontatu du. Zehatz kontatu nahi du ezbeharra, «ontsa ulertu eta ulertarazi» nahi baitu zer gertatu zitzaion. 

«Momentuan ez nuen deus ere ulertzen. Ez nintzen ohartzen gertatu zena zein larria zen, baina, ingurukoak zainetan eta ikaratuak ikustean, zerbait bitxi sentitzen hasi nintzen gorputzean. Pixkanaka ohartu nintzen su hartzen ari nintzela». Lankideek ahal bezala itzali zuten sua, eta edaria eman zioten suhiltzaileak etorri artean. «Ez naiz ohartzen zenbat denbora pasatu zen suhiltzaileak arribatu aitzin. Oroitzen dudanez, biziki luzea izan zen, baina ez dut uste egiazki hala izan zenik». Gogoan du inguruko dendariak berehala etorri zitzaizkiola laguntzera; inguruan sortu zen elkartasuna eskertu nahi izan du. 

Suhiltzaileak arribatu zirenean, lokartzea galdegin zien, mina jasangaitza baitzitzaion. Hala egin zuten, eta koman egon zen kasik hiru hilabetez. Egun, oraindik, ondorio fisiko larriak ditu: aurpegia, besazpiak eta genitalak salbu, gorputz guzia du orbandua. 

«Dolua» egin behar

Dos Santosek gorputza markatua du betiko, baina uste du zauririk «minberena» psikologikoa dela. «Fisikoki indarberritu gabe nintzela, desmartxa administratiboak egiten hasi behar izan nuen. Fite ohartu nintzen biziki konplikatua izanen zela. Lehen arazo administratiboak Gizarte Segurantzarekin izan nituen: ez zizkidaten kalte ordainak eman nahi paper bat izenpetzen ez nueno. Koman izanda, paper bat izenpetzea doi bat konplikatua da...». 

Ezbeharraren shock psikologikoa pasaturik, zailtasun handiak izan ditu gorputzari eragiten dioten ondorioak onartzeko, eta oraindik ere baditu. «Nolabaiteko dolua egin behar da, lehen egiten ahal nuen guziaren dolua, lehen nuen larruaren dolua, lehen nuen gorputzaren dolua». Uste du aldaketa horiek «onartzea» dagokiola, baina «egunero ez da posible». 

Erredura «bizi osorako» gelditzen da. «Beste istripu batzuen ondorioak denborarekin pasatzen dira, baina erredura bat bizi osorako da, eta egunero sentitzen ditut orbanak. Bero egiten duenean, ezin naiz etxetik atera; mina jasangaitza zait oraindik ere». 

Gainera, ospitalean zenean harrapatu zuen bakterio batengatik, epilepsia garatu du. Erremedioei esker, ez du krisirik izan azken urte eta erdian, baina, horren eraginez, Gizarte Segurantzak ez du berehala onartu nahi izan epilepsia ezbeharraren ondorio dela. «Eskubide bakoitza errespetaraztea borroka bat da, eta biziki luze da dena», gaitzetsi du. 

Sostengu beharra

Komatik atera zenetik beretik, Dos Santosek argi zuen desmartxak egin nahi zituela Prado jatetxeko nagusien kontra. «Uste dut geldirik egotea injustua izanen zela. Nagusi horiek ezagunak dira lan zuzenbidea  guztiz ez errespetatzeagatik. Beraz, argi nuen zerbait egin behar zela», erran du. Biziki fite joan zen abokatu batengana, eta salaketa ezarri. 

Izan ere, Dos Santosek behin baino gehiagotan eman zien abisua jatetxeko jabeei, ez zituztelako arau guziak errespetatzen. «Ez nuen berehala jakin, baina kontatu didate eni gertatu zitzaidana jadanik gertatua zela aste bat lehenago, hainbesteko ondoriorik eragin gabe. Horrek erran nahi du bazekitela arazo bat bazela eta ez zutela neurririk hartu berriz gerta ez zedin». 

Bi salaketa ezarri ditu: bata enpresaren kontra eta bestea ezbeharra eragin zuen langilearen kontra. «Ez zen lehen aldia langileak gauza arriskutsuak egiten zituena». 

Lan Ikuskaritzak ikerketa bat egin zuen Donibane Lohizuneko ostatu hartan, eta hainbat arazo ikusi zituen; besteak beste, langileei ordu gehiegi eginaraztea eta kontratu desegokiak egitea. Mementokotz, abiatu duen prozedura ez da arras bukatua, baina enpresaren kontrako lehen zigorrak «arinak» iruditu zaizkio Dos Santosi. Lan istripu bat zenez, ezbeharra eragin zuen langilea ez da zigortua izan. «Injustua iruditzen zait», erran du biktimak. Horrez gain, uste du prozedura guziak biziki luzeak direla, eta horrek psikologikoki sendatzeko prozesua «zailtzen» duela. 

«Nolabaiteko dolua egin behar da, lehen egiten ahal nuen guziaren dolua, lehen nuen larruaren dolua, lehen nuen gorputzaren dolua»

Preseski, sindikatuek Prado jatetxearen aitzinean aurkeztu zuten laneko istripuen kontrako protokoloa, istripua gertatu eta lau urtera. Dos Santosek hedabideen bidez ikusi zuen elkartasuna adierazi ziotela, eta LAB sindikatuarekin harremanetan sartu zen, «eskerrak emateko». Geroztik «sostengu morala» ekarri diotela erran du. «Nik nahi dudana da halakorik ez berriz gertatzea, eta, sindikatuek egiten duten sentsibilizazioaren bidez, ahotsa ematen digute». 

Istripua gertaturik ere, Dos Santosek argi zuen lana berriz hartu nahi zuela. Zertan? Sukaldaritzan. «Ene pasioa izan da betidanik, eta birgaitze prozesu guzian sukalde batera itzultzeko gogoak atxiki nau zutik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.