Zapalkuntza guzien kontrako leku seguru bat eskaintzea du xede Lapurdiko Oi!hua punk festibal berriak: lehen aldia izanen du, eta Uztaritzeko Hitzopen gaztetxean eginen dute, urriaren 31n. Grapa, Saccage, Perlata, Azken Sustraiak, Ramblin’ Firm, Hago Silik, Orbain, Sustrai Berriak eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak arituko dira. Elorri Anetas antolatzaileetariko batek esplikatu du egun hori faxismoaren gorakadaren kontrako borrokaren testuinguruan kokatzen dela: «Beharrezkoa iruditzen zitzaigun egun antifaxista bat plantan ezartzea, autogestioan oinarrituz». Punk eszenari lekua egiteko aukera ere izanen da, musika alternatiboaren bozgorailu izan nahi baitute: «Ez dugu festibal despolitizatu bat egin nahi. Mezu politikoak zabaldu nahi ditugu, eta punk eta oi! eszena horretarako baliagarri dira, eszena alternatiboaren barnean kokatu baitira beti, mezu aldarrikatzaileekin».Â
Kontzertuez gain, gogoeta kolektiborako espazio bat eskaini nahi dute, eta mintzaldi bat antolatu dute arratsaldeko lauetarako. Musika alternatiboa 1980ko hamarkadatik gaur egun arte gaiaren inguruan arituko dira eztabaidan Perlata taldeko, Aurka kolektiboko eta RTZ kolektiboko kide bana. «Azken garaiotan punkak garrantzi gutiago du, eta beste musika estilo batzuek handiagoa, eta horren inguruan gogoetatu nahi genuen», esplikatu du Anetasek.Â
Festibalaren xedea, bestalde, urtero elkarte desberdin bat diruz laguntzea izanen da. Aurten, erraterako, Uztaritzeko ikastola lagunduko dute, zailtasun ekonomikoak baititu. «Gure balioetako bat da elkartasuna, eta, urtero, etekinak elkarte edo kolektibo berezi bati isuriak izanen zaizkio. Urtez urte ikusiko dugu norengana jo, elkarte eta kolektiboen beharren arabera», zehaztu du.Â
Datozen urteei begira, festibala iraunarazi nahiko lukete, baina festibal «ttipi eta sinplea» eginez. «Makrofestibalen kontrako ekitaldi bat ere bada, musika alternatiboa laguntzeko eta talde berriei jotzeko lekuak eta aukerak eskaintzeko espazio bat izatea nahi baitugu», aldarrikatu du. Autogestioan antolatzen segitu nahi dute: «Talde ttipi bat gara, eta dena gure baitarik egin dugu. Ez dugu diru laguntzarik eskatu, eta ez gara neholako egitura baten menpe».Â
Eraso faxistak
Ipar Euskal Herriko karriketan festibala sustatzeko afixak eta banderolak agertu dira azken asteotan, baina antolatzaileek salatu dute bi aldiz eraso egin dietela beren banderolei. Lehen aldian, SS siglekin zikindu zieten banderola bat, eta «RIP Quentin» mezua ere agertu zen, Lyongo karriketan (Frantzia) izandako istiluetan hildako militante faxistari erreferentzia eginez. Bigarren aldian, banderola urratua izan zaie. «Konfirmatzen du halako ekinaldiak mantentzen eta sortzen segitu behar dugula, eta denendako gune seguruak sortu behar direla. Euskal Herrian gero eta eraso faxista gehiago badira, eta horrek baieztatzen du gune antifaxistak beharrezkoak direla».Â
Ipar Euskal Herriko gaztetxe eta kolektiboekin harremanetan dira antolatzaileak, egunaren antolaketa segurtatzeko laguntzaileak behar baitituzte. Lekuak aitzinetik hartzea posible da, Helloasso webgunearen bidez, 15 euroan. Lekuan berean ere salgai izanen dira, denak ez badira aurresalmentetan saltzen.