Loraldiberri, euskarazko liburu eta diskoak Urruñako plazara

Igandean iraganen da Loraldiberri liburu eta disko azoka, Urruñan. Hamasei ekoizlek eta argitaletxek izanen dute mahaia, eta egunean zehar hainbat animazio ere izanen dira.

Iazko Loraldiberri liburu eta disko azoka, Urruñan. HITZA
Iazko Loraldiberri liburu eta disko azoka, Urruñan. HITZA
julene muruaga
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean izanen da euskal liburu eta diskoen Urruñako azoka. 10:00etatik 14:00etara, hamasei ekoizleren eta argitaletxeren erakusmahaiak izanen dira plazan, eta egunean zehar, haur eta helduendako animazioak izanen dira euskaraz eta urririk. 

Duela sei urte, Urrunaga izeneko kultur elkartea sortu zen Urruñan, euskal kulturaren alde egiteko elkartea. Hainbat ideiaren artean, liburu eta disko azoka baten antolatzearena jalgi zen. Joseba Aurkenerena urruñarrak kontatu duenez, XIX. mendean, Anton Abadiak bultzaturik eta ordaindurik, euskal kulturaren eta euskararen inguruko arloan «loraldi» bat izan zen. Urruñan hainbat ekitaldi antolatzen hasi ziren: euskal bestak, herri kirolak, partidak... Berantago Euskal Herri osora hedatu zirela azaldu du urruñarrak. «Loraldi horretan oinarrituz, guk pentsatu genuen horrelako gauza bat egiten ahal genuela berriro: beste loraldi bat Euskal Herri guztirako, eta epizentroa Urruña izatea, Urruñatik abiatzea. Eta horregatik eman diogu izen hori azokari: Urruñako Loraldiberri». 

Goizetik, Urruñako plazan, Euskal Herriko hamasei argitaletxek eta hedabidek beren lanak erakutsiko dituzte: Gatuzain, Maiatz, Herria, Hatsaren Poesia, Maitakultura, Lapurdi 1609, Ipar Euskal Herriko Hitza eta BERRIA... «Ekartzen ditugu gehien bat Lapurdiko itsas hegiko eta inguruko argitaletxe eta ekoizleak». Urtean zehar, Lapurdin hiru liburu eta disko azoka antolatuak dira: Ziburukoa  —euskara hutsean den bakarra—, Sarakoa eta Urruñakoa. «Ber helburuarekin» antolatuak izanda ere, Aurkenerenak azpimarratu du hirurek beren ezaugarriak dituztela. Ziburuko azokan, erraterako, euskara hutsean diren obrak aurkeztuak dira. Urruñakoan, berriz, euskarazko obrez gain, euskal kulturaren inguruko obrak ere aurkeztuak dira, beste hizkuntzetan izanda ere... Eta eremu jakin bateko ekoizleak ekarrarazten dituzte Urruñakora.

Eguberrietako opariak

Azoka negu garaian egiteak garrantzia duela uste du Aurkenerenak. Berez, abenduko lehen igandean iragaten da Loraldiberri, baina aurten ezin izan dute hala egin, Durangoko Azoka izanen baita ber momentuan; aste batez aitzinatu dute, beraz. Garai hartan, Eguberria hurbiltzen ari dela eta, horrelako ekitaldiek euskaraz edo euskal kulturari buruz diren obrak oparitzeko aukera bultzatzen duela uste du: «Ohituratu nahi ditugu Urruñako biztanleak euskal ekoizpenak erosi eta oparitzera. Manera bat izan daiteke euskal kulturari bultzada bat emateko eta jendeak gehiago gozatzeko».

10:00etan izanen da irekitzea. Herriko etxeko kontseilu gelan, 10:30ean, Firulete konpainiaren Basoa txotxongilo emanaldia izanen da haurrentzat. 11:30ean, Posta gelan, Oskolaren azpian ipuinaren kontaketa, Maddi Zubeldiaren eskutik —7 urtetik gora—. 11:00etan, Rafa Gorrotxategi txokolate egileren azalpenak eta txokolate dastatzea, herriko plazan. 12:00etan, Koro Irazoki Aranburu historialariaren hitzaldia izanen da, Nafarroa eta Lapurdin izan zen sorgin ehizari buruz, Posta gelan. 14:00etan, bazkaria izanen da Berttoli elkartean. 17:00etan, Itsas Mendi zinema gelan, Urruñako antzerki taldeak Palestinari liburuaren errezitala eginen du. Izan ere, herriko antzerki taldeak liburuxka bat sortu du, antzerki labur, narrazio eta olerkiak biltzen dituena, Palestinari eskainiak. Horren ondotik, 17:30ean, Artedrama konpainiaren Miñan antzerkia emanen dute. Joseba Aurkenerenak azaldu duen bezala, ekitaldi guztiak euskara hutsean izanen dira, eta urririk, Euskararen Urtaroaren barnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.