Uztailaren 19an, 24an eta 26ean emanen dute Lurdes Iriondo pastorala, Sohütan. Leire eta Intza Casamajou Elkegarai sohütar ahizpek idatzi dute Donostiako kantari horri buruzko obra. Lana idatzi ondoan, herria elkartu da idatzitakoa biziarazteko eta taulara egokitzeko; orotara ehun bat sohütar mobilizatu dira, hainbat kargutan banaturik. Badira obraren idazleak, errejenta, badira aktoreak, dantzariak, dantza irakasleak, musikariak, baina badira taula gibelean kukutuak diren laguntzaile batzuk ere, ezinbesteko lanak egiten ari: dendariak, makila egileak eta kantu eramaileak, adibidez.
«Gure lana burutik hasten eta oinetan bukatzen da», hala azaldu du Sylvie Etxartek pastoralean zer kargu duen. Hain zuzen, Etxart aktoreen orrazkeraz, makillajeaz eta bereziki dendari lanaz arduratzen da, hots, jantziez. 50 eta 92 urte bitarteko hamabi emaztez osatua da dendari taldea. Etxartek badu esperientzia, aurtengo pastorala hirugarrena izanen baitu. Esplikatu du pastoralaren protagonista nor den jakin bezain laster hari eta gaiari buruzko ikerketak egin behar dituztela, garaia ahal bezain ongi irudikatzeko: «Lehenik, landu genuen Lurdes Iriondo eta Xabier Lete nola janzten ziren. Eta ondotik, bada testuinguru historiko baten lanketa handia egiteko: frankismoaren menderakuntza eta horri lotua zen dena, Burgosko epaiketa... Liburuxka bat osatu dugu garai hartako irudi eta testuekin». Behin lanketa buruturik, aktoreei azaltzen eta zabaltzen diete lana, denek ez baitakite jantziek zenbateko inportantzia duen testua «irudikatzeko» orduan.
Urtarrilean ematen dira pastoraleko karguak; hortik goiti, dendariak ikusten hasten dira nork jantziko duen zer, eta aski fite, aktore guztien neurriak hartzen dituzte; mustraka gaualdi baten denbora hartzen du lan horrek, Etxartek kontatu duenez. Ondotik, xeheki aztertu behar dute testua: «Begiratzen dugu pertsonaiak noiz sartzen diren oholtzara, irudikatua den garaiaren araberako jantzi koloreak emateko. Adibidez, obra hasieran, dena aski ilun da, eta, emeki, obra argituz eta alaituz doa. Jantziek istorioaren giroa azaltzen dute. Dantzariak ere janzten ditugu; aurten, hamasei satan eta aitzindari badira».
«Gero eta jende gutiagok daki josten: jakintza hori galtzen ari da. Eta etorkizunari begira, galtze hori arazo bat izanen da hurrengo herrientzat»
SYLVIE ETXART Dendaria
Jantziak josi baino lehen, inguruko herrien itzulia egiten dute ikusteko jantzirik ote duten prestatzeko. Etxartek dio herrien artean badela «alimaleko elkartasuna» jantziei dagokienez. Bestenaz, bigarren eskuko dendetara ere joaten dira, jantziak edo oihalak biltzera: «Ehunak horrelako lekuetan erosten ditugu, egun dena sobera kario baita. Prezioak izugarriak dira!», asaldatu da. Bestalde, jantzi bereziak alokatzen dituzte; adibidez, Espainiako Falangearen jantziak alokatu behar izan dituzte.
Dendariak kontatu du egiten duten lanak belaunaldien arteko lotura sortzen duela, eta egunerokoan irakaspenak ekarri. Halere, azpimarratu du «kezkatua» dela dendarien etorkizunaz: «Gero eta jende gutiagok daki josten: jakintza hori galtzen ari da. Eta etorkizunari begira, galtze hori arazo bat izanen da hurrengo herrientzat».
Bakarkakoak taldeko bilakatu
Pastorala emanaldi kantatu bat da. Kantuak, beraz, leku nagusia du obran, eta kantu eramaileek dute arlo hori kudeatzen. Jean Louis eta Pascale Aranburuk hartu dute kantu eramailearen kargua. «Koru edo kantu eramaile batek kantu guziak moldatu behar ditu, izan taldekoak zein izan bakarkakoak. Horretarako, idazleekin eta errejentarekin mintzatu behar dugu, dena argitzeko», kontatu du Jean Louis Aranburuk.
Ez da lehen aldia pastoral baten kantu eramailea dela; hain zuzen, hamargarrena du Lurdes Iriondo. Kontatu du ohitua izanik ere aurtengo pastoralean lana «ezberdina» eta «berezia» izan dela. Lurdes Iriondo kantari ezaguna izanki, kantuak moldatzea «zaila» egin zaie: «Bakarlaria zen Iriondo. Eta guk taldeko kantu bilakatu behar ditugu haren kantuak. Moldaketak egin behar ditugu jadanik hor diren doinu, akorde eta erritmoekin. Eta horrek denbora anitz hartzen du, bai etxean lan egitean eta bai ondotik, kantariei erakustean».
«Bakarlaria zen Iriondo. Eta guk taldeko kantu bilakatu behar ditugu haren kantuak. Moldaketak egin behar ditugu jadanik hor diren doinu, akorde eta erritmoekin. Eta horrek denbora anitz hartzen du, bai etxean lan egitean eta bai ondotik, kantariei erakustean»
JEAN LOUIS ARANBURU Kantu eramailea
Hala ere, «ohorea eta plazera» zaio pastoral horretan parte hartzea, Lurdes Iriondoren zale handia baita Aranburu. «Beti idatzi nahi izan dut pastoral bat, eta aspaldian Lurdes Iriondo nuen buruaren zoko batean. Beraz, zinez maitatu dut aurtengo pastoraleko lan egitea. Ene aldetik, jada eginak nituen ikerketa batzuk Iriondori buruz, eta Leirek eta Intzak [Casamajou Elkegarai] egin lanari esker, ezagutzak oraino gehiago sakondu ditut. Oso aberasgarria izan da. Eta uste dut Lurdes Iriondo pastorala besteetatik aparte izanen dela», poztu da Aranburu.
Makila kolpez
Kiski-kaska. Makilen hotsak ere ezinbestekoak dira pastoral batean; aktore bakoitzak berea eramaten du emanaldi denboran. Urtero, herri bakoitzak makila sorta berriak egiten ditu, eskuz. Aurten, sei pertsona inguruko talde bat osatu dute 150 makila egiteko, eta Peio Negelua da makila egileetarik bat. Otsailean hasi ziren inguruko oihanen itzulia egiten, egurraren bila. Ondotik, adarrak zuritu, eta sutik pasatu dituzte egurra belzteko.
Bola bat iltzatzen dute makilaren puntan, urdinez ala gorriz tindatu karguaren arabera, eta azken horren inguruan larru xaflak gehitu. Negeluak azaldu du makila mota ezberdinak badirela gorrien eta urdinen artean: «Urdinen makilak alderantziz ematen ditugu, alde lodiena azpian ezarririk. Eta gorrien makiletan alderantziz: puntarik lodiena gainean ezartzen dugu. Bolen tamaina ere ezberdina da: gorrienak ttipiagoak dira, makila puntatik hartzen baitute; urdinak, berriz, lodiagoak, azpiagotik hartzen baitute».