Lurdes Iriondo kantaria ardatz duten hiru lan aurkeztu dira berriki: Jon Martin Etxebestek Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa liburua, Inge Mendioroz zuzendariak Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala, eta Intza (Sohüta, 2005) eta Leire (Sohüta, 2002) Casamajou Elkegarai ahizpek 2026ko udan emanen den pastorala. Haien herriko jendeei aurkeztu berri diete testua, eta biak taula gainean ariko dira idatzi duten pastoralean.
Zergatik hautatu duzue Lurdes Iriondori buruz idaztea?
LEIRE CASAMAJOU: Aspalditik bagenuen Ez Dok Amairu kolektiboak egin zuen lanarendako interesa. Biek uste dugu kulturak ukaiten ahal duela rol politikoa, haiek baliatu zutena. Oraino haboro gure hizkuntzaren eta herriaren egoeraren kasuan, zapalduen egoeran. Hor kulturak bazuen indar politiko bat, eta, hasi ginelarik pentsatzen nori buruz interesgarri zatekeen idaztea, Lurdes Iriondo ebidentzia bat bezala agertu zen: mugimendu horren sortzaileetarik zen, aitzinetik ere kantatzen zuen besteak oro baino lehenago, nahiz orain besteak ditugun ohart atxiki. Sortzaile izan zen, eramaile. Ondotik ohartu ginen besterik ere egin zuela, arrunt ebidentzia bat izan zen hartaz zatekeela.
Errateko maneran pentsa daiteke aitzinetik erabaki zenutela pastorala idaztea?
INTZA CASAMAJOU: Iragan urtean hasi ginen horri pentsatzen, pastorala heltzen ari zen gure herrian, Sohütan. Ari ginen, naturaltasun osoz, zer zatekeen gai interesgarri bat. Hastapenean ez zen idazteko batere. Egun batez, gure aita-amen bultzadarekin, pentsatu genuen zerendako ez genukeen guk idatziko.

Sohütarentzat pentsatu zenuten idaztea? Zerbait eragiteko?
INTZA: Aitzinatu ahala ohartu gara gai zinez politiko bat zela. Bagenekien aitzinetik, baina ohartu gara kantu ororen hitzak ere oso indartsu zirela eta bazirela azpizentzuak orotan. Ez genekien Sohüta bezalako herri batean jendea lotuko zenetz holako gai politiko bati. Hori izan da gure lotsa, nola hartuko zuen jendeak.
LEIRE: Ez Dok Amairu tresna kultural bat izan zen gisan euskal jendearen kontzientziak pizteko eta euskarara ekartzeko... uste dugu Ipar Euskal Herrian eta Zuberoan gauden egoeran pastorala tresna baten gisa ikusten ahal dugula, jendea euskarara ekartzeko eta sentsibilizatzeko. Jendea hortik ilkitzen bada Lurdesen [Iriondo] kantoreak ikasirik, izugarri ontsa dateke.
Ahizpen arteko konplizitateak eraman zaituzte elkarrekin idaztera?
LEIRE: Egia konplizeak garela, berdin horrek lagundu du. Detaile bat da, baina ber etxean bizi ginen azken bi urte horietan. Murgiltze bat izan da, binaka. Lana oro-oro elkarrekin egin dugu, bertsoetan agertzen den ideia bakoitza ere elkarrekin hautatu dugu.
INTZA: Iduri zait aski ados izan garela hastapenetik egin ditugun hautuetan, bai edukietan eta bai idazteko maneran. Baina argi izan behar da idazlea haboro Leire dela, bertset haboroenak idatzi ditu; ni ez naiz ez idazle, ez bertsolari ere. Baina lana binakakoa izan da: ikerketa, hautu guztiak, eta gero bertsora eramatea Leirek egin du.
«Zuberoan gauden egoeran, pastorala tresna baten gisa ikusten ahal dugu, jendea euskarara ekartzeko»
LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI Pastoral idazlea
Lurdes Iriondo aipatuko du pastoralak. Hari buruz zer zenekiten, eta zer ikasi duzue?
LEIRE: Egiazki, guri hatsarrean interesgarri iruditu zaigu hartaz idaztea, eta uste dut ikerketan aitzina joanez haboro konbentzituak izan garela. Lurdes Iriondo iraultza bat izan da. Harritu gaitu ohartzeak hein horretara inportantea izan zela emazte hori, ez baizik kontatu zaigunari esker; militante baitzen ere, kontatu digutenaz ez baitzen deusetaz lotsa. Kantagintzatik harat beste gauza anitz ekarri dizkio Euskal Herriari.
Kantuen indarra azpimarratuko duzue?
LEIRE: Ez Dok Amairuren eta Lurdesen kantuak metaforiko ziren, manera bat ziren gauzen errateko eta sentiarazteko injustizia eta oldartzeko behar hori; lotua zen garaiari eta zentsurari.

Herritarren aitzinean pastoralaren testua aurkeztu zenuten. Zer sentitu zenuten?
INTZA: Egia errateko, harrituak izan gara: bazen jende anitz aurkezpen horretan. Gela oso isilik zen, jendea beha, oso adi.
LEIRE: Guri erran digutenak gustatu zaiela, prefosta, berdin ez ziren ausartuko erratera ez dutela interesgarri atzeman. Jendea hasi zen izena ematen pastoralean aritzeko. Uste dut ororendako goxo zela lehen hitzordu hori ukaitea, beste eramaileendako, beste arizaleendako... Proiektua konkretu bilakatzeko bidean.
«Iduri zait aski ados izan garela hastapenetik egin ditugun hautuetan, bai edukietan eta bai idazteko maneran»
INTZA CASAMAJOU ELKEGARAI Pastoral idazlea
Lurdes Iriondo ezagutzeko, zuen pastoralaz gain, beste zenbait lan plazaratu dira.
INTZA: Egia da Lurdes Iriondok ez duela orain arte ukan gure ustez behar zuen oihartzuna. Azken garaietan bada memoria lan bat, Jon Martin Etxebestek biografia luze bat idatzi du, dokumental bat aurkeztu zen Zinemaldian... Jon Martin Etxebestek, argitaratu aitzin, bere lan osoa igorri zigun, eta hori alimaleko xantza eta laguntza izan zen. Irakurtzekoa da, lan osoa da.
LEIRE: Analisi bat egiten du prozesu horren inguruan ere: nola Lurdes Iriondo itzalean gelditu den nahiz garaian hura zen argi ororen pean. Hasi ginelarik Iriondoren lagunengana joaten ukan genuen liburuaren eta dokumentalaren berri, eta azkenean denen arteko harremanak izan ziren. Bazen boztario bat ikustean besteak Iriondori buruz zerbait ekoizten, euskarri desberdinetan gainera. Uste dut ezinbestean Lurdes ikertuz lotzen garela pertsonaia horri.