Usaian egiten dituen lanetan bezala, lurraren eta lurraldearen gaiak jorratzen ditu Inge Arin Larrañaga argazkilariak bere erakusketa berrian: Lurrari begira. Baina oraingoan, zehazki, Euskal Herrian lurrarekin dagoen harreman intimoa landu nahi izan du. Erakusketa Azkaineko Pepita erakusgelan ikusgai da jadaneko, abenduaren 19ra arte.
Bi parte ditu Arin Larrañagaren eguneroko lanak. Batetik, jendearentzat eta artistentzat aritzen da lanean: ezkontzetako argazkiak, eskoletako klase argazkiak, enpresentzako komunikazioa, erreportajeak, artisten bideoklipak, grabaketak, muntaketak... Eta bestetik, bere gogo eta ideietatik abiatuz muntatzen dituen proiektuak. Horietarik bat da Lurrari begira bere azken lana. «Nire lan gehienak Euskal Herrian egiten ditut. Beti gure herriko gaiei loturiko gaiak hartzen ditut». 2022an hasi zen azken hori osatzen, argazki analogikoak eta collageak erabiliz.
Euskal Herrian lurrarekin den atxikimenduaz hitz egin nahi zuen Lurrari begira proiektuaren bidez. «Lan honetan, gure kulturan lurrarekin dugun lotura intimoa-edo marrazten da. Horri buruzkoa da, azkenean, historiak, memoriak eta transmisioak jositako loturari buruzkoa», segitu du. Lan dokumentala baino zerbait gehiago dela erran du, «ikuspegi pertsonal bat» erakusten duelakoan. Horrez gain, transmisioa agerian utzi nahi izan du: «Argazki sortan, adibidez, txerri hiltzearen garaiko argazki batzuk ageri dira, hemengo belaunaldien arteko transmisioa erakusteko».
Erakusketaren izenburua sinpleki hautatu duela azaldu du. «Ez naiz batere ona nire obrei tituluak ezartzen. Ez diet garrantzi berezirik ematen tituluei, eta egia errateko, biziki zaila egin zait titulu bat atzematea Lurrari begira proiektuarentzat. Beraz, besterik gabe: Lurrari begira, proiektua osatzeko lurrari begira jarri bainaiz», erran du artistak.
Berez, bideogintzan trebatu zen Arin Larrañaga. Ikus-entzuneko eskola batetik atera zen, bideogintzako diploma bat eskuraturik. Orduan, Euskal Herrira itzuli, eta Donibane Lohizuneko Patxi Laskarai argazkilariarekin hasi zen lan egiten. Hark argazkilaritzan trebatu zuen, eta artearen mundua hobeki ezagutzeko parada eman. «Artearenganako eta argazkilaritzarenganako maitasuna eta horien gaineko jakintza transmititu zizkidan Laskaraik. Bereziki Euskal Herriko arte garaikideaz, Euskal Herriko artistez... baina baita mundu osokoei buruz ere». Egun, bi arteak lotzen eta nahasten saiatzen da bere lan gehienetan: bideogintza eta argazkilaritza.
Argazkilaritzan mugitzen duena da argazkiekin nahi bezala eta eskuekin esperimentatzen ahal duela. Hain zuzen, proiektu gehienak argazki analogikoekin egiten ditu, erran nahi baita, pelikulekin ateratzen dituela. «Hortaz, maite dut argazkiak nihaurek errebelatzea, argazkiak pusatzea pikor gehiago agertzeko, edo pasatuak diren pelikulekin lan egitea aspektu ezberdinak izateko. Collageak egitea ere anitz maite dut». Horregatik, proiektu pertsonaletan gehienbat analogikoan lan egiten du, emaitza nahiago baitu, eta hasieratik emaitza lortu arte askatasuna ematen baitio, dena hutsetik hasita.
Harrera pozgarria
Oraingoz, Azkaineko Pepita galerian ikusgai da Lurrari begira. «Erakusketa Azkainen da; egia da herri aski txikia dela: ez gara Baionan edo Miarritzen. Eta galeria txikia da. Baina biziki kontent naiz nire herrian erakusketa bat egiteko aukera ukan dudalako». Kontatu du inaugurazio egunean eguraldi biziki txarra zela, eta azkenean jendea bildu zela, uste baino gehiago. Geroztik, gainera, interesa sentitu du; bai prentsan, baita artezaleen artean ere. Harrera horrek pozten du.
Bestalde, abenduaren 4tik 6ra, Argazki liburuen Azoka iraganen da Azkaineko plazan; bigarren aldia izanen du. Hartan, Lurrari begira erakusketari buruzko liburua salduko du Arin Larrañagak, baita 2019an argitaratu zuen liburua ere: Errusiara egindako bidaiaren argazki analogikoz eta collagez osaturikoa. Zilargia elkarteak antolatzen du eguna, eta lehen aldia iaz izan zen. Lehen eguna profesionalentzat da, eta beste bi egunak publiko zabalarentzat. Azokaz gain, tailerrak, ibilaldiak, topaketak eta erakusketak izanen dira, argazkilariek antolaturik.