Mendi lasterketa: pasio berria eta garestia

Gero eta lasterkari gehiagok parte hartzen dute mendi lasterketetan. Eragin negatiboez jabeturik, desberdin egitea erabaki dute batzuek.

Bi lasterkari, aurtengo maiatzean, Baigorriko Euskal Trail lasterketan. GUILLAUME FAUVEAU
Bi lasterkari, aurtengo maiatzean, Baigorriko Euskal Trail lasterketan. GUILLAUME FAUVEAU
Imanol Penouilh
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan gero eta ohikoagoa bilakatu da mendian jendea korrika ikustea. Kirol jaka bat soinean dutela, abiadura handian igo eta jaisten dituzte aldapak, izerditan blai. Mendi lasterketak fama handia hartu du, eta gero eta praktikatzaile gehiago dela diote kirol munduan. Arrazoietako bat izan daiteke pandemia ondorengo garaian jendeak naturan eta mendian egoteko nahia zuela. Gaur egun, kasik astero antolatzen dira gisa orotako lasterketak. Batzuei gehiegizkoa iruditzen zaie, eta kudeaezina bilakatu dela deitoratzen dute. Badira bestelako ereduak proposatzen hasi direnak.

Trail ingelesezko terminoaz izendatzen dira mendi lasterketak gaur egun. Mendietan edo naturan korrika egitea da funtsa; izaten ahal dira distantzia motzak, baina batzuetan lasterkaldi biziki luzeak ere egiten dituzte: ultratrail deiturikoak 42 kilometrotik gorakoak izan daitezke; kasu batzuetan, 200 eta 300 kilometro ingurukoak ere bai.

Euskal Herrian, Gipuzkoan egiten duten Zegama-Aizkorri lasterketa da ezagunenetakoa. 2002an sortu zen, eta gaur egun mundu mailako dimentsioa du. Kilian Jorneten gisara mundu guzian ezagunak diren korrikalariek parte hartu ohi dute. Ipar Euskal Herrian, Euskal Trail aipa liteke; urte guziz antolatzen dute maiatzean, Baigorri aldeko mendietan. 

«Helburua ez da lasterketa egitea edo kronometroa begiratzea, baizik eta estresik gabe korrika egitea besteekin»

ANDONI SETOAIN Hirukaskoren antolatzailea

Edonor ari daiteke mendi lasterketetan, diziplina horretan material gutxi behar baita Oinetakoak dira garrantzitsuenak, baina bestelako elementuak ere eraman ohi dituzte korrikalariek, hala nola kasketak, ur botilak eta ura emateko zakuak. Dena gehiturik, batzuetan prezio garestiak izan daitezke. Mendi Sports Angeluko kirol saltegian lasterkarientzako material andana proposatzen dute. Gaur egun, mendi lasterketa egin nahi duen bezero batek batez beste 110 euro gastatzen dituela adierazi dute. Zenbaki hori bereziki kirol oinetakoei dagokie. Baionan, Peytavin Sports kirol saltegian ehun oinetako pare inguru saltzen dituzte hilabetean. Kirol markek ere, gero eta oinetako modelo gehiago proposatzen dituzte, etengabe berriak asmatuz, eta horrek ere korrikalariak erakartzen ditu. Azken hamar urteetan, Mendi Sports dendari %30-40 emendatu zaizkio salmentak. Peytavin dendan ere igoera handi bat sentitu dute salmentetan. Hala ere, gaur egun egoera egonkortzen ari dela diote.

«Estresik gabeko lasterketa»

Baina mendi lasterketen arrakastak alde negatiboak ere baditu. Larhun mendian egiten zuten Sky Rhune lasterketaren antolatzaileek lehiaketa bertan behera uztea erabaki zuten, trail business bilakatzen hasia zela erranez. 2024an egin zuten azkena. Beren lasterketan korrikalari gehiegi bazela ondorioztatu zuten, eta horrek ingurumenean kalteak eragiten zituela. Gainera, korrikalari gehiegirekin, antolatzaileek gastu handiegiak zituzten, eta dirua galtzen zuten; aukeretako bat izen emateen prezioa igotzea izanen zen, baina ez zuten halakorik nahi. 

Mendi lasterketak antolatzen dituzten batzuek, berriz, egiteko manera desberdinak dituzte. Horien artean da Itsasuko Hirukasko. «Helburua ez da lasterketa egitea edo kronometroa begiratzea, baizik eta estresik gabe korrika egitea besteekin», esplikatu du Andoni Setoain antolatzaileak. Bigarren helburua da euskararen inguruan korrika egitea, eta hizkuntza ez dakitenek ikastea. Adin guztiak atzematen dira Hirukaskon: 16 urtekoetatik, 70 urte baino gehiagokoetara.

Horrez gain, Hirukaskon parte hartzen duten emazteen kopurua ere azpimarratu du Setoainek; gutxi gorabehera, gizonek eta emazteek ber kopurutan parte hartzen dute. Peytavin dendan ere baieztatu dute emazteen presentzia handitzen ari dela, eta beren dendan geroz eta gehiago erosten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA