Lagundu elkartea

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen

Filipe Bidart
2026ko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 2an U14 kolektiboko kideak auzipetu nahi zituzten, Ezpeletan antolatu manifestazio batean Euskal Herria Frantziaren errepublikatik askatu behar zela aldarrikatu zutelakoan. Azaroaren 17ra gibelatu dute auzia baina beti auzipetuak daude. Maiatzaren 19an, Unai urruñarra arrastatua izan da, eta 24 orenez preso atxikia «terrorismoari gorazarre egiteaz» akusaturik, Jakes Esnalen aldeko bideo bat hedatua izan zelakoan 2025eko urrian. Ekainaren 8tik 26ra, Berangoko hamasei kide ere auzipetuak dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean, «terrorismoari gorazarre egiteaz» akusaturik, beren herritar preso ohi bati ongietorria antolatzeagatik.

Hauek dira asteotako berriak. Izan dira lehenago eta izanen ere geroago zapalketa uholdeak. U14ko kideek dioten bezala, doi bat mugitzen diren militanteak kriminalizatu eta beldurrarazi nahi dituzte. Alta, batzuek ala bertzeek egin duten gauza bakarra da beren iritziak plazaratzea. Frantziako eta Espainiako demokrazia handi hauetan iritzi delitua kondenatua da, iritzien adierazteko hitzak lanjerosak baitira. Aspaldidanik ezagutzen dugu guk Euskal Herrian hitzen indarra. Guretzat «izena duenak izana du». Eta izenik ez duena desagertzekotan da.

Ez da gehiago aipatu behar militantea edo gudaria, ezta ihardukitzailea ere, horiek denak «terroristak» eta kito. Ez da gehiago aipatu behar Euskal Herriaren askatasuna, hori aipatzea «separatismoa» edo «komunitarismoa» da, non ez den hori ere «terrorismoa». Euskal hitzak erabiltzea eta euskaraz mintzatzea bera ere «erradikalismoa» da. Aitzineko mendeetan, «habla cristiano» zioten batzuek, eta «le fanatisme parle basque» bertze batzuek. Ez da gauza berria, beraz, eta ikusten da gaur egun oraino jarrera berarekin jarraikitzen dutela bi estatuek. Guk gurea ez badugu zaintzen —gure iritziak, gure hizkuntza, gure hitzak, gure izenak—, gu ere desagertuko gara.

Ondikotz azken urte hauetan gure hiztegitik ere desagertu dira hitz batzuk eta hitz horiek adierazten dutena. Hala nola ez da gehiago aipatu behar borroka hitza, ez garai batekoa eta oraino gutiago gaur egun pitz litekeena. Ez da gehiago aipatu behar askatasuna. Ez da gehiago aipatu behar amnistia. Batzuek gure memoria bera ezabatu nahi dute, edo desbideratu.

Uroski berriz agertzen baitira han-hemenka hitz batzuk, gure herri zaharra oraino bizirik dagoen seinale, bizi nahi duen seinale, «izan» nahi duela. Ez «existitu», hori erdara baita, baina bai «izan»... Badea hitz ederragorik? Ez da erraten «erresistentzia» ere, euskaraz erraten da «ihardukitzea», «irautea» baino aise gehiago baita. Hitzek badute beren indarra.

Hitz indartsu bat ere ari da berpizten. Elkartasuna! Hitz horren indarra ez du oraino nehork neurtua baina hitz horrek berak uzkaili litzake inperioak eta sistemak, bereziki itxaropena hitzarekin uztartzen bada. Hauen izenean eraiki ditugu ikastolak, sindikatuak, kooperatibak, irratiak. Horiek berek altxatu litzakete herritarrak, eta beren izatea beren eskutan hartzera akuilatu.

Elkartasunaren izenean bildu dira errepresioa jasaten duten hamar bat elkarte eta prentsaurreko bat eskaini apirilaren 4an Baionako Auzitegian, eta manifestazio bat antolatu ere bertze 60 bat elkarte eta sindikaturen sostenguarekin, maiatzaren 16an. Egun horretan atera baitira txakurrak ere, kagulaturik eta armaturik, manifestariak beldurrarazteko edo? Hori ote da eskaintzen diguten bakea?

Berangon ere izan da manifestazio ederra maiatzaren 30ean, hamasei auzipetuen sostenguz eta elkartasunez, amnistiaren alde, eskubide zibil eta politikoen alde. Manifestazio horretara deitzen zuten galdeginez bakoitzari ekartzea bere ikurra, zeren, dioten bezala, «banatzen gaituenari baino gehiago, batzen gaituenari begiratu behar diogu, horren beldur dira...».

Marienea eta bertze, izanen da oraino hitzordu franko. Alderdikeria guzien gainetik, Euskal Herria bizi dadin, «elkartasuna!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA