Usopop festibaleko antolatzailea

Joanes Garcia-Basurko: «Musikariak eskertzeko manera bat da Usopop diskoetxea, eskerra itzultzeko bide bat»

Hainbat lekutako festibalak izan dituzte inspirazio iturri Usopopen antolatzaileek; musika, natura eta ondarea uztartzea dute xede. Diskoetxe bat ere sortu dute, beren ildoei jarraikiz.

Joanes Garcia Basurko, Saran, ekainean. NAHIA GARAT
Joanes Garcia Basurko, Saran, ekainean. NAHIA GARAT
2026ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2010. urtetik Usopop festibala antolatzen du Saran bertako lagun talde batek; horien artean, Joanes Garcia-Basurkok (Sara, 1982). Makrofestibaletatik urrun, lekuko txoko txikietan eta antolatzaile amateurren gogo handiaz antolatu ohi dute aldi bakoitzean forma ezberdina hartzen duen festibal hori. Jaialdiez gain, diskoetxe bat eta label bat erantsi dizkiote proiektu musikalari, plazetatik haratago musika euskarri bidez zabaltzeko. 

Nork izan zuen Usopop festibala sortzeko ideia? Nola sortu zenuten?

Lagunen arteko ideia zen hastapenean, Patxiren eta nire iniziatiba, zehazki. Musikazale eta saratar garen batzuen lagun taldetik atera zen proiektua. Ondotik lantaldea zabaldu dugu; bikotekideak, anai-arrebak eta beste hurbilekoak proiektuari lotu zaizkie, baita gerora egungo Atabaleko zuzendari François Maton ere. 

Egia erran, Patxi eta ni EHZ festibaleko programazio taldean ginen garaian, eta ez genuen beti gure gustuko taldeak programatzeko aukerarik. Europan barna festibaletan ibili ondoan, gogoa genuen kanpoan ikusten genituen talde batzuk Euskal Herrira ekarrarazteko eta usaiaz kanpoko musika estilo batzuk proposatzeko. Horrela piztu zitzaigun festibala sortzearen ideia; eta ideiarekin batean, gauzatzeko gogo bizia.  

Zer-nolako festibala da? Nolakoa da barne antolaketa?

Hastapenetik nahiko festibal xume bat antolatu nahi genuen, ehun bat pertsonentzat. Festibala pixkanaka handitu bada ere, ez dugu sekula handitu nahi izan, ezta babeslerik xerkatu nahi izan ere... Gure mundu txikia atxiki nahi genuen. Alde horretatik, lortu dugu festibalaren txikitasuna mantentzen. Bestetik, guk ikusi nahiko genukeen festibal bat gure paisaietan eskaini nahi genuen, eta ez kontzertu gela batean. Horregatik sortu genuen festibala Sarako mendi kasko batean. Antolaketari dagokionez, hamar bat pertsona gara nukleo tinkoan, eta horietarik hiru, Patxi, Arhan eta ni, musika programazioaz arduratzen gara. Lagun hurbilak ditugu elkartearen baitako nukleo tinkoan; Ana sukalde munduan, Pantxika eta Joana antolaketan, Andoni apainketetan... Bakoitzak badu bere rola, bere jakitateei lotua; alde praktikoa du horrek. Gainerako lagunak ere baditugu beti laguntzeko prest! Amateurrak gara denak. Izendapen profesionala izateko aukera izan genuen, baina ez genuen nahi izan, momentuko gogo eta ahalen arabera gauzatzen dugulako.

Bestalde, musika estiloak aipatzekotan, folkari eta popari leku berezia eman diegu hastapenetik, sortze garaian estilo eskaintza mugatua baitzen; metala, punka eta ska musika ziren bereziki entzuten. Iruditzen zait gaur egun gazteek gure garaian baino aukera gehiago dutela estilo arras ezberdinak euskaraz entzuteko. 

Zergatik finkatu zenuten festibala Saran eta ez duzue sekula lekuz aldatu?

Saratarrak gara, eta gure herriaren bastimendu edo natura zokoak beste gisa batez erabili eta beste ikuspegi batetik ikusarazi nahi ditugunez, agerian ezarri ditugu. Adibidez, kontzertuak egin izan ditugu Sarako etxe historiko batzuetan, arrunt ezezagunak diren gune batzuetan, mendian ere bai... Gure ondarea arakatu nahi dugu. Sara aski ongi ezagutzen dugu, eta halako festibal bat norbere herrian egiteari dagokionez, guk beti amestu izan dugu beste herrietan ere halako ekimenak sortzea bultzatuko zuela. Betiere, herrietako altxorrak deskubritzeko helburuz. 

Zenbatean behin antolatzen dituzue ekitaldiak? Eta festibala?

Hori aldakorra da. Gogoa, ahalmena... Faktore horiek sartzen dira maiztasunaren jokoan. Lehen urteetan, festibal handi bat antolatzen genuen agorrilean, eta beste data bat ezartzen genuen abenduan. Urteak joan ahala, agorrilekoa maiatzera pasa genuen, ez genuelako soilik udako eskaintza proposatu nahi, urtean zeharrekoa baizik, bertako jendearentzat. Hamar urteren buruan, biziaren beste etapa batean sartu gara: haurrak ukan eta beste. Ondorioz, ez ginen gehiago hastapenean bezain libre. Ez genuenez festibala antolatu nahi antolatze hutsagatik, formulaz aldatu genuen. Aldaketa horren ondorioz edizio bat egin zen Sarako leizeetan, eta beste bat Larhunen: Mapa Galduak artista egonaldia, hain justu. Bi urtetik behin formatu handiagoko festibala egiten dugu, eta horrez gain, beste gaualdi txikiago bat urtean barna. Ideia, gogo eta ahalen arabera egiten dugu beti! Bihotzez egitea hobesten dugu; horixe da gure izpiritua!

«Kanpoan hori egiten zutela ikusirik, ohartu ginen guk ere gurean dinamikak sortu behar genituela: festibalak, diskoetxea… Usopop elkartetik diskoetxea sortu genuen orduan»

Europan barna hainbat festibaletan ibili zarete. Ba ote duzue lotura zuzenik beste festibalekin?

Europa mailako festibaletara ikusle edo entzule gisa joan izan gara, ez dugu baitezpada kontakturik izan antolatzaileekin. Hala ere, erran beharrekoa dut Eskoziako Fens festibala erreferentetzat dugula; haiek ere herri txiki batetik heldu dira, kolektiboki antolatuak dira eta urtero uharte batean antolatzen dute festibala, beren musika label propioa garatuz. Kanpoan hori egiten zutela ikusirik, ohartu ginen guk ere gurean dinamikak sortu behar genituela: festibalak, diskoetxea… Usopop elkartetik diskoetxea sortu genuen orduan. Bistan da, hemen, EHZ dugula erreferente; gure DNAn dugu. Gure eskola izan da, anitz ikasi dugu bertan. Makineria handia da! Guk, aldiz, esperientzia hori bizi izan ondoan, festibal txikiago baten gogoa genuen. 

Diskoetxe bat sortzea deliberatu zenutela erran duzu; nola jin zen?

Hiru bat edizio egin ostean, nahiz sekula milioirik ez irabazi, etekinekin Agustin Alkhat lagunaren lanak argitaratzen laguntzeko ideia izan nuen. Patxiri aipatu, elkarren artean adostu, eta haren diskoa gurekin grabatu zuen. Beste hainbat musikarirekin esperientzia errepikatu genuen gero. Hori ikusirik, diskoetxea sortzea erabaki genuen; hogei bat erreferentzia ditugu orain. Diskoetxe txikia da. Helburua artistak laguntzea da, bereziki euskaraz ari direnak, baina ingelesez ari diren zenbait artista ere lagundu izan ditugu. Festibala musikariei esker biziarazten dugunez, haien eskertzeko manera bat da nolabait, eskerra itzultzeko bide bat.  

Euskaraz ari diren taldeak lehenesten dituzuela erran duzu; taldeak balio batzuen arabera laguntzea erabakitzen duzue?

Irizpide idatzirik ez badugu ere, gure filosofiarekin bat egiten dutenei aukera eman ohi diegu maiz, musikari artean harremanak egitean.
Laguntasuna alde batera utzirik, egia erran, euskaraz aritzeari ere garrantzia ematen diogu, gure kultura sustatu nahi baitugu, ez ditugu soilik kanpoko taldeak ezagutarazi nahi. Azkenik, aipatu behar dut musika estiloa ere zaintzen dugula. Gure katalogoan diren taldeen musika estiloen artean koherentzia atxikitzen ahalegintzen gara. Ahal den neurrian, bederen. 

Bukatzeko, hainbeste edizio eginik, bada festibal garaiko anekdota gogoangarririk?

Lankum talde irlandarra Sarara etorri zen iragan maiatzeko Larhungo edizioan. Festibalaren ondotik trinketan kontzertu akustiko bat ematea erabaki zuten, eta orduan nire alaba txikia haiekin aritu zen biolina jotzen. Zazpi Jauziak mutxikoa jo, eta irlandarrei ezagutarazi zien. Handik sei hilabetera taldearen disko berriaren aurkezpen kontzertura gonbidatu gintuzten Dublinera. Sarako lagun taldearekin joan ginen, eta haien prestaketa geletarako sarbidea izan genuen. Lankumekoekin elkartu, eta hara, biolin jotzailea Zazpi Jauziak jotzen hasi zen! Sei hilabete pasatuak, eta behin entzuniko jauziaren melodia berriz ere jo zigun! Magikoa izan zen! Halako harreman, laguntasun eta trukatze momentu anitz bizitzeko aukera dugu festibalari esker; zinez ederra da! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA