Boisen (Idaho, Ameriketako Estatu Batuak) bost urtez behin euskal diasporak antolatu ohi duen Jaialdian egon naiz udako oporretan, bertara joan zirenen ondorengoek euskalduntasuna nola bizi duten ikusteko asmotan.
1830 eta 1930 artean 200.000 euskaldun joan ziren Ameriketara —kontinente osora— eta joera 1960ra arte mantendu zen modu masiboan. Orokortzea arriskutsua bada ere, euskal-amerikarrek miresmenez eta harrotasunez bizi dute beren jatorria. Argi dago amerikarrak direla, han sortu baitira, beren heziketak eta hezkuntzak horrela zizelkatu dituztela, baina hori ez da oztopo izan beren euskalduntasuna konplexu gabe bizitzeko —gehienek hizkuntza bidean galdu badute ere—.
Euskal Herrian bizi garenok, aldiz, gure euskalduntasuna mespretxuz bizi behar izan dugu. Zapaltzen gaituzten bi estatu nazionalek beren hizkuntza, nortasuna eta izaera bortxaz ezarri dizkigute beren lurralde egitura inposatu eta haren kontrola bermatzeko. Nazionalismo frantsesa nahiz espainola eta euskal abertzaletasuna guztiz kontrajarriak dira, ura eta olioa bezala; ezin dira nahastu eta batak bestearen iraupena ezbaian jartzen du. Talde izaera arrotz horiek gurean hegemoniko bilakatzeko, komunikabideak eta hezkuntza sistemak funtsezkoak izan dira. Horregatik, komunikabide —arlo guztietan— nazionalak inoiz baino beharrezkoagoak ditugu euskaldunok NOR izaten jarraitzeko, eta Baionatik gertuago egon dadin Bilbo, Paris baino. Xalbadorren Ama Euskal Herria-k kanta triste bat izaten jarraitu dezan, eta ez gure heriotza oharra.