Malikari eskatzen zaiolarik noiztik den Baionan bizi, pentsaketa hasten da: «Zaude... Nire semeak 33 urte ditu, orduan 43 urte egiten du». Baionan bizi da aspalditik, beraz, eta funtsean, bere bizitzaren parte nagusia Baionan iragan du, baina lehen aldia da aurten herrietako hauteskundeetan bozkatuko duela. Alabaina, Malika Marokon sortua da, eta frantziar nazionalitatea duela bost urte lortu zuen. Eta herrietako hauteskundeetan bozkatu ahal izateko, frantziar nazionalitatea ukan behar da, edo Europako Batasuneko herri bateko hiritarra izan. Baldintza horiek biztanle batzuk baztertzen dituzte, urteak eramaten baldin badituzte ere gure herrietan bizitzen.
Aldiz, badira herrian bizi ez direnak eta bozkatzen ahal dutenak, hala hautatzen baldin badute: bigarren etxebizitza baten jabe direnak. Ipar Euskal Herrian, etxebizitzen %20 bigarren etxebizitzak dira eta herri batzuetan, etxebizitzen kasik erdia: %51 Lapurdiko Getarian, %47 Ziburun, %42 Donibane Lohizunen... Horrelako kopuruak direlarik, bigarren etxebizitzen jabeen bozak pisu ohargarria ukaiten ahal du. Lapurdiko Getariak, adibidez, 1.300 biztanle ditu, haurrak barne, eta 1.300 bozkatzaile: horrek erran nahi du bigarren etxebizitzen jabe ainitzek Getarian bozkatzen dutela, bizi diren herrian bozkatzeko ordez. Haien beharrak eta interesak eta biztanleenak, ordea, ez dira berdinak: herriaz gozatzerat etortzen dira, eta biztanleek behar dituzten azpiegitura eta zerbitzu ainitz ez dituzte behar, hala nola haurtzaindegiak, eskolak, osasun zerbitzu batzuk...; herrian kontsumitzen dute (jatetxeetara joanez, erosketa batzuk eginez...), baina haientzat soilik den saltegi mota bat garatzea ere eragiten dute, eta ez dute interesik industria edo beste gisako aktibitateak gara daitezen.
Frantziako Estatuko leku batzuetan, bigarren etxebizitzen jabeak antolatzen dira, edo estrategiak badira haien bozen biltzeko. Lege-Cap Ferret herrian, adibidez, Arcachoneko arroan: 9.900 bozkatzaile dira, 7.900 biztanle baino gutxiago dituelarik herriak; eta hango militante baten arabera, hautagai batzuk buru-belarri ibiltzen dira bigarren etxebizitzen jabeek hautesle zerrendan izena eman dezaten. Oleron uhartean, berriz, bigarren etxebizitzen jabeek elkarte bat sortu dute, eta argiki militatzen dute haien kideek —eta bigarren etxebizitzen jabeek oro har— uhartean bozka dezaten. Argeles-sur-Mer herrian, urrunago doaz: kasik osoki bigarren etxebizitzen jabeek osatzen duten zerrenda bat muntatu dute gaur egungo auzapezaren kontra joateko, honek bigarren etxebizitzei zerga gehigarri bat aplikatzea erabaki baitzuen; haien Facebook orrialdean ahoan bilorik gabe diote: «Eskubideak ditugu, baina batez ere botere bat: bozkatzearena».
Demokrazia da, azken finean, jokoan dena: gure herrien geroa erabakitzeko eskubidea bertan bizi diren biztanle guziek ukan behar lukete, eta bozkatzeko eskubideak ez luke jabego sakratuari lotua izan behar.