Operazio «mediatikoa» bai, «baina ez hori bakarrik». Hala laburbildu du Amaia Fontang Etorkinekin federazioko kideak iragan maiatzaren 20an Frantziako Poliziak egin zuen kontrol operazio zabala. Prefeturak «immigrazio klandestinoaren kontrako borroka lehentasuntzat» dauka, eta kontrol operazio haren bidez «mugako eremua goitik behera kontrolatzeko» asmoa agertu zuen. Migratzaileen laguntzarako elkarteek salatu dute «komunikazio operazioak» izan zirela, baina Fontangek argi utzi nahi izan du horrez gain ondorio zuzenak dituztela halakoetan atxilotzen dituzten migratzaileentzat: «Ehunka berriz ere igorri dituzte Hegoaldera, beste batzuk Hendaiako atxikitze zentroan hetsi dituzte, eta beste batzuei kanporatze aginduak ezarri».
Ikusi gehiago
Ez da lehen aldia Poliziak halako operazio bat egin duena; otsailaren 18an izan zen gisa bereko lehena. Fabrice Rosay Baionako suprefetak orduan erran zuen «immigrazioaren kontrako borroka [Frantziako] gobernuaren lehentasuna» dela; halaber, Jean-Marc Girier prefetak azaldu zuen Pirinio Atlantikoetako departamendua dela «migrazio klandestino gehien» duen departamendua. Girierrek delinkuentziaren gorakadarekin lotu zuen immigrazioa, gainera; hala adierazi zuen Frantziako Barne ministro Bruno Retailleauk ere, Biriatuko mugan egon zenean, apirilaren 11n.
Laguntza elkarteak eta Ipar Euskal Herriko ezkerreko hainbat hautetsi asaldatu dira deklarazio horien kontra, eta salatu dute immigrazioaren gaia Ipar Euskal Herriko agenda politikoan sartu nahi duela Frantziako Gobernuak. «Neurri populistak dira, eta beste interes batzuk dituzte; besteak beste, 2027ko Frantziako Lehendakaritzako bozetara begirakoak. Ezin ditugu onartu gisa horretako operazioak», deitoratu du Fontangek.
Bidearen «zailtzea»
Migrazio politiken gogortzeak eragin zuzenak ditu migratzaileen bizi baldintzetan, eta haien eskubideak «gero eta murritzagoak» direla ohartarazi du Fontangek. «Eskuin muturraren zerbitzuko den populismoak gaitz guztien hobendun egiten ditu migranteak, eta argiki ikusten dugu eragina: kanporatze agindu gero eta gehiago errezibitzen dituzte, eta egonaldi baimen gero eta gutxiago lortzen». Orain, kontrol operazio handiak erregularki egiten ditu Frantziako Poliziak: mugako pasabide guzietan, autobus eta tren geltokietan, baita bideetan ere. Horrek migrazio bideak «zailtzea» eragiten du, Fontangek dioenez: «Arrisku gehiago hartzen dute, baina argi dena da pasatu nahi badute pasatuko direla. 2018tik Bidasoa ibaiaren inguruan bederatzi pertsona hil dira, eta oraindik gogortzen ari dira kontrolak».
Preseski, Hendaia-Irun (Gipuzkoa) arteko muga administratiboan-eta gertatzen den migrazioaren auzia landu du Asier Urbietak Faisaien Irla filmean, eta Sambou Diaby aktoreak Gipuzkoako Hitza-n kontatu du filmaketan ari zenean Frantziako Poliziak gelditu zuela: «Mugan kontrola jarria zuten poliziek gelditu egin ninduten; ea zer nenbilen galdetu zidaten, eta paperak erakusteko eskatu. Nire frantses kaskarrarekin azaldu behar izan nien pelikula bat grabatzen ari ginela».
«Eskuin muturraren zerbitzuko den populismoak gaitz guztien hobendun egiten ditu migranteak, eta argiki ikusten dugu eragina: kanporatze agindu gero eta gehiago errezibitzen dituzte, eta egonaldi baimen gero eta gutxiago lortzen»
AMAIA FONTANGEtorkinekin federazioko kidea
Fontangen ustez, politika horien gogortzea ez da mugatzen migratzaileen kontrako jazarpenera, elkarte solidarioen kontrakoa ere izaten ari baita. «Argi da ez direla horretara mugatuko; jendarte poliziala nahi dute, eta errepresioa ahulenekin hasten bada, ez da horretan gelditzen». Horregatik, Etorkinekin federazioko kideak uste du «zinezko aldaketa nahi duten» guztiei dagokiela politika horien salaketa egitea. Justuki, hainbat elkartek elkarretaratze bat egin zuten iragan ostiralean Baionako suprefeturaren aitzinean. «Europara babes bila datozen haur, emazte eta gizonen errealitatea ezkutatzen dute kontrol horien eta komunikazio operazioen bidez. Pertsona horiek ez dira nehorentzat arriskutsuak», oroitarazi dute elkarteek.