Gazteek beren gain hartu dute negu honetako maskaradaren antolatzea. Aski berezia da aipatua izateko, ohikoena izaten baita herriko adineko batek ala batzuek akuilatzea eta gidatzea gazteriaren dinamika. Iruriko, Zalgizeko, Ozazeko eta Mendikotako gazteek, aldiz, beren esku hartu dute antolaketa osoa, laguntzaile batzuei dei eginez. Urtarrilaren 18an hasiko dira: barrikadak Irurin egin, eta plazako jokoa Ozazen emanen dute; apirilaren 26an eginen dute azken maskarada, goizean Zalgizen kurritu, eta arratsaldeko emanaldia Mendikotan eskainirik. Oraino ez dituzte salatu artean bisitatuko dituzten hamahiru herrien izenak.
Duela zenbait urteko besta batean, bospasei lagunen artean aipatu zuten maskarada lau herrien artean egiteko ideia, jakinik Iruri eta Zalgize elkarrekin ari zirela aitzinetik. Gero dantza eskolako irakasle Maider Larrorirekin aipatu zutela oroitzen du Marie Arrosagarai Zügün-ek, Kabanaren rola jokatuko duen antolatzaileak: «Baziren haur anitz Mendikotatik, eta ozaztar bat aitzindarietan. Dantza eskolarendako gauza ona da maskarada egitea; gainera, Ozazen eta Mendikotan ez zuten parada handirik egiteko», haren erranetan. Hain izan da urrats handia, ezen 2027an Zalgizek eta Irurik egitekoa duten pastoralean parte hartzera ere gomitatu baitituzte Ozaze eta Mendikota, gazteen bideari jarraikiz.
«Deliberatu dugu behar delarik itzulpena egitea, baina zinez euskara erdigunean ezartzea»
MAIKA ARLAAntolatzailea
Bazen «lagun talde bat» lau herri horietako gaztez osatua, Maika Arla antolatzailearen hitzetan —Arla buhame izanen da neguan—: «Ez bagenu batere batere harremanik ukan gure artean, ez genukeen ideia hori ukanen», trenkatu du. Maider Arrosagarai Zügün xorrotxak umorez gehitu du Zalgizeren eta Iruriren arteko ohiko junta ez zela aski haien belaunaldiarentzat: «Hor ez gara aski gazte; orduan, besteak hartu ditugu», erran du, irriz.
Antolatzaileak
Burutik buru, ardurak oro beren esku hartu dituzte gazteek. Hastapeneko talde sustatzaileak gomita egin zien interesatuak ziren guztiei antolaketa taldeko kide izateko; azkenean, hamabi dira. Hastapenetik bazekiten ez zutela bazter utziko antolaketa, eta helburuak aipatu ditu Argi Üthürriage kerestu eta buhameak: «Gauzak gure maneran eramatea, zenbait aldiz laguntza galdegitea baina gu eramaile izan gaitezen». Herri bakoitzean, laguntzaile batzuengana joan ziren. Laguntzaile horiek dute, adibidez, kargu edo rol banaketa proposatu, baina ez erabat finkatu, Arlaren arabera: «Iritzia eman digute, baina erranez guk dugula azken hitza».

Xorrotxen kantua eta bukaerakoa arizaleek berek dituzte idatzi, elkarrekin. Beste arloetan ere taldean aritu dira, nahiz batzuetan zailago izan, Haitz Capot-Thornari kauteraren ustez: «Denek hitza hartzen dugunez, bortxaz emekiago joaten da, menturaz, oro badakien norbait eta oro deliberatzen duen norbait badelarik baino. Baina gure taldean ez ginen batere prest horrela aritzeko, eta inportantea zen gure ikuspuntua ematea gauza bakoitzean», zehaztu du. Marie Arrosagaraik gehitu du lanak banatu dituztela antolaketa taldeko kideen artean: «Denek badugu zerbait egiteko, baina ez dugu dena hamabiek antolatzen».
Antzerkiaren hautua
Uda hondarrean hasi ziren negu honetan herriz herri emanen duten maskarada prestatzen. Maika Etxekopar antzerkilariarekin kurtsoak hartuz hasi zuten prestaketa, denek ukan zezaten «antzerkia dastatzeko parada», Maider Arrosagarairen erranetan: «Ari ginen beste gisaz ausartzen zirenek saiatuko zutela eta besteek ez; ari ginen beste batzuek ere gustua ukanen zutela, eta hori agitu da, zenbait dantzarik gustua hartu baitute antzerkian». Azken urteetan, bi eskola ikusi dira, bereziki kauteren jokoan: batetik, antzerki anitz egin dutenak eta, bestetik, peredikuari leku zentralagoa eman diotenak. Hastapenetik argi zuten, Capot-Thornarik dioenez, antzerkitik tiratu nahi zutela, «baina ahal bada lekua utziz inprobisazioarendako».
Kabana Handiak, plazan hitza hartzen duelarik, herri bakoitzeko istorioak kontatzen ditu, eta normalean, jendea zuzenki izendatu gabe; herrikoak ez direnarentzat, ulergaitzak izan ohi dira hainbat pasarte. Istorioen berri ez duenarentzat, antzerkia ulergarriago izan daiteke, Maider Arrosagarairen ustez, «mezua pasarazteko beste manera bat eta menturaz irri eginarazteko beste manera bat ere» izanik. Inprobisazioan baliatu nahiko lituzkete antzerki kurtsoetan ikasiak, eta, Arlak erran duenez, manera izan daiteke «erosoago sentitzeko plazan, eta libreago ere bai, azkenean».
«Denek hitza hartzen dugunez, bortxaz emekiago joaten da oro badakien norbait badelarik baino»
HAITZ CAPOT-THORNARIAntolatzailea
Antzerkiaren barnean ez dira kauteren esketx laburrak bakarrik izanen negu honetan; bizi handiagoa eman nahi bailiekete normalean aski estatikoak izaten diren pertsonaia batzuei; jauna, anderea eta laborariak tartean, «gogoa baldin badute», Üthürriageren arabera. Hartzaren pertsonaia ere plazara eramanen dute berriz, baina isila izateko partez «inportantzia» ukanen du, iragarri dutenez. Kerestuen jokoa ere «ezberdina» izanen dela hitzeman dute. Maider Arrosagarai ohartua da zer «xantza» den maskaradan ariko diren gazte gehienak euskaldun izatea: «Parada ematen du inportantzia haboro emateko kargu horiei; badugu pasta», trenkatu du.

Lehen bilkuretatik antzerkiari lekua ematea deliberatu zuten bezala, maskaradako aitzindariek argi zuten balio batzuei inportantzia eman nahi zietela. «Euskara erdigunean izatea» zen horietarik bat, Arlaren hitzetan: «behar delarik itzulpena egitea baina zinez euskara erdigunean ezartzea», hori zuten ideia. Euskaraz ari ez direnek ere galdetu omen dute dena ez itzultzea, belarria ohitzeko. «Giro horretan arrunt sartu dira», Marie Arrosagarairen arabera.
Protokolo feminista
Euskarari garrantzia emateaz gain, protokolo feminista bat ezarriko dute plazetan. Maider Arrosagarai: «Erasoak baldin badira, izan maskaradan ari direnenak ala izan besteenak, izan dadila protokolo bat, eta ondorioak. Logikoa izan da guretako maskarada gune segur bat izan dadin». Karguen banaketan kausitu duten nahasketarekin ere kontent agertu da Arla: «Ageri da neskak eta mutikoak nahasiak direla beti, eta kargurik inportanteetan ez dira beti mutikoak; mailaren arabera egin da».
«Ez gara beti ados denarekin, baina bakoitzak badu bere lekua. Elkar behatzen dugu, eta giro oso sanoa badugu»
MAIDER ARROSAGARAIAntolatzailea
Maskaradak abiatzeko oraino hilabeteak eskas badira ere, lagunarteko giroa begi bistakoa da antolatzaileen artean. Bilkuretan bai, baina bestetan ere ibili dira elkarrekin, Capot-Thornarik kontatu duenez, eta, haren ustez, «horrek ere lotzen du taldea». Üthürriageren hitzetan, «dinamika ederra» sortzen ari da haien artean, eta azpimarratu du mustraketan denak «eroso» egon direla; horren froga zaio isilenak ere «trankil» aritu izana antzerki kurtsoetan, adibidez. Kolektiboki antolatzearen onura aipatu du Maider Arrosagaraik, zailtasunen gainetik: «Ez gara beti ados denarekin, baina bakoitzak badu bere lekua. Elkar behatzen dugu, eta giro oso sanoa badugu».
MASKARADAKO AKTOREAK
- JAUNA: M
ael Arla
ANDEREA: Maialen Bordedebat
LABORARIA: Patxi Leugorri
LABORARISA: Ione Etxart eta Laure Etxegoihen
KAUTERAK:
Haitz Capot-Thornari, Argi Üthürriage eta Xabi Prat.
Kabana Handia: Marie Arrosagarai
Pitxu: Agosti EtxartHARTZA:
Maider Hoki
BUHAMEAK:
Ilora Capot-Thornari, Maika Arla, Amets Arla, Antton Arhantzet eta Petti Üthürriage.
Buhame jauna: Laurentx EtxebehereKERESTUAK:
Antton Arhantzet, Argi Üthürriage eta Xabi Prat.
XORROTXAK:
Maider Arrosagarai eta Bettan Jornet.
AITZINDARIAK:
Maeva eta Amaia Secalot, Alaia Etxeberri, Luisa Lucuix, Alicia Etxebehere, Maddalen Etxebarne, Juantto Ager, Xabi Arhie, Ibai Capot-Thornari, Iluna Oxibar, Maia Jaragoihen eta Esteban Ager.