Pailazoak

Joanes Etxebeste eta Joxe Mari Agirretxe: «Pailazook tresna bat gara haurrei gizarteko errealitateak helarazteko»

Joanes Etxebestek eta Joxe Mari Agirretxek 2012an ezagutu zuten elkar. Geroztik, laguntasunak, pailazogintzak eta 'Goazen!' telesailak batu zituen. Pontxek eta Porrotxek, euren bidea izanik ere, Euskal Herria zeharkatzen dute haurren irrien bila.

Pontx eta Porrotx pailazoak, Sarako plazan, maiatzaren 27an. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebeste 'Pontx' eta Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' pailazoak, Sarako plazan, maiatzaren 27an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Sara
2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haur batek «Pontx!» oihukatu du autoko leihotik balantzaka, Joanes Etxebeste (Sara, 2005) ikusi baitu Sarako plazan. Joxe Mari Agirretxe Porrotx (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) harekin da, eta haurrarengana hurbildu dira biak. «Bazatoz gurekin hegan?», erran dio Agirretxek, baina haurrak, lotsa gorritan, ez dio deus erantzun. «Aitatxori ekarriko diogu astotxo bat eta gu bagoaz, ados?», erran dio ondotik Porrotxek. Haurrak baiezko keinu sotila egin ondotik jin dira Pontx eta Porrotx pailazoak ostatuko terrazara. Biek aspalditik ezagutzen dute elkar:  Ziburuko kolegioan Porrotxek Pontx aurkeztu zuen, eta gaur egun elkarrekin aritzen dira pailazogintzan, nahiz eta bakoitzak bere bidea ukan.

Lehen emanaldia elkarrekin egin zenuten Piarres Larzabal kolegioan? 

JOANES ETXEBESTE: Nik aspalditik ezagutzen nuen Porrotx. Joxe Marirekin lehen aldikotz 2012an hitz egin nuen, Zeraingo aterpetxean, Irrien Lagunen udalekuan. Baina 2016an, 12 urte nituelarik, eta Amalur ikuskizuna estreinatu ondotik, lotsarengatik eta ikaskideen trufengatik planteatu nuen nerabezaroan pailazogintza uztea. Ikusgarri batean, Joxe Marirekin nintzela, arazoa aipatu nion, eta erran zidan kolegiora joanen zela elkarrekin ikuskizun bat egin genezan.

Eta bertan, Porrotxek Pontx aurkeztu zuen.

ETXEBESTE: Bai, magia egin genuen. Biziki urduri nintzen hasi baino lehen, eta saio bukaeran oroitzen naiz puxikak bota genituela Zerutik eskura kantatuz. «Punba punba pun, puxika gora doa/ Punba punba pun, kolpeka kolpeka/Eskutik goi aldera, zerutik eskura, lurra ez ukitzea, hor dago gakoa!» [Biek elkarrekin kantatu dute].

JOSE MARI AGIRRETXE: Guk puxikak banatzen ditugu. Gutako bakoitza puxika bat da. Gutako bakoitzak badauka kolore bat, gutako bakoitzak ematen dio arnasa, egiten dio korapilo bat, eta zaindu egiten du airean manten dadin, eror ez dadin. Metafora gisa erabiltzen ditugu puxikak, elkarren zaintzaz aritzeko eta gure balioak transmititzeko.

Puxikak bota ondotik eta lotsak bazter utzirik, ETBko Goazen!-ek lotu zintuzten?

ETXEBESTE: 2021ean izan zen hori, eta azken casting-a baino lehen erran nion Joxe Mariri telesailean parte hartuko nuela. Ene guraso bat balitz bezala zen kontent!

AGIRRETXE: Guk asko maite dugu Joanes. Oso kontziente ginen ezagutu genuenean bere sentsibilitateaz, gaitasunaz eta energiaz, eta euskarari eta gure kulturari dion maitasunaz. Orduan, bidelagun izanik, gure familiako kide bat maitatzea bezala da. Joanes ereina zen, eta guk musuz ureztatu dugu, bidean lagunduz. 16 urterekin Goazen!-en hartu zutenean, bi hilabetez hartu genuen etxean, eta goizetan grabaketetara eramaten nuen, autorik ez zuelako eta oso goiz hasten zirelako.

Pailazoak ikasketa formaletatik kanpo hazten dira?

ETXEBESTE: Goazen! sekulako eskola izan da niretzat gidoiak ikasteko, taldean lan egiteko eta kameraren aitzinean aritzeko. Baina ez hori bakarrik: nire zaletasunak zituen jendea ezagutzea nuen faltan.

AGIRRETXE: Ikasketa formalak pixka bat utzi ditu, baina herrigintzan, euskalgintzan eta pailazogintzan aritzen da.

Sudur gorriak askatasuna ematen dizue?

AGIRRETXE: Bai: gaizki kantatzeko, gaizki dantzatzeko, barre egiteko eta puzker egiteko. Sudur gorria askatasuna eta gozamena da.

ETXEBESTE: Babesa ere ematen digu. Oholtza gainean ibiltzeak ez du erran nahi ez naizela lotsatia. Oholtza gainean anitzetan Pontx ibiltzen da, ez Joanes.

«Babesa ematen digu sudur gorriak. Oholtza gainean ibiltzeak ez du erran nahi ez naizela lotsatia. Oholtza gainean anitzetan Pontx ibiltzen da, eta ez Joanes»

JOANES ETXEBESTEPontx pailazoa
Bide batez, Ipar Euskal Herrian egiten dituzuen ikuskizunetan, zer mezu transmititzen diezue haurrei?

AGIRRETXE: Euskal Herria dela gure herria. Gure herritik munduari ekarpena egin nahi diogu. Azken boladan ingurumenari bizkar emanda bizi gara. Horregatik, Zerua lapurtu dute lan berriaren bidez, ama lurra zaindu behar dugula transmititzen saiatzen gara.

ETXEBESTE: Bai, noski, eta Denak plazara sortzeko inspirazio iturri izan nuen Beskoitzeko ikastola. Ikastola itxi ordez, oholtzan guk herriko denda bat hesten dugu. Paralelo bat egiten dugu Beskoitzeko ikastolaren eta herriko denda baten artean. Beskoitzen bezalaxe, auzapez gaizto batek hesten du denda. Inguratzen gaituzten milaka gai sozialetarik abiaturik, milaka mezu transmititzen ahal ditugu gure ikuskizunetan.

Pontx eta Porrotx pailazoak
Porrotx eta Pontx pailazoak, Sarako plazan, maiatzaren 27an. GUILLAUME FAUVEAU 
Mezu engaiatuak taularatzeko nehoiz baino behar handiagoa dea?

ETXEBESTE: Bai, nehoiz ez baita aski, baina gertatu denaz inspiratzen naiz mezu bat sortzeko. Iparraldean ibiltzen naizelarik, anitzek erraten didate: «Zein ongi, pailazo bat euskaraz entzuten baitugu!». Nik ikusten dut beharra badela, eta horrekin loturiko eskaera ere bai. Jendeak ez du bakarrik pailazo bat nahi: euskaraz ari den pailazoa nahi du. Mezuak lantzen dituen norbait behar da, eta, azken finean, pailazook tresna bat gara haurrei gizarteko errealitateak helarazteko.

AGIRRETXE: Gu, politikaz ari garenean, bizitzaz ari gara. Gure herrian zatituta gauzkate hiru administraziotan. Ipar Euskal Herrian saioak antolatzeko argi dago herriko etxeek ez daukatela baliabide nahikorik kultura sustatzeko. Ondorioz, kulturaren egoera bada horren ondorioa ere. Kasu horietan lan militante bat behar da euskal kultura aitzina eramateko. Maulen egin genuen Amazonia gara emanaldiarentzat, adibidez, sarrerekin moldatu gara; egitura publikoek ez gaituzte lagundu.

«Herrigintzak lan ikaragarria egiten du, baina bakarrik ezin du. Horregatik, garrantzitsua da euskaldun gisa eremu guztietara iristea eta eremu guztietan ahalduntzea, indar egitea»

JOXE MARI AGIRRETXEPorrotx pailazoa
Herrigintzatik pailazo gehiago sortu beharko lirateke Ipar Euskal Herrian?

ETXEBESTE: Oro har, Euskal Herrian badira pailazoak. Baina segur da behar liratekeela gehiago sortu iraultza txikiak eragiteko. Nik ikusten dut, hala ere, oro har euskara ez dakiten familietan eragiteko tresna handia dela pailazogintza. Ikusten dut Pontxen presentzia etxeetan sartzen dela eta, nolabait, haurrentzat Pontx erreferentzia bat izaten hasi dela. Ondotik, haurra hasiko da pailazoa imitatzen eta euskaraz kantuak kantatzen, gurasoak ikuskizunetara ekarraraziz. 

AGIRRETXE: Guri leporatzen digute askotan Euskal Herriak bizi dituen gauza batzuk kontatzeagatik politika egiten ari garela. Baina kontuz: ezer ez egitea ere politika egitea da, ez pentsa! Herrigintzak lan ikaragarria egiten du, baina bakarrik ezin du. Horregatik, garrantzitsua da euskaldun gisa eremu guztietara iristea eta eremu guztietan ahalduntzea, indar egitea. Gutako bakoitzak kolore bat izan dezake, eta oso zilegi da bakoitzak berea izatea, baina oinarri komun bat izan behar dugu ortzadar bat eratzeko.

Ipar Euskal Herria ortzadar horretan non kokatzen duzue?

AGIRRETXE: Gure iparrorratza zarete. Nik pentsatzen dut, Hegoaldetik begiratuta, besteak beste hemengo gazteek azterketak euskaraz izateko egiten duten borrokak sekulako indarra duela. Nahi nuke borroka hori kutsa dezaten Euskal Herriko herri guztietan. Berriz ere, Euskal Herriko periferia da itsasargia.

ETXEBESTE: Oraindik bide anitz egin behar da. Donostiara joan eta Saran bizi naizela erraten dudalarik, galdegiten didate ea Paris ondoan den!

AGIRRETXE: Guk, sudur gorriok, egingo dugu lana sudur gorriak ugaltzeko. Baina behar ditugu estatu egiturak eta botere politiko-juridikoak. Horren bila joan behar dugu konplexurik gabe eta indar harremana eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.