Ez da lehen aldia Spotify musika entzuteko aplikazioak polemika sortzen duela. Hainbat musika taldek eta abeslarik kexa egina zuten artistak gutxiegi ordaintzen zituelako eta adimen artifiziala kontrolik gabe erabiltzen zuelako. Baina uda hasieratik, Spotifyko nagusi Daniel Ek da kritika guzien erdigunean. Helsing Defense armagintza enpresan ia 700 milioi euroko inbertsioa egin izana leporatzen diote: adimen artifizialaren bidez funtzionatzen duten drone militarrak garatzen ditu. Inbertsio horren harira, Spotify uzteko deia luzatu dute hainbat artistak, Helsing Defensek loturak baititu Israelgo enpresa batzuekin. Euskal Herrian, Musikariak Palestinarekin plataformak boikotera batzeko dei egin du, eta Ipar Euskal Herriko hainbat taldek hala egin dute: Xutik, Bloñ, Xak eta Orbel taldeek, besteak beste.
Xutik taldekoentzat, hautua ez da erraza izan, baina Spotify, Apple Music, Youtube Music, Amazon eta Tidal ikus-entzunezko plataformetatik ateratzeko ahalegina egin dute. Peio Iziaga taldeko abeslariarentzat, erabakia «beharrezkoa» zen, plataforma horien jokabidea «onartezina» delako. «Ezin ginen eskuak gurutzaturik egon. Kontzertu guziz Palestinak pairatzen duena salatzen dugu, eta bururaino koherenteak egon behar dugu», erran du.
«Ezin ginen eskuak gurutzaturik egon. Kontzertu guziz Palestinak pairatzen duena salatzen dugu, eta bururaino koherenteak egon behar dugu»
PEIO IZIAGA Xutik taldeko kantaria
Iziagak Atarrabiako (Nafarroa) Naxker taldearen iniziatiba azpimarratu du, eta zehaztu 30.000 entzule zituztela hilabetero plataforma horretan; zenbaki esanguratsua euskal musikaren eszenan. Hala ere, beste talde batzuek ere aurrerapausoa emanen dutela espero du, mundu mailako mobilizazioek garrantzia hartzen duten heinean. Denbora berean, No Music For Genocide (Musikarik ez genozidioarentzat) mugimendua hedatzen ari da. Israelen entzungai diren streaming plataformetan artisten edukiak kentzea du helburu. Euskal Herrian arrakasta duen Kneecap Irlandako taldeak hala egin du berriki.
Bestalde, Spotify aplikazioak musikaren industrian eta batez ere streaming plataformen artean duen «monopolioa» gaitzetsi du Iziagak. Azken datuen arabera, munduan 600 milioi entzuletik gora ditu: «Sekulako indarra du plataformak, baina artistak baldintza ez-duinetan ordaintzeko baliatzen da», salatu du. Horren ondorioz, artisten prekarizazioa bultzatzea leporatu izan zaio maiz plataforma horri.
Kontsumo alternatiboa
Spotify aplikaziotik kanpo, alternatibak proposatu dituzte Musikariak Palestinarekin kolektiboak eta Xutik taldekoek. Besteak beste, Deezer, Qobuz eta Bandcamp plataformetan eta Badok webgunean musika oraindik entzun daitekeela jakinarazi dute. «Qobuzen gisako plataformak sanoagoak dira, eta artistak errespetu handiagoz tratatzen dituzte, baina oraindik ez dira oso ezagunak», azaldu du Iziagak.
Horrez gain, azpimarratu du musika eduki fisikoan kontsumitzea lehenesten dutela. Adibidez, Xutik taldeak disko fisikoak ekoitziko ditu berriz, zuzeneko kontzertuetan saltzeko. Tokikoa lehenetsiz beti, Baionako Züzülü tailerreko Niko Armendarizen serigrafiarekin ekoitzi dute azala. Musikariak Palestinarekin plataformarentzat, kontsumo fisikoa streamingaren alternatiba «jasangarriena» eta «etikoena» da, musika «osotasunean» eta «testuinguru jakin batean» kontsumitzea permititzen duelako.
Iziagak azpimarratu du zuzeneko kontzertuak direla Xutik taldearen lehentasuna. «Diskoak grabatu ditugu, ondotik kontzertuetan zuzenean jotzeko gogoz: zuzenekoa gure gasolina izan da betidanik». Gainera, oholtzara igotzeak bide ematen dio taldeari bere betiko aldarrikapenen zabaltzeko; euskal presoei babesa emateko eta Palestinako genozidioaren salatzeko, batik bat.