Adin eta belaunaldi ezberdinetako emakume askorentzat, luzaz pilula antisorgailua izan da aterabide bakarra zenbait arazori aurre egiteko. Anitz goraipatu da haren eraginkortasuna, hala hilekoaren mina tratatzeko nola kontrazepzio metodo gisa erabil baitaiteke. Baina, zientzia eta osasungintza garatuz joan diren arau, deskubritu dute pilulak bazter ondorio batzuk erakar ditzakeela. Beraz, pixkanaka-pixkanaka, medikuek sistematikoki preskribatzeari uzten diote.Â
Christine Mio Bertelo emagina da Baionako ospitaleko Sexu Osasuneko Zentroan. 1990eko hamarkadan ofizio horretan hasi zenetik gaurdaino, aldaketa franko ikusi ditu. «Gehiago ezartzen dugu zalantzan geure burua. Lehenago, medikuak errandakoa entzun, eta dudatu gabe segitzen genion, bakoitzaren onerako ala txarrerako. Orain, saiatzen gara gure pazienteak ahalik eta gehien informatzen eta aholkatzen eskura diren aukerei buruz», zehaztu du Mio Bertelok. Beraz, pilula antisorgailua bestelako kontrazepzio metodoekin batean aurkezten diete emazteei, eta abantailak eta nahi gabeko efektuak aipatzen dituzte kasu guzietan.
«Pilula antisorgailuaren hautua etekinen eta arriskuen arteko balantzan datza»
CHRISTINE MIO BERTELOÂ Emagina Baionako Sexu Osasuneko Zentroan
Alde batetik, pilula antisorgailua kontrazepzio metodo eraginkorra da: errazki eskura daiteke, endometriosia artatzeko erabili, eta neska gazteek aukera dute burasoek jakin gabe hartzeko. Hortakotz, gaur egun gehien erabiltzen den kontrazepzio metodoa da preserbatiboaren ondotik. Alta, ikerlariak ohartu dira nahi gabeko efektuak eragin ditzakeela. Posible da pilula antisorgailua hartzeak bularreko eta buruko minak eragitea emazteei, baita gohaindurak eta odol galtze irregularrak ere. Epe ertain eta luzera begira, gainera, minbizi arriskua emendatzen du, CIRC Minbizia Ikertzeko Institutuaren arabera.Â
Hautu pertsonala
«Pilula antisorgailuaren hautua etekinen eta arriskuen arteko balantzan datza», trenkatu du Mio Bertelok. Hortaz, emaginaren, ginekologoaren edo medikuaren rola da emaztearen beharretara egokitzea eta hark nahi duena errespetatzea. Garazi Cristobal medikuak ikuspuntu bera du. «Emazte bakoitza mundu bat da. Bakoitzaren gogoak eta beharrak entzutea da gure rola. Beti lehenetsi behar ditugu informazioa eta komunikazioa». Ondorioz, hautuaren inguruko azken hitza emazteak ukan behar duela segurtatu du Cristobalek. Azpimarratu du pilula antisorgailua hautatuz gero lehentasunezkoa dela «zertarako eta nola erabiltzen den ongi jakitea».
«Askatasuna eta ongizatea bermatu behar ditugu», nabarmendu du medikuak, eta azaldu lehengo belaunaldietan zailtasun gehiago zituztela baldintza horiek segurtatzeko. Cristobali iruditzen zaio intimitatea eta sexualitatea errazago aipatzen direla egun, eta horrek garrantzia du antisorgailuen inguruko informazioa emateko tenorean. Bestalde, iruditzen zaio hogei urteotan emazte ginekologoak azkarki ugaritu direla, eta lehenago gizon gehiago zirela. Bada, preseski, uste du emazteak libreago eta erosoago sentitzea erraztu duela aldaketa horrek.
«Emazte bakoitza mundu bat da. Bakoitzaren gogoak eta beharrak entzutea da gure rola. Beti lehenetsi behar ditugu informazioa eta komunikazioa»
GARAZI CRISTOBALÂ Medikua
Emazteek bizi izandakoek eta haien inguru afektiboaren esperientziak asko eragiten dute, Mio Bertelok kontatu duenez. Iritzi berekoa da Cristobal, uste baitu esperientzia sexualek ezinbesteko tokia dutela kontrazepzioa hautatzeko tenorean. Horrenbestez, emazte bakoitzaren traumak eta bizi izandako jazarpenak ere kontuan hartu beharrekoak dira antisorgailu baten edo bestearen alde egiteko. Mio Bertelok erran du bere metodologiaren barnean funtsezkoa dela dimentsio enpirikoa. Gehienetan, ordu bateko kontsulta bat egitea proposatzen die emazteei: denbora hartzen dute metodo bakoitza banan-banan aurkezteko, irizpide zientifikoak kontuan hartuz eta eraginkortasunaren arabera. Tratamendu bakoitzaren alde onak eta txarrak argi izan behar ditu pazienteak. «Helburua da aukera guzien proposatzea emaztearen ezaugarri eta gogo espezifikoei egokitzeko», azaldu du Mio Bertelok.